Musika klasikoa

Euskara. Kultura. Mundura.

Musika klasikoa Musika klasikoa

Euskal musikariek musika jartzen diote munduari. Sortzaile nahiz interpretatzaile, musika klasikoaren esparruan, euskal harrobiak figura nabarmenak eman ditu iraganean eta ematen ditu gaur egun ere bai. Maurice Ravel izan da euskal jatorriko musikagile guztien artean entzutetsuena. Ravelengan bezala, euskal musikagileengan, oro har, joera jakin bat nagusitu da; hain zuzen, Euskal Herritik kanpo, beste hizkuntza batzuetan lan eginda ere, beti eutsi diotela euskal nortasunari. Interpretatzaileen artean, puntako abesbatzak, bakarlariak eta musika instrumentala jorratzen duten taldeak daude. Euskal Herrian musika klasikoak duen garrantziaren isla da, maila sinbolikoan, Eusko Jaurlaritzak, eratu eta bi urtera sortu zuela Euskadiko Orkestra, 1982an. Musikene da, gaur egun, goi mailako euskal kontserbatorioa, Nafarroan Pablo Sarasate Kontserbatorioa eta Iparraldean Maurice Ravel Kontserbatorioa. 

Ilustrazioarekin musika giroa aldatzen hasi zen Euskal Herrian. Orduan heldu zioten musika klasikoa modernizazio bidean jartzeko ahaleginari, Europako eta, batez ere, Frantziako ereduei jarraituz. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea mugimendua eraldaketa haren oinarria izan zen. Gau-ekitaldiak, zaleentzako emanaldiak eta operak antolatu zituzten. Giro hartan jaio zen Juan Crisostomo Arriaga musikagilea. Oso gaztetan hasi zen musika sortzen eta, zendu aurretik, hogei urte zituenean, Pariseko Kontserbatorioko irakaslea zen jada. Arriagaren heriotza goiztiarrarekin Euskal Herriak maisu handia izan zitekeena galdu zuen. Garaiko Madrilgo musika inguruan, jatorri euskalduneko bi musikagile nabarmendu ziren: Blas de Laserna tonadilla eszenikoaren maisua eta Hilarion Eslaba, zeinak erlijio giroko musikatik musika profanorako trantsizioan urrats esanguratsuak egin zituen. XIX. mendean musika erudituaren barruan eskola nazionalistak sortu ziren eta tokian tokiko musika tradizionalari lekua egin zioten; Euskal Herrian, zortzikoari eta jotari. XX. mendean opera nazionala egiten saiatu ziren, euskaraz, baina zarzuelak arrakasta gehiago izan ohi zuen herritarren artean. Jesus Guridiren eta Pablo Sorozabalen zarzuelek sona handia izan zuten. Jose Antonio Zulaika Aita Donostia izan zen euskal musikaren ikertzaile handienetakoa, musikaria ere bai. 36ko gerrak etena eragin zuen eta, gerraostean, Guridi bera, Francisco Escudero, Karmelo Bernaola eta Antton Larrauri izan ziren euskal izen handienak. Gaur egun, Agustin Gonzalez Azilu abangoardiako musikagile garrantzitsuenen artean dago eta Luis de Pabloren lanak mundu osoan estreinatu dira. Biek ala biek esperimentazioaren bideak urratzen dituzte. Gazteagoen artean, Zuriñe Fernandez Gerenabarrena da nazioartean gehien nabarmendu dena. Fernandezek, aurretik Bernaolak egin bezala, zinerako musika sortu izan du; Angel Illarramendiren eta Alberto Iglesiasen lanek ere goia jo dute esparru horretan. 

Interpretatzaileen artean, euskal abesbatzak munduko onenen artean daude. Errepertorioa zabalduz joan dira eta izen handiko musikagileek, euskaldunek ere bai, doinu zaharren moldaerak egin dituzte haientzat. Bilboko Koral Elkartea, Iruñeko Orfeoia eta Donostiako Orfeoia dira nazioartean ospe gehien dutenak. Asko dira, ordea, herriz herri sakabanatutako euskal koruak. Denak bilduta daude Euskal Herriko Abesbatza Elkartean. Bakarlariei dagokienez, operan, Julian Gaiarre tenorearena da iraganeko euskal ahotsik sonatuena eta, egungoa, Ainhoa Arteta sopranoarena, Maria Bayo, Carlos Mena eta Andeka Gorrotxategiren ahotsekin batera. Orkestren artean, Euskadiko Orkestra eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS) dira Euskal Herriko musika instituzio garrantzitsuenak. Nafarroako Pablo Sarasate Orkestrak bezala, pedagogia lan handia egiten dute, gaztetxoekin bereziki. Musika-bandak oso errotuta daude, eta haien artean munduko beste inon ez dauden bandak daude gurean: txistulari-bandak. Txistulariak herriko musikari gisa aitzindariak izan dira Euskal Herrian. Donostia, Bilbo eta Gasteizko txistulari-bandak dira nabarmenenak. Ganbera-talde aipagarrien artean daude Pablo Sorozabal haize-boskotea eta Alos Quartet hari-laukotea. Musika garaikidean, Ensamble Espacio Sincro nabarmendu da.

Nicanor Zabaleta XX. mendeko harpa-jotzailerik onena izan zen. Gaurko egunean, Joaquin Atxukarro piano-jotzailea da euskal interpretatzailerik ospetsuena. Ricardo Odriozola biolin-jotzailea, Asier Polo biolontxelo-jotzailea, Josetxu Obregon zein Alfonso Gomez piano-jotzaileak eta Igor Silgueiro saxo-jotzailea nabarmenduen artean daude. Gazteagoetan Judith Jauregi piano-jotzailea indartsu ari da. Orkestra zuzendarietan, Juanjo Menak eta Inma Sharak nazioartean beren lekua egin dute.

Euskal musika klasikoari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu