Katedrak

Euskara eta euskal kulturako katedrak, euskal ikasketei buruzko irakaskuntza espezializatua (bereziki, graduondoko mailakoa) eta euskal ikasketei buruzko ikerketa akademikoak sustatzeko tresnak dira eta irakasle espezializatuek edo artistek unibertsitate batean egindako egonaldien bitartez gauzatzen dira. Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko zortzi katedra jarri ditu abian honezkero; guztietan euskal ikasketei buruzko programa akademikoak antolatzen ditu urtero.
- BERNARDO ATXAGA KATEDRA, CUNY, City University of New York (AEB)
Katedra horren xede nagusia euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea da. Bernardo Atxagak berak eman zion hasiera 2011ko irailean City University of New York-eko The Graduate Center-en. Bernardo Atxaga Katedrak euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaintzen du, eta ikasturte bakoitzean New Yorkera ekartzen ditu irakasle gonbidatuak.
2017-2018 ikusturtean Gerra Zibila baino lehen ekoiztutako lehen filmetatik hasi eta gaur egungo zinema garaikidera arte, euskal zinearen 90 urteko ibilbideari begiratu dio programa akademikoak, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariren eskutik.
- KOLDO MITXELENA KATEDRA, University of Chicago (AEB)
Ipar Ameriketako unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea du xede 2012 urtetik martxan den katedrak honek. Chicagoko unibertsitateko Division of Humanities delakoan txertatua dago, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat joaten da bertara, lauhileko batez University of Chicago-n euskal ikasketa humanistikoekin zerikusia duten eskola, mintegi eta hitzaldiak ematera.
2018ko ikasturtean Ricardo Etxepare izan da irakasle gonbidatua. Euskal lingüistikaren inguruko 3 mintegi eskaini ditu, horietako bat Itxaso Rodrguez-Ordoñez eta José Ignacio Hualde adituekin batera.
- EDUARDO CHILLIDA KATEDRA, Johann Wolfgang Goethe Universität, Frankfurt (Alemania)
2013 urtetik dago martxan eta oro har euskal arteari buruzko irakaskuntza espezializatua eta ikerketak sustatzea du helburu Chillida euskal eskultore handiaren inguruko eskolekin abiatu zen, eta 2014-2015 ikasurtean egileari buruzko nazioarteko kongresuaren antolatu zen.
Katedrak Frankfurteko Unibertsitateko Artearen Historiaren Institutuan du egoitza, eta beronek kudeatutako Curatorial Studies direlakoetan ematen dira eskolak. Frankfurteko Arteetako Liburutegiak berariazko atal batean bildu du artistari buruzko bibliografia osoa, Chillidaren obra ikertuko dutenentzat erreferente bilakatuz. Urtero nazioartean garrantzia duen ikertzaile bat gonbidatzen du, mintegia edo hitzaldien zikloa eman dezan, aurretiko edo aldi bereko ikerketen emaitza gisa, ikerketa sustatzea baita, ororen gainetik, helburua. Horrezaz gain, bertako fakultateak konpromisoa hartu du bi urtean behin nazioarteko maila handiko sinposioa egiteko, Eduardo Chillidaren obraren inguruan.
2018ko programa Tobias Vogt Arte Garaikidearen Historia eta Teoriako irakasleak eman du. Burutu dituen mintegiek bi bloke izan dituzte, bata Frankfurten (urtarrilak 13-14 eta 20-21) eta bestea Berlinen (urtarrilak 27-28 eta otsailak 3-4), eta klase teorikoez gain bi hirietara irteerak ere antolatu dituzte. Arteak espazio publikoan duen paperaren inguruan hausnarketa bultzatu du programak, kasu honetan Alemaniako bi hirien arteko alderaketa eginda.
- MANUEL IRUJO KATEDRA, University of Liverpool (Erresuma Batua)
Manuel Irujo Fellowship Katedra,2014-2015 ikasturtean jarri zen abian, eta ikasturtero egiten da. Irakasle gonbidatuak lau hilabeteko ikastaroa ematen du, Euskal Herriko Historia eta Politika landuz. Katedrak aztergai duen gai nagusia euskal erbestea da, honen gaineko ikerketak eta irakaskuntza sustatzea baita bere helburua. University of Liverpool-eko Department of Cultures, Languages and Area Studies delakoan kokatzen da Manuel Irujo Fellowship.
Gainera, unibertsitateko sail beraren babesean, 2013ko azaroan egin den bezala, hurrengo urteetan ere Euskal Herriko zein kanpoko pentsalari eta ikertzaileek Manuel Irujo Lecture izeneko kongresua burutuko dute.
City, Architecture, and Labyrinth: Bilbao’s Appeal izenburupean Joseba Zulaika, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko irakasleak Guggenheim Museoaren arrakastaren giltzarriak aztertu ditu 2018ko programa akademikoan. Horrek jarraipena izan du Bilbao and Liverpool: A Tale of Two Cities in Transformation sinposioarekin. Arantxa Rodriguez (UPV/EHU), Beatriz García (University of Liverpool), Joseba Zulaika (Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno eta Paul Jones-ek (University of Liverpool) parte hartu dute bertan.
- JON BILBAO KATEDRA, University of Nevada-Reno (AEB)
2014an sortua, Katedraren helburua euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea eta horretarako lankidetzan jardutea. Katedrak irakasle bisitari batentzako ikerketa-beka sortu du, Jon Bilbao Visiting Research Fellow, urtero, edo bi urtero berrituko dena. Onuradunak Reno-Nevadako Unibertsitateko (UNR) CBSn izango du egoitza, hori baita Ameriketako Estatu Batuetako euskal diasporaren gaineko ikasketetako irakaskuntza eta ikerketa erakunde nagusia.
2015-2016 ikasturtean Deustuko Uniertsitateko Pedro J. Oiarzabal irakasleak hartu zuen katedra, Memoria Bizia proiektua aurrera eramateko. Horren helburua euren jatorrizko herria utzi zutenen ahozko testigantzak eta oroitzak jasotzea eta horiei zabalkundea ematea da, hala nola helmugazko herrialdeetan jaio diren oinordekoenak, batez ere Estatu Batuak eta Kanadan arreta jarrita.
- ELOISE GARMENDIA KATEDRA, Boise State University (AEB)
2015eko uztailan sinatu zen Eloise Garmendia Bieter Katedra abiarazi zuen hitzarmena. Urtero irakasle ezberdina gonbidatuko duen katedraren oinarriak finkatzen ditu hitzarmen horrek, euskara eta euskal kulturarekin harremana duten gaien irakaskuntza eta ikerkuntza bultzatzeko asmoz.
Katedrak Boiseko alkatearen –David H. Bieterren , euskal lurraldetik kanpo euskara dakien alkate bakarraren amaren izena darama, euskal kulturarekiko izandako konpromisoagatik eta komunitatean jokatutako rolarengatik. Katedra berri honek euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza indartuko du Boise State University-n, Boise hiriko nukleo garrantzitsuaren testuinguruan.
Margaret Bullen Erresuma Batuko antropologoak gidatu du 2018ko programa. Bullen-ek kultur nortasunetan sexua, generoa eta nazioa bezalako kontzeptuak nola gurutzatzen diren eta gizartean zer isla duten aztertu du. Euskal Herriak dituen ezaugarri berezietan jarri du arreta ikastaroak. Halaber, Euskal Herriko errealitatea eta euskal diasporarena alderatu ditu.
- WILLIAM A. DOUGLASS KATEDRA, University of Massachusetts Amherst (AEB)
2016 urtean abiatu da Katedra, euskal antropologiari buruzko ikasketak sustatzea xede duena. Katedraren baitan mintegi bat eskainiko dute urtero, euskal antropologia zein euskal kulturgintzako gaiak jorratuz. Era berean, etorkizunean euskal ikasketak ikasketa plan ofizialean barneratzeko konpromisoa dago. Inaugurazio ekitaldia 2016ko irailaren 26an izan zen, eta William A. Douglass berak eman zion irekiera Katedrari.
2018an Juan Jose Ibarretxe lehendakari eta Agirre Lehendakaria Center-eko (ALC) zuzendaria izan da irakasle gonbidatua, zentro bereko Amaia Agirre eta Gorka Espiau ikerlariekin batera. How to change a country (Herrialde bat nola aldatu) izan du izena University of Massachusetts Amherst unibertsitatean eman duen mintegiak eta bertan Euskadik azken hiru hamarkadetan izan duen bilakaera izan du hizpide Ibarretxek. Unibertsitateko komunitateari zuzendutako mahai-ingurua ere egin da ALCren azken ikerketa proiektuen inguruan hitz egiteko.
- JEAN HARITSCHELHAR KATEDRA, Université Bordeaux Montaigne (Frantzia)
Etxepare Euskal Institutuak eta Université Bordeaux Montaigne unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuten 2016ko irailean Bordelen, euskal ikasketak bertan sustatzearren. Katedra berri honek Jean Haritschelharren ikerketa eremu izan ziren euskal ikasketak, bereziki literatura eta linguistika, eta iberiar ikasketak sustatzea izango du helburu, Haritschelharren beraren izpiritu izan ziren nazioarteko eta mugaz gaindiko harremanak bereziki zainduz.