Zer da euskara?

Zer da euskara?

Euskara Pirinioen mendebaleko bazterrean hitz egiten da, Espainiaren eta Frantziaren arteko mugaz gaindi. Azken datuen arabera, hiru milioi ingurutik, ia 900.000 pertsona gai dira euskaraz mintzatzeko Euskal Herri osoan.

Euskara. Kultura. Mundura.

Euskararen banaketa geografikoa

Euskara Pirinioen mendebaleko bazterrean hitz egiten da, Espainiaren eta Frantziaren arteko mugaz gaindi. Azken datuen arabera, hiru milioi ingurutik, ia 900.000 pertsona gai dira euskaraz mintzatzeko Euskal Herri osoan.

Euskal Herria: euskararen lurraldea

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa dira penintsulako euskararen lurraldeak. Iparraldean, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa. Zazpi herrialde horiei deritze Euskal Herria euskaraz.

Euskalki-aniztasuna

Euskal dialektoen arteko aldea oso nabarmena da. Europa osoan, agian beste lurralde txiki batean bakarrik, Eslovenian, da hain begi bistakoa dialektoen aniztasuna. Euskaldunek kontatu ohi dute, ondoko herrira bizitzera joan bezain laster konturatzen direla beren jaioterriko eta auzo-herriko hizkeren arteko ezberdintasun nabarmenaz. Louis-Lucien Bonapartek, Napoleonen ilobak, 1863an, euskalkien lehenengo mapa prestatu zuen non zortzi euskalki aipatu zituen. Gaur egun, Koldo Zuazo linguistak egindako sailkapenak bost taldetan banatzen ditu: mendebalera, erdialdekoa, nafarra, nafar-lapurtarra eta zuberotarra.

Euskarari buruzko hipotesiak eta jatorria

Euskara genetikoki isolaturiko hizkuntza da, eta, sailkatzerik ez daukaten hizkuntzekin gertatu ohi den bezala, bere jatorriaz ere hipotesirik bitxienak garatu dira historian zehar. Hipotesi klasikoen eta modernoen artean, frogatu daitekeen teoria bakarrak euskara eta egungo Frantziaren hego-mendebalean mintzatzen zen akitaniera lotzen ditu. Badago duela bi mila urteko froga epigrafikorik, egungo euskararen aurrekaria den hizkuntza bat Akitanian eta Nafarroako toki batzuetan hitz egiten zela adierazten dutenak.

Euskararen kontserbazioa historian zehar

Denboraren joanean, euskarak egiazki frogatu du beste hizkuntza batzuen hitz eta egiturak beretzeko izugarrizko gaitasuna duela. Horrela izan ez balitz, duela mende batzuk desagertuta legoke orain bi mila urte Espainian eta Frantzian hitz egiten ziren beste hizkuntzak bezala. Nolanahi ere, Koldo Mitxelena (1915-1987) linguista gipuzkoarrak zioen bezala: “Euskarak ezkutatzen duen egiazko misterioa ez da haren jatorria, gaurdaino iraun izana baizik”. Are harrigarriagoa da Euskal Herria betidanik beste herri batzuekin pasabidea izan denean eta beste jende batzuekin beti harremanetan egon denean.

Euskararen berpizkundea XIX. mendean

Iraganeko konkistak, aliantzak eta trabak tartean, XIX. mendean berezko hizkuntza duten baina estaturik ez duten Okzitanian, Herrialde Katalanetan eta Galizian bezala, Euskal Herrian ere Pizkundea deitu den mugimendua sortu zen. Anton Abadiak hauspotutako “Koplarien guduak” edo Lore Jokoei esker, euskarak tokia irabazi zuen eta estatuz gaindiko euskaldun kontzientzia sortu zen, gerora euskara berraurkitu eta lantzeko balioko zuena.

Euskararen gorakada XX. mendean

XX. mendeko lehen hiru hamarkadak urrezko urteak izan ziren euskararentzat. 1918an, Eusko Ikaskuntzak lehen kongresua egin zuen, eta 1919an Euskaltzaindia sortu zen, egun euskararen hizkuntza akademia ofiziala dena. Xabier Lizardi poetak eta Jose Ariztimuño "Aitzol"-ek, besteak beste, Euskaltzaleak elkartea sortu zuten, euskara helburu eta ardatz hartuta. 

Euskararen errepresioa diktadura frankistaren garaian

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatutako lurraldeari autonomia eman zion espainiar errepublikak 1936ko gerra hasita zenean. Halere, ez zen aski izan eta fronteko azken euskal gotorlekuarekin batera galdu zuen euskarak bere ofizialtasuna. Francoren diktaduraren herra eta destaina nozitu ostean, 1960ko hamarraldian, euskara euskal nazioaren arima bihurtu zen; diktadura garaian sortutako ikastolak eta gau-eskolak ezinbestekoak izan ziren. Elbira Zipitria (1906-1982) hasi zen euskara irakasten gerra amaitu eta gutxira, etorkizuneko ikastolei bide eman zien. Gau-eskoletan helduek euskara ikasten zuten eta egungo euskaltegien aurrekari izan ziren. Gaur egun 40.000 bat lagunek ikasten dute euskara euskaltegietan. Ikasgune bien arteko berrikuntza da ez zirela euskara lehen hizkuntza gisa duten ikasleengana mugatzen, baizik eta Euskal Herri osoko ikasleak hartzen baitzituzten, euskera mendeetan zehar mintzatzen ez zen tokiko ikasleak barne hartuta, bai eta lehen hizkuntza gaztelania zein frantsesa zuten ikasleak ere. 

Euskarazko literatura

Euskarazko lehen lanak

Euskarazko lehenengo liburua Bernart Etxeparek idatzi zuen 1545ean, ´Linguae Vasconum Primitiae´. Aurretik glosa laburrak idatzi zirela badakigu, XI. mendekoak agertu baitziren. Bigarrena euskarazko lana itzulpena izan zen, 1571n, Joanes Leizarragak Testamentu Berria euskaratu zuela. Joan Perez Larrazagaren narrazio eta olerkiak ere aurkitu dira, 1567-1602 urte artean idatzitakoak.

Euskara modernoaren batasuna

Orduz geroztik euskarak, euskalki batean zein bestean, tradizio literario etengabea landu du. Azken aldian, abiadura biziz euskara batua sortzeko prozesuagatik beragatik. Euskaltzaindiak 1968an ezarri zituen euskara batuaren oinarriak. Hizkuntza estandarizatua administrazioan, hezkuntza sisteman, hedabideetan eta, oro har, literaturan erabiltzen da. 1968an 93 liburu argitaratu baziren euskaraz, 2017an, 2.267 plazaratu ziren.

Euskararen egungo egoera

UNESCOk euskara egoera ahulean dagoela dio, batez ere Nafarroan eta Iparraldean. Jakite-maila gora doan bitartean, erabilera mantsoago doa. Aitzitik, mintzairak arte adierazpenetarako, unibertsitaterako, hedabideetarako, zientziarako eta teknologia berrietarako sarbidea dauka, eta mendeetako ohiturari jarraituz, euskararen iraupena bermatuta dago.

Euskarari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu