Dokumentalak nagusi Bartzelonako ZinemaldiaCat 2021 jaialdian

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-05-27

Bost dokumentalek eta fikziozko bi filmek osatzen dute ZinemaldiaCat 2021 jaialdiaren programazio erakargarria, maiatzaren 28tik ekainaren 6ra Bartzelonan egingo dena, bertako Euskal Etxeak antolatuta eta Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan. ZinemaldiaCatek, jada XVI. edizioan (Itziar Ituño protagonista duen aurtengo kartel ikusgarria Igotz Ziarretak egina da), urtero erakusten du Kataluniako hiriburuan euskal zinema berriaren lan onenen hautaketa bat, alegia, Bartzelonako pantailetan beti ikusten erraza ez den film-sorta.

Alde batetik, hauek dira proiektatuko diren dokumentalak: ´2 urte, 4 hilabete eta egun 1´ (Lander Garro, 2020) intsumisioa gogoratu eta ospatzen duen dokumental bat, soldadutzari desobedientzia zibila egitea helburu zuen mugimendu hura irudikatuz; ´Enero´ (Ione Atenea, 2019), adin helduaren erretratu intimoa, bi emakume oktogenarioren istorioen bidez; Historiako meandroak eta Ione Atenea zinemagile nafarraren amonak

`Hijos de Dios´ (Ekain Irigoien, 2020), 2020ko Zinemaldian aurkeztua, eta gure gizartearen arazoetako bat, etxegabetasuna, pantaila handira eramaten duena; `El Drogas´(Natxo Leuza, 2020) Enrique Villarreal Txantreako musikariari buruzko dokumental biografikoa, haren irudiaren dimentsio guztiak ibai bat balitz bezala aztertzen dituena;  `Bury Us! A Punk Rock Uprising´ (Andrew Nethery, 2021), estatubatuar batek zuzendua, baina ekoizle euskalduna duena, euskal gaia lantzen duena eta protagonistak euskaldunak dituena. Dokumentala Usua eta Koldoren –Niña Coyote eta Chica Tornado rock-and-and-roll duoa- istorio pertsonalen inguruko bidaia bat da, taldearen bilakaera irudikatuz, lokal txikietan jotzetik jaialdi masiboetan jotzera pasa baitira.

Eta bestetik, fikziozko bi film eskainiko ditu ZinemaldiaCatek: ´Nora´ (Lara Izagirre, 2020) euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez filmatutako komedia femeninoa, nolabaiteko kutsu dokumentala duena, eta pertsonaiek inguruarekin duten harremanean sakontzen duena. Beste filma ´Hil kanpaiak´ (Imanol Rayo, 2020) izango da, iraganetik orainaldira doan landa-giroko thrillerra, pertsonaia batzuen bizi-larritasuna irudikatuz, zeinean hitzek baino gehiago isiltasunak pisatzen duten.

 Solasaldiak eta musika zuzenean

Halaber, ZinemaldiaCat jaialdiaren antolatzaileek eztabaidak antolatu dituzte hiru proiekziotan, protagonistak bertan direla, eta, kasu batean, musika emanaldi bat ere eskainiko dute. `2 urte, 4 hilabete eta egun bat´ dokumentalaren proiekzioa Ateneu L´Harmoniarekin elkarlanean antolatu dute, eta amaieran, Lander Garro zuzendariarekin solas egiteaz gain, jatordu batez lagunduta mikro ireki bat izango da, bertaratzen den publikoak derrigorrezko soldadutzaren aurkako esperientziak konta ditzan.

`Hijos de Dios´ filmaren proiekzioa, berriz, Casal del Pou de la Figuera entitatearekin elkarlanean antolatu dute, eurek egin ohi duten dinamika baten baitan. Filma plaza batean eta aire librean proiektatuko da, eta filmaren aurretik mahai inguru bat izango da, etxegabeen gaiaren inguruan.

Azkenik, `Bury Us! A Punk Rock Uprising´ proiekzioari dagokionez, zuzendari eta ekoizleaz gain Niña Coyote eta Chico Tornado protagonistak bertan izango dira, eta solasaldiaren amaieran Sara Zozaya kantariak emanalditxo bat eskainiko du zinema aretoan bertan, Girona zinemetan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu