Zinema
Euskara. Kultura. Mundura.

Euskal zinema
Euskal zinemak bilakaera nabarmena izan du azken mendean, Euskal Herriko aberastasun kultural, sozial eta politikoa islatuz. Bere lehen ahalegin zinematografikoetatik ekoizpen garaikideetaraino, euskal zinema euskal nortasuna adierazteko eta gai historiko eta sozialei heltzeko bitarteko bat izan da. Bere hastapenetan, Telesforo Gilen ‘Edurne, modista bilbotarra’ (1924) eta Azkona anaien ‘El mayorazgo de Basterreche’ (1928) bezalako lanek lurraldean zinema-tradizio baten hasiera markatu zuten. Lan aitzindari horiek garaiko testuinguru politikoaren eragina izan zuten, diktadura frankistak tokiko produkzioa mugatu baitzuen ondorengo urteetan.
Hain zuzen ere, Espainiako Gerra Zibilak eta errepresio frankistak ekoizpen zinematografikoa geldiarazi zuten urte luzez. Alabaina, egoera politikoa aldatzen joan zen heinean, euskal zinema diktaduraren azken urteetan esnatzen hasi zen, bereziki trantsizio garaian. Aldi horretan, euskal zinemak identitatea, memoria historikoa eta politika bezalako gaiak jorratu zituen, gizartearen errealitateari buruzko begirada kritiko eta gogoetatsuaren bidez.
Euskal zinemaren urrezko aroa
Diktadura amaitzeaz bat eta demokraziarako trantsizioarekin batera, euskal zinemak berpizkunde bat bizi izan zuen, eta estatu mailako industria-sektore nabarmen gisa kokatu zen. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan bereziki, euskal zinemak ikusgarritasun handia lortu zuen, Montxo Armendarizen ‘Tasio’ (1984) bezalako lanekin, garaiko euskal zinemaren erreferente bihurtu zena. Film horrek, trantsizioko beste ekoizpen esanguratsu batzuekin batera, lurraldeko gai politiko eta sozialen gaineko begirada sakona eskaini zuen.
Une horretatik aurrera, euskal ekoizpenak identitate, elkartasun eta oroimen kolektiboko gaiak ukitzen zituzten gai unibertsalak aztertzen hasi ziren. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Kimuak film laburren programa funtsezkoa izan da zinemagile berriak sustatzeko eta euskal zinema nazioartean zabaltzeko. Horri esker, euskal zinemak proiekzio handia lortu du Euskal Herriko mugetatik kanpo.
Euskal zinema XXI. mendean
Azken hamarkadetan, euskal zinemak heldutasun- eta aniztasun-maila esanguratsua lortu du, eta horri esker, nazioarteko zinemagintzan nabarmendu da. Kimuak loraldi horren erroan koka daiteke. Gutxinaka sona bilduz joan ziren egitasmo horren baitako euskal produkzioak, telebistetan emanda eta mundu guztiko salmenta-agenteak erakarriz. Hasierako talentu sortzaile horrek film luzeetarako jauzia egin du eta luzea da Kimuak-etik igaro den zuzendarien zerrenda. Belaunaldi horren baitan, aniztasuna izan da nagusi, eta askotarikoak jorratutako generoak.
Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako ‘Handia’ (2017) filmak, besteak beste, sari entzutetsuak jaso ditu, hamar Goya sari barne. Altzoko erraldoiaren istorioa kontatzen duen lan hau euskal zinemak kalitate artistikoarekin eta gai unibertsalak tokiko ikuspegitik aztertzearekin duen konpromisoaren adibiderik behinenetakoena da.
Euskal zinemak nabarmen handitu du bere esparrua. Gero eta emakume zuzendari gehiago azaldu dira, eta horien filmak nazioarteko emaitza historikoak lortzen ari dira, hala nola, Estibaliz Urresolaren ’20.000 especies de abejas’ luzemetraiaren eskutik. Euskal zinemagileek narratiba fresko, garaikide eta askotarikoarekin duten konpromisoa islatzen dute euren lanetan. Ia ez dago euskal zinemagileak ausartzen ez diren zinema-generorik. Plataforma digitalen garapen itzelak filmatutakoaren oihartzuna biderkatzen du, eta horren kontzientzia iritsi da Euskal Herrian filmatzeko kultur politikara.
Nazioarteko jaialdietan presentzia
XXI. mendeko lehen laurdena bete delarik, euskal zinematografiak osasun ona du eta urrats sendoz egiten du aurrera. Euskal talentu askori etengabe eskatzen ari zaie beren lan entzutetsua beste zinemagintza batzuetatik. Hori horrela izanik, euskal zinemak nazioarteko jaialdietan duen presentziak gora egiten jarraitzen du, eta lortutako sariak lurraldeko zinema-industriaren arrakastaren lekuko dira.
Euskal zinemari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.
Lotutako edukia
-
Liburua: euskal zinema
Euskal zinemaz gehiago jakin nahi? Deskargatu doan liburu hau. (Euskara – Frantsesa). Euskara - Gaztelania eta Euskara - Ingelesa bertsioak eskuragarri dituzu webgunean gaztelaniaz eta ingelesez nabigatuta.
-
Basqueculture.eus
Sartu Basqueculture.eus webgunean eta inspira zaitez gure kultura eta gizartearen inguruko artikulu eta istorioekin.
-
10 things to know about Basque culture
Ez da erraza herrialde bateko kultura hain liburuxka txikian biltzea. Honako hau zertzelada batzuk eskaintzeko saiakera da, jakin-mina pizteko eta euskara, euskal kultura eta euskal sorkuntza garaikidea ezautzera emateko.
-
Euskadiko Filmategia
Euskal Herriko ikus-entzunezko ondarea kontserbatzeko eta ezagutzera emateko premiak bultzatuta, Donostiako Tabakaleran, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, dago kokatua.
-
Donostia Zinemaldia
Donostia Zinemaldia Espainiar estatuko eta hispanoamerikako zine festibal garrantzitsuena da, baita Europako zaharrenetakoa eta ospetsuenetakoa ere.