Euskal kantagintza: pop, rock, folk

Euskara. Kultura. Mundura.

Euskal kantagintza: pop, rock, folk Euskal kantagintza: pop, rock, folk

Euskal kantagintzak munduari ahotsa jartzen dio. Kantagintza euskal kulturaren sektorerik dinamikoenetakoa da. Etengabe ari dira talde berriak sortzen, diskoak grabatzen eta plataforma digitaletan zintzilikatzen; etengabe ari dira kontzertuak antolatzen Euskal Herriko areto, gaztetxe, kultur etxe, kafe-antzoki edo tabernetan. Askotarikoa da euskal kantagintza eta, gaur egun, ia edozein estilo euskaraz entzuteko aukera dago. Esperientziaren bidez ofizioa ikasi duten beteranoei, musika-eskola eta kontserbatorioetatik ateratako belaunaldiak batu zaizkie. Grabazio-estudio sare zabala dago eta ibilbide luzeko puntako soinu-teknikariak daude. Lehen, euskal taldeak kanpora joaten ziren grabatzera eta, orain, kanpotik datoz Euskal Herrian grabatzera. Euskal pop, rock eta folk musikak ia denerako balio izan du: lirikarako zein aldarrikapen sozial eta politikoetarako, olgetarako zein engaiamendurako, tradizio zaharren berreskurapenerako zein berrien sorrerarako.

Mixel Labegerie-k magnetofoian grabatutako lanaren argitalpenak, 1961an, euskal kantagintza modernoari abiapuntua jarri zion. Gitarra espainola erabili zuen, kantuen hitzak eta doinuak berak sortutakoak ziren eta euskal nortasunaren ukazioaren kontrako protesta-kanta ekarri zuen. Euskal kulturaren ernetze aroa zen, eta, urte gutxiren buruan, Ez dok Amairu kolektiboa sortuko zen Jorge Oteiza eskultoreak hala izendatuta. 1965tik 1972ra herri kantutegi tradizionala gaurkotu zuten eta kanpoko eraginetatik edan zuten kantu berriak sortzeko. Talde hartan musikariak eta idazleak elkartu ziren eta, beren ikuskizunetan, kantua, dantza, txalaparta (euskal perkusio tresna) eta poesia uztartu zituzten beste adierazpide batzuekin. Han bildu ziren Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Joxean Artze eta Jose Anjel Irigarai. 1970ean, diktaduraren amaiera zetorrela-eta esperantza errotu zen. Garaiko protesta-kantagintzak utzitako hainbat kantu euskaldunen memoria kolektiboan arrasto ezabaezina utzi dute. Pantxoa eta Peio, Gorka Knorr, Imanol Larzabal, Gontzal Mendibil eta Maite Idirin izan ziren garaiko kantautore nabarmenenak.

Niko Etxart eta Errobi taldearekin lotzen da euskal rockaren hasiera. Taldeek lekua hartu zieten kantautoreei. Doinu tradizionalei rock sinfonikoa eta folk ingelesa gehitu zizkieten. Itoiz ezinbesteko taldea izan zen. Folk talderik enblematikoena, bestetik, Oskorri izan da. Frankismo osteko bakarlarien artean Ruper Ordorika dago, literaturari lotutako Pott bandako kidea izan zen eta, Ordorikarekin batera, egungo bakarlarien artean Fermin Muguruza, Gari, Anari, Jabier Muguruza, Petti eta Rafa Rueda daude, besteak beste. 1980ko hamarkada rock erradikalaren hamarkada izan zen. Gizartearen ondoezak sistemaren aurkako jarrera inkonformistak eragin zituen eta Londresetik zetorren punk mugimenduaren uhinak euskal musikaren panorama aldatu zuten.  Punk, ska, reggae, hardcore eta rock taldeak sortu ziren. Gaztelania hizkuntza nagusia izan zuten talde gehienek, hala nola La Polla Records, Eskorbuto, Barricada eta Kortatu hasieran. Salbuespenak izan ziren Hertzainak, Zarama eta, gerora, Kortatu bera. Mugimendu hura Rock Radikal Vasco izenarekin ezagutzen da. Ordurako, folk musikaren alorrean, euskal herri-musika berreskuratzeko ahaleginean ari zen Juan Mari Beltran musikaria eta ikertzailea.

Kortatutik zetozen Fermin eta Iñigo Muguruza anaiek Negu Gorriak taldea sortu zuten, eta, 1990eko hamarkadan, hip hop musika eta kultura euskarara ekarri zituzten. Musika estilo gero eta gehiagok tokia izan zuten euskal musikaren eszenan. Ama Say, BAP!!, Beti Mugan, Dut, Sorotan Bele edo  Zazpi Eskale aniztasun berriaren isla izan ziren, nork bere estiloa zekarren. Heavya eta metala iritsi ziren, euskaraz, Su Ta Gar taldearen eskutik eta trikitixak arrakasta handia izan zuen –Joseba Tapia, Kepa Junkera–. Autoekoizpena da herri musikan mende berriarekin sortu den fenomenorik aipagarriena. Egun ez dago eszena homogeneo edo nagusirik, eszena txiki ugari dago Euskal Herrian. Rapa eta musika urbanoan Glaukoma, 2zio, Aneguria, La Basu eta La Furia euskaraz kantatzen ari dira. Jarrera esperimentala erakusten dute Mursego, Amorante, Joseba Irazoki, Maite Larburu eta Ibon RG bezalako bakarlariek. Musika elektronikoan,  Delorean eta Anita Parker. Gitarra elektronikoarekin egindako musikaren erreferentea izan da Berri Txarrak; haiekin, besteak beste, Zea Mays, Lisabö eta Willis Drumond. Pop eta rockean Ken Zazpi, Bide Ertzean, Rafa Rueda, Belako eta Izaki gardenak. Folk musikan, Oreka TX, Korrontzi eta Kalakan.

Urtean 200 lan argitaratzen dira euskaraz. Gehienak CDan, baina LPak indartsu datoz; badok.eus euskal kantagintzari jarraipena egiten dion atariak argitaratutako datua da.

Euskal musikari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu