Artistas en Ruta: 2019ko udaberrirako talde hautatuak

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-10-18

AIE erakundeak (Entidad de Gestión de los Artistas Intérpretes o Ejecutantes de la música) antolatzen duen Artistas en Ruta estatu mailako zirkuituak jada aditzera eman ditu 2019. urteko udaberrian zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzten euskal taldeak: Elkano Browning Cream, Ekiza eta La Furia.

AIE erakundeak (Entidad de Gestión de los Artistas Intérpretes o Ejecutantes de la música) antolatzen duen Artistas en Ruta estatu mailako zirkuituak jada aditzera eman ditu 2019. urteko udaberrian zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzten euskal taldeak: Elkano Browning Cream, Ekiza eta La Furia.

Horrez gain, 2018. urteko udazkenerako aukeratuak izan ziren hiru euskal taldeak – Anita Parker, Muskulo eta Pet Fennec – dagoeneko kontzertuak eskaintzen ari dira estatuan zeharreko areto ezberdinetan.

Musika estilo guztiz ezberdinetatik edaten duten taldeak dira hautatutako hiruak. Batetik, Willis Drummond taldetik datorren Jurgi Ekiza Baionarrak bere rock-izaera apaldu nahi izan du estilo askoz ere intimistago eta akustikoagoa duen Ekiza egitasmoan. Euskal Herria, Frantzia eta Erresuma Batua uztartzen dituen Elkano Browning Cream taldeak, bestetik, batik bat jazzetik edaten duen arren, ukitu oriental eta afrikarrez beteriko musika erritmikoa jorratzen du. Azkenik, La Furia rap abeslari nafarrak indarrez eta letra oldarkorrez betetako hip-hopa eskaintzen du. 

Zuzeneko musika estatu mailan sustatzeko xedea duen programa da Artistas en Ruta, eta helburu hori betetzeko zuzeneko emanaldiak antolatzen dituzte musika areto ezberdinekin elkarlanean, hainbat hilabetez luzatzen diren zirkuituetan. Fase bakoitzerako taldeak, estatuko ordezkari anitzek osaturiko epaimahai batek aukeratzen ditu aldez aurretik. Etxepare Euskal Institutuak AIErekin duen hitzarmenari esker, euskal musikarien presentzia beti bermatua dago.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu