Euskal zinema Quebec-en ikusi ahalko da irailean

Euskara. Kultura. Mundura.

Euskal zinema Quebec-en ikusi ahalko da irailean
  • 09
    Ira 2021
    24
    Ira 2021
    Montréal

Hilabete osoz, euskal zinema garaikidea protagonista izango da. Hilaren 9tik 24ra, 12 film ikusi ahalko dira Montréalen. Saison Québec – Pays Basque egitasmoaren baitan quebectar eta euskal zinema ziklo bana antolatu dituzte Euskadiko Filmategiak eta Cinémathèque Quebecoisek, eta euskal zinemaren txanda da orain.

Quebeceko zine zikloa apirilean egin zen Donostian eta Bilbon, eta horrek ere ekoizpen garaikidea izan zuen ardatz nagusi. Oraingoan, kanadar hirian proiektatuko dira, Cinémathèque Québécoisen, hurrengo ikus-entzunezkoak:  ‘Tasio’ (1984), Montxo Armendarizena; ‘Vacas’ (1992), Julio Médemena; ‘Ander’ (2009), Roberto Castónena; ‘Amama’ (2015), Asier Altunarena; ‘Un otoño sin Berlín’ (2015), Lara Izagirrerena; ‘Irrintziaren oihartzunak’ (2016), Iratxe Fresnedarena; ‘Handia’ (2017), Jon Garaño eta Aitor Arregirena; ‘Dantza’ (2018), Telmo Esnalena; ‘Oreina’ (2018), Koldo Almandozena; ‘Black is Beltza’ (2018), Fermin Muguruzarena; ‘Hil Kanpainak’ (2020), Imanol Rayorena; eta ‘Erlauntza’ (2020), Mireia Gabilondorena.

Saison Québec – Pays Basque Quebeceko eta Euskadiko hiri nagusietan garatuko den programa kultural eta artistikoa da, eta joan-etorriko izaera dauka. Euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea da helburua eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea jomuga. Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak bideratu dute ekimena.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu