Kultur diplomazia

Kultur diplomazia

Euskara. Kultura. Mundura.

Etxepare Euskal Institutua Euskadiren kultur diplomaziarako eta nazioarteko kultur harremanak garatzeko tresna da. Herri eta pertsona ezberdinen artean elkarrizketa zubiak eraikitzeko eta, bere balio eraldatzailearen bitartez, egungo erronka globalei heltzeko kulturak duen gaitasuna aldarrikatzen dugu, eta ezagutza, baloreak eta ikuspuntuak partekatuz, elkar ezagutza sustatzea eta lankidetzarako aukerak sortzea dugu helburu.

Europar kooperazioa

Etxepare Euskal Institutua eragile dinamikoa da europar testuinguruan, Euskadiren kanpo kultur ekintzaren europar dimentsioaren adierazle, eta Europar Batasunak babesten dituen hainbat proiektutan hartzen du parte.

EUNIC (European Union National Institutes for Culture) sarearen baitan Bruselako klusterreko kide elkartua gara 2015 urteaz geroztik (estatu bat ordezkatzen ez duen lehen Institutua izan ginen sarean sartzen) eta lankidetza estua dugu Europako gure homologoekin. Belgikan presentzia iraunkorra duten EBko kultura-erakunde nazionalekin batera, kultur proiektu aldeaniztunetan egin dugu lan, euskal kultura eta sormen sektoreari ikusgarritasuna emanez eta Europako kultur diplomaziaren estrategiarekin bat eginez. Europako interes komunetan oinarritutako ekintzak antolatzen laguntzen dugu eta, besteak beste, Bruselako Fête de la BD komiki azokan, Foire du Livre liburu azokan eta Transpoesie poesia jaialdi bezalako egitasmoetan hartzen dugu parte.

Aquitaine.eus da Etxepare Euskal Institutuaren Europa mailako lankidetza islatzen duen beste proiektu bat. Egitasmo honen helburua bikoitza da. Batetik, mugaren bi aldeetako euskal artisten presentzia sustatzea Akitania Berriko jaialdi eta kultur programazioetan. Bestetik, Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriko sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko kooperazioa bultzatzea. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen (9 milioi biztanle eta Europar Batasuneko populazioaren %2) baitan garatzen den proiektu honetan Nafarroako Vianako Printzea Erakundea, Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundea (EKE) ditugu bidaide.

Halaber, Espainiar estatuko kultur institutuekin (Instituto Cervantes, Institut Ramon Llull eta Consello da Cultura Galega) elkarlana sustatzen dugu.

#KulturKonexioak

Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura eta munduko beste kulturen arteko elkarrizketa sustatzen du Kultur Konexioen bidez.

Euskal sortzaileak eta kultur eta sormen sektoreko profesionalak mundu osoan barrena dabiltzan arren, Eusko Jaurlaritzak, Euskadi-Basque Country estrategiaren baitan, Euskadiren kanpo harremanetarako eta nazioartekotzerako estrategikotzat identifikatutako lurraldeei modu berezian erreparatzen diegu eta bereziki sustatzen ditugu jarduerak lehentasunezko herrialdeetan Euskadiren profila indartzen eta kultur eta sormen sektorearentzat posizio on bat ezartzen laguntzeko. Halaber, lehentasunezko herrialdeekin lankidetza kulturalari buruzko aholkularitza eskaintzen dugu.

Kultur Konexioen helburua da nazioarteko harreman horietan kultur dimentsioa txertatzea, herrialde eta kultura horiekin loturak estutu harreman iraunkorrak bideratzea, sortzaile eta kultur eragileen artean zubiak eraiki eta lankidetza sendotzea, eta eremu kultural eta akademikoan hartu-emana sustatzea. Eta Etxepare Euskal Institutuari dagokio programa hauek diseinatu eta garatzea.

#KulturKonexioak: Scotland Goes Basque 2019

#KulturKonexioak: Saison Québec - Pays Basque 2021-2022

#KulturKonexioak: Vlaanderen- Baskenland 2023-2024

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu