Edinburgoko Fringe Festivalen parte hartzeko deialdia zabalik da
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak, ADDE euskal dantza profesionalen elkartearekin elkarlanean, 2024ko abuztuan ospatuko den Fringe Festival-en (Edinburgo, Eskozia) parte hartzeko deialdia luzatu nahi die euskal dantza konpainia profesionalei.
Etxepare Euskal Institutuarekin garatutako lankidetzari esker, Euskal Herriko dantza taldeen proposamenak ikusi nahi ditu Dance Base – National Centre For Dance-k, 2 euskal konpainia bere egitarauan sartzeko.
Ondorengo baldintzak betetzen dituzten ikuskizunak onartuko dira:
- Aretorako lanak (6 x 9 m eszenatokia).
- Iraupena: 40 minutu gutxienez, 60 minutu gehienez.
- Formatu txikiko lanak (1 - 3 dantzari artean + teknikari 1 gehienez)
- Testu gutxi edo publiko gehienak ulertuko duen hizkuntza.
- Eszenografia eta argiteria xinplea
- ADDEko kidea izatea edo BASQUE DANCE WORKS CATALOGUEean egotea
Jaialdian parte hartuko duten konpainiek 2024ko abuztuaren 5etik 12ra egingo dute egonaldia:
-Abuztuak 5 astelehena joaneko bidaia eta entsegua.
-Abuztuak 6-11 emanaldiak arratsaldez (6 funtzio)
-Abuztuak 12 astelehena itzulera bidaia.
Edinburgh Fringe Festival munduko kultur ekitaldi handienetariko eta garrantzitsuenetako bat da. Urtero ospatzen da Edinburgon, Eskozian, abuztuan zehar, Edinburgoko Nazioarteko Jaialdiarekin batera. Artistentzat oso plataforma garrantzitsua da, bai ikusgarritasunagatik eta baita nazioarteko kulturgileekin Networking aukeragatik, baina konpainiek ahalegin ekonomiko handia eta antolakuntza ona egitea beharrezkoa da ikusgarritasuna izateko. Fringe-ra etortzen diren mundu osoko enpresa gehienek inbertsio ekonomiko handia egiten dute bertan egoteko. Gure kasuan, Etxepare Euskal Institutuaren eta ADDEren laguntzari esker, aukeratutako konpainiek honako baldintza hauek izango dituzte:
- Assembly Festival Fringek emanaldietan jasotako guztizko txarteldegiaren %60 emango die konpainiei. (1.000 eta 1.200 euro artean estimatzen dugu denera)
- Etxepare Euskal Institutuak osoki hartuko ditu bere gain: konpainien erregistro gastua, ostatua, joan-etorriko hegaldia, eta dietak (80€ eguneko).
- ADDEk dantzari bakoitzeko denera 490€ko (BEZ barne) pizgarria ordainduko dio konpainia bakoitzari, babes-poltsa gisa, aurrez faktura bat aurkeztuta.
- Banatzaile/ekoizle/laguntzaile bat jarriko du Etxeparek euskal konpainien promozioan Edinburgon laguntzeko 2 astetan zehar.
Proposamen artistikoak bidaltzea:
Bidali a-aginagaldelopez@etxepare.eus helbidera martxoaren 22a baino lehen (barne) ondorengo informazioa:
- Ikuskizunaren bertsioa osorik ikusteko lotura eta pasahitza (Vimeo, Youtube, …)
- Konpainiaren izena, ikuskizunaren izena, partaideak, kontaktu telefonoa eta posta elektronikoa.
- Aukeraketa DANCEBASEko programatzaileek egingo dute.