Haizea Elizondo - Mexikoko irakurlea: "Zera eskaini nahi dugu: euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko eskola eta giro atsegin eta eraginkorrak"

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-06-27

Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan zehar dituen irakurletzek hainbat puntu amankomunean badituzte ere, leku bakoitzeko irakurleak eta ikasleek egiten dute berezi eta bakar irakurletza bakoitza. Mexikoko UNAM unibertsitate entzutetsuan ari da lanean Haizea Elizondo, euskara eta euskal kultura irakasten. Nola bizi dituzte gure hizkuntza eta kultura bertan? Hona kontatu diguna:

 

Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan zehar dituen irakurletzek hainbat puntu amankomunean badituzte ere, leku bakoitzeko irakurleak eta ikasleek egiten dute berezi eta bakar irakurletza bakoitza. Mexikoko UNAM unibertsitate entzutetsuan ari da lanean Haizea Elizondo, euskara eta euskal kultura irakasten. Nola bizi dituzte gure hizkuntza eta kultura bertan? Hona kontatu diguna:

 

  • Nola definituko zenuke euskara eta euskal kultura irakurlearen figura? 

Labur esateko, Euskal Herriaren eta gabiltzan herrialdearen arteko kultura bitartekari  modukoak gara. Bitartekaritza horrek hiru lan ildo nagusi ditu: geure hizkuntza eta kultura ezagutaraztea, berorren gaineko interesa piztea eta gaioi lotutako bien arteko harremanak bultzatzea eta laguntzea.

Bitartekaritza horrek lan eremu zabal-zabala du eta, irakurletza eta unibertsitate bakoitzak berezitasun jakinak baditu ere. Batetik, diziplina akademiko anitzetan jardun behar izaten dugu eskoletan eta ekintza osagarrietan; bestetik, horri erantzuteko aparteko lan ugari egiten dugu (materialak sortzea, itzultzea, aholkularitza akademikoa, ekintzak antolatzea, ikerkuntza…) eta azkenik, arlo akademikoaz gaindiko beharrak ere izaten ditugu, irakurletzaren ardurari dagozkionak hain zuzen. 

Izan ere, irakurleak berak du irakurletzari buruzko informazio gehien eta ondorioz, berau da irakurletzaren bultzatzaile eta hobetze bidean arduradun. 

 

  • Nolakoa da zure lana egunerokoan? Eta zure esperientzia irakurle moduan?

Nire egunerokoan asteroko eskolak, lan estrategikoak  eta ekintza osagarrietarako lanak izaten ditut nahasian; azken horiez, hurrengoko galdera batean arituko natzaizue. 

Euskara eskolak eta kultura eskolak berezita ditugu gure irakurletzan eta horiek antolatzeko askatasun osoa eduki eta forma aldetik. Unibertsitateko irakaskuntza-lan arrunta da, baina argi dago, baditugu 10.000 kilometrotara egotearen zailtasunak, besteak beste. 

Lan estrategikoak diodanean, irakurletzari berari lotutako lanez ari naiz. Badira erakunde harremanak, kultura diplomazia eta irakurletzari jarraipena egiteko lanak. Esate baterako, atal honetan sartzen dira unibertsitateko arduradunak irakurletzaren balioaz jabearaztea, aliantza estrategikoak bilatzea eta lantzea, lehentasunak zehaztea, hobetzeko proposamenak egitea, bitartekoak bilatzea… Beti da garrantzitsua alderdi hau lantzea. Aipatzekoa da Universidad Nacional Autónoma de México kontinenteko unibertsitate handienetakoa izateaz gain, eskaintza akademiko aparta duela eta arte eta kultura eskaintza itzela duela bere kontzertu areto, zinema, museo eta antzokietan… Dimentsiotan galduta geratu gabe, ikuspegi eta lan estrategikoa ezinbestekoa dira gure irakurletza ikusgarri eta erakargarri egin ahal izateko.

Ni neu zoragarri nabil! Gogoz egin dut lan eta ez da beti erraza eta gozoa izan, hori hala da… Baina niretzat luxu hutsa da hain giro oparoan eta sustagarrian lan egin ahal izatea.  Maila egokian aritzeko beharrak ere emaitza ederrak ematen dizkit eremu pertsonalean. Ekarpen xumea egin eta aldi berean horrela hazteko aukera izatea liluragarria da!

 

  • Zein perfileko ikasleak dituzu? Zerk motibatzen ditu ikasle mexikarrak euskara ikastera? Nola bizi da euskara Mexikon?

Aniztasuna da nagusi ikasleen ezaugarriei dagokionez; 19 eta 83 urte artekoak (gehienak 20 eta 35 urte bitartekoak); unibertsitateko ikasle, unibertsitateko langile eta unibertsitate kanpokoak; oso bestelako ikasketak eginak dituztenak;  generoan ere ez dago nabarmentzen denik… Oso talde heterogenoak izaten dira; joriak benetan!

Ezerk batzen baditu lanerako konpromisoak eta ikastearen gozamenak batzen ditu. Gure ikasleak eredugarriak dira horretan. 

Ikasteko grinak motibatzen ditu. Oso jantziak izaten dira eta gure eskoletara ere jakiteko gogo hutsagatik baino ez dira etortzen gehienak. Hala ere, bada salbuespenik: 70 urteko herriminak ekarritakoa, hizkuntzalari amorratua, euskaldunen batekin maitemindu dena, doktore tesia gure eskolekin osatu nahi duena,  arbaso euskalduna duena, euskal musikazale sutsua… Esan bezala, salbuespen dira.

 

  • Klaseez gain bestelako ekintzak antolatzen dituzue? Esaterako, AEKk, Korrikak eta Etxepare Institutuak elkarlanean antolatzen duten bideo lehiaketa irabazi zenuten iaz. Nola bizi dituzte ikasleek horrelako ekimenak?

Bai, horixe! Ekintzok ezinbestekoak bezain estrategikoak dira irakurletzetan. Ondorioz, unibertsitateak edota institutuak proposatutakoei erantzuten eta bestelakoak ere antolatzen saiatzen gara.

Iazko KORRIKA bideo lehiaketarena, adibidez. KORRIKA bultzatu eta saria lortzeko aukera; saria zer izango eta Euskal Herrirako bidaia eta egonaldia barnetegian! Gure arteko lagun bat joan zitzaigun AEKko barnetegira; zoragarria izan zen bizipena. Dagoeneko hasiak dira datorren urtekoaz galdezka… Espero dugu hurrengoan ere aukera izatea!

Korrikaz gain, euskal idazleren batekin literatura topaketa egiten dugu urtero. Aurten Kirmen Uriberekin izan gara eta aurkikuntza handia izan zen askorentzat; bere lanaz haratago, euskal literaturarako grina itzela piztu zien batzuri. 

Hortaz, bestelako ekintzok harribitxiak dira guretzako. Batetik, gozagarri direlako, eskoletan landutakoak osatzeko eta komunitatea sendotzeko balio digutelako eta bestetik, irakurletza bera agerrarazteko eta elkarlan estrategikoak lantzeko aukera apartak direlako.

 

  • Aurtengo kurtsoetarako izena-ematea ireki berri duzue. Zerekin egingo dute topo bertara matrikulatzen diren ikasleak?

Halaxe da, abuztu hasierara arte ibiliko gara horretan. Esan dudanez, gurean euskara eta kultura eskolak bereiz eskaintzen ditugu. Badago bietako bat ala biak egiteko aukera.

Euskara eskolek komunikazio gaitasuna dute helburu eta ekintzetara bideratutako lanak egiten ditugu. Bestela esanda, euskalduntzearen egungo markoa Mexikora egokitzen dugu eta bizitzan lortu nahi izaten ditugun gauzak euskaraz zelan lortu, horixe ikasten dugu.

Kultura eskolei dagokienez, helburu nagusia euskal gaiak ulertzeko eta interpretatzeko gakoez jabetzea da eta horretarako, badira eduki batzuk ezinbestekoak eta disziplina anitzetakoak direnak, hari kronologikoan lantzen ditugunak. Gainontzekoak taldearen interesaren arabera egokitzen ditugu. Askotariko materialak erabiltzen saiatzen gara: artikuluak, bideoak, literatura, musika,  artea oro har, hemeroteka, sarea. Iturria argituta, denak balio du! Hori bai, ezinbesteko dugu akademikotasuna zorrotz zaintzea.

Hitz batean, zera eskaini nahi dugu: euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko eskola eta giro atseginak eta eraginkorrak. Osterantzean berez dute euskarak eta euskal kulturak nahikoa eta sobera eskaintzeko! Horiek guztiak deskubritzera gonbidatzen ditugu ikasleok.

 

  • Zein gomendio emango zenioke irakurle berri bati?

Nire ikaspenetan eta bizipenetan oinarrituta hauexek azpimarratuko ditut: 

Jardunari dagokionez, ezinbestekoa da irakurle lanaren dimentsioa eta eman beharreko maila argi izatea. Eskolak eman behar ditugu, kultura diplomazian jardun behar dugu, kultura ekintza osagarriak egin behar ditugu, materialak sortu eta egokitu behar ditugu, irakurletzaren gidaritzaren ardura geuk dugu… Eta jakina, zelako lanak, halako erantzukizuna. Lasai, zorionez halako ekarpena ere badelako!

Jardunari ezinbestean dago lotuta jokalekua. Herrialdea, unibertsitatea eta bertan dugun lekua oso ondo ulertu beharra dago. Beraz, jokalekua aztertu, ulertu eta jarduna horrexetara egokitu.

Edozein lanbidetan bezalatsu, horiez guztiez arduratzeko etengabe ikasten aritzeko prest ere egon behar izaten dugu; bai eskoletako edukiez, bai metodologiaz, bai bitartekoez…

Gauzak horretara, ez dugu ahaztu behar beste hark kantatzen zuena: “…inork ez zidan esan euskaldun izatia zein nekeza dan…”. Bada, ekarri hori euskara eta euskal kultura irakurle baten jardunera. Hartu aintzat hiztun komunitate gutxitua garela eta horrek zeharo baldintzatu izan duela eta baldintzatzen duela gehienetan gure bilakaera, bai herri gisa eta baita norbanako gisa ere. Aztertu eta astindu horri lotutako konplexuak! 

Azkenik, egingo baduzu, ekin gogor eta fin lanari! Bitartean, itzel goza ezazu, zoragarria da eta!

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu