Arkitektura eta diseinua

Euskara. Kultura. Mundura.

Arkitektura eta diseinua Arkitektura eta diseinua

Euskal arkitekturak eta diseinuak etxebizitza eta objektuen mundua zizelkatzen dute. Gure arkitektoek eta diseinatzaileek betidanik izan dute largabistaren begirada. Euskal mugez gaindi egiten zenari so egon dira, erne, gurera ekartzeko mundua. Orain arkitektura-estudioen aroa da. Izen propioez harago, lan kolektiboa bogan dago. Alde batetik, Donostia arkitekturaren ideia berritzaileen hiri-fabrika da. Horren isla da bertan egoitza duen Euskadiko Arkitektura Institutua eta 2017an abiatutako Mugak Nazioarteko Arkitektura Bienala, baita EHUko Arkitektura Fakultatea bera ere. Bestalde, Bilbon diseinua ekonomia-garapenaren motor izatera iristen ari da apurka-apurka.

Arkitekturan, largabista eskuetan, arrazionalismoa gurera ekarri zuten XX. mendearen bigarren hamarraldian José Manuel Aizpuruak eta Joaquín Labayenek; haien sinadura du, esaterako, Donostiako Klub Nautikoak. Bizkaian, Fernando Arzadunek. Abangoardiaren bigarren aroan Luis Peña Ganchegui, Francisco J. Sáenz de Oiza eta Juan D. Fullaondo aipa daitezke, den-denak Jorge Oteizaren eskultura-teorien gerizpean. Gerora, arkitekto-izarren sasoian, Rafael Moneo da euskal izen nabarmenena; berea da, adibidez, Donostiako Kursaal Jauregia. Arkitekturaren eta ingeniaritzaren arteko balantzan, Jesús Susperregik sortutako ACTX estudioak arkitekto-izarren bermerik gabe, arkitektura pragmatikoagoa izan daitekeela bistan utzi du; Bilboko Miribilla Kirol Jauregiak beren sinadura dauka. Egun, nazioartekotutako arkitekturaren lurraldean, euskal estudioak lehian ari dira. Donostiako VAUMM kolektiboa puntako adibidea da, berena da Basque Culinary Centerra; Bilboko GAZ estudioarena, Donostiako Musikeneren egoitza. Erregionalismo kritikoak ere badu bere tokia euskal arkitekturaren panoraman. 

Néstor Basterretxea artista polifazetikoa izan zen, euskal artearen abangoardiaren ikurretako bat. Diseinu modernoan, hain zuzen altzarigintzan, arreta jarri zuen lehena, BIOK altzari modernoen enpresa sortu zuen 1960ko hamarkadan. Basterretxeak artetik heldu bazion diseinuari, Txema García Amiano euskal enpresatan indarrez sartu zen lehenengotako diseinatzailea izan zen. Diseinuaren arloan hainbat esparrutan aritu da, aukera berriak sortzeko bideak urratzen betiere; egun, diseinu grafikoan lanean ari den TGA enpresaren burua da. Jesús Gasca euskal diseinuaren enbaxadore nabarmena da nazioartean. STUA altzari-diseinu enpresa sortu zuen 1980ko hamarraldian eta haren bitartez beren diseinuak mundura zabaltzen jarraitzen dute. Gure diseinuaren historia gaztea da, industriarekin elkarlanean aritu da luzaroan izaera propiorik izan gabe. Hain zuzen, egungo erronkarik handiena diseinuaren kultura sortzea da. Horretan ari dira Euskal Herriko diseinatzaile elkartea (EIDE), baita diseinuaren esparru gero eta zabalagoan lanean ari diren profesionalak ere, hala diseinu industrialean, grafikoan, gastronomiaren alorrean nola jantzigintzan.

Kristobal Balentziaga eta Paco Rabanne euskal jostun entzutetsuei belaunaldi berriek lekukoa hartu diete modaren alorrean, besteak beste, Miriam Ocáriz, Ion Fiz, Comme des Machines eta Eñaut Barruetabeña, baita New Basque Style joera bultzatzen duten Minimil eta Loreak Mendian diseinu-etxeek ere. Oro har, euskal arkitekturaren eta diseinuaren munduan emakumeen presentzia gero eta nabarmenagoa da. 

Euskal arkitektura eta diseinuari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu