Euskal arte eszenikoak, Max Sarietan garaile

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-06-06

“Egizue dantza. Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko! Gora herria!” Pozez jaso zuen Jon Maya dantzariak bart gaueko arte eszenikoen Max sarietako galan Dantza Ikusizun Onenari saria. Eta bazuen zer ospatua, izan ere berak zuzendutako Kukai Dantza Taldeak zituen 7 izendapenetatik 3 eraman zituen etxera. Eta ez ziren euskal ordezkaritzak lortutako aitortza bakarrak izan: Marie de Jongh konpainiak eta Ainhoa Santamaria aktoreak eskuratu zituzten sariak Valentziako Palau de las Arts aretoan ospatutako gala hunkigarrian. Ángel Ruiz eta Alfredo Sanzol nafarrek ere Max bana eraman zuten.

Oskara ikuskizunagatik lortu zituen sariak Errenteriako konpainiak; orotara, 3: Dantza Ikuskizun Onena, Dantza Talde Onena (Jon Maya, Eneko Gil, Martxel Rodriguez, Ibon Huarte, Urko Mitxelena, Alain Maya eta Jonatan Lopez) eta Jantzien Diseinu OnenaIraia Oiartzabal jostunarentzat izan zen azken hori-. Marcos Morau koreografoa eta La Veronal konpainiarekin batera sortu zuten ikuskizuna Kukaikoek, eta 2016ko urtarrilan aurkeztu zuten Donostia 2016 kultur hiriburutzaren testuinguruan. Euskal Herriko tradizioa eta dantza garaikidea uztartzen ditu lanak, kulturak gugan duen eraginari buruz hitz eginaz.

Ez da, ordea, lehen Max saria izan konpainiarentzat: 2015ean ere irabazi zuten Dantza Talde Onenaren Max saria, eta 2009an, Errebelazio Saria Tanttaka Teatrorekin sortutako Hnuy Illa lanagatik.

Gaueko protagonistak izan baziren ere, Kukaikoak ez ziren izan aitortza eskuratu zuten euskaldun bakarrak. Bizkaiako Marie de Jongh konpainiaren Amour lanak Umeentzako edo Familientzako Ikuskizun Onenaren saria lortu zuen. Jokin Oregik zuzentzen du 2008an sortutako konpainia, eta bera ere Eszena Zuzendaritza Onenaren sarirako zen hautagai.

Azkenik, Ainhoa Santamaria aktoreak (Gasteiz, 1980) Taldeko Emakumezko Onenaren saria eskuratu zuen, La estupidez obran egindako lanagatik. Alfredo Sanzol zuzendari iruindarrak ere Antzerki Egilerik Onenaren aitortza eskuratu du La Respiración lanagatik eta Ángel Ruiz aktore nafarrak Aktore Onenaren Saria eraman du Miguel de Molina al desnudo lanagatik.

20. edizioa izan dute aurten SGAEK antolatutako eta arte eszenikoak omentzen dituzten Max sariek, eta euskararen aldeko mezuak ere  entzun dira bertan; besteak beste, Jon Maya dantzariak Gernikako bonbardaketa izan zuen gogoan, Izan ere, konpainiak Gernika-Guernica obra estreinatu du aurten, bonbardaketaren 80. urteurrenean. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu