2023ko Patronatuaren bilera
Euskara. Kultura. Mundura.
Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da gaur goizean Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuaren bileran, Lehendakaritzaren egoitzan. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak ere parte hartu dute ekitaldian. Larrazak Etxepare Euskal Institutuan azken urtean egindako jardueren berri eman du, baita datozen hilabeteetako jarduera-ildo nagusien berri ere.
Lehendakariaren agurraren ondoren, eta aurreko bileraren akta jakinarazi ondoren, Institutuko zuzendariak urteko kontuak eta 2022ko kudeaketa-txostena azaldu dizkie patronatuko kideei, baita 2023ko bigarren seihilekoan burutuko diren ekintzak ere.
2022. urtean zehar 200tik gora kultur jarduera, emanaldi edo ekintza sustatu ditu Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan zehar. Mugikortasuneko dirulaguntzek, berriz, 271 onuradun izan dituzte, eta orotara 17 liburu itzuli dira beste hizkuntzetara Institutuaren laguntzaz.
Bestalde, Euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzaren alorrean, 2022. urtean zehar abian jarritako euskal ikasketen hiru katedra berriak nabarmendu ditu Larrazak. Bata Galesen, University of Trinity St. David unibertsitatean, soziolinguistikaren ikerketa sustatzen duena; bestea Montrealen, McGill unibertsitatean, euskal ikasketen irakaskuntza eta kultur berrikuntza lotzen dituena; eta hirugarrena Bakersfielden, California State unibertsitatean, ikerketa eta sorkuntza proiektuak garatzera bideratuta dagoena.
Gasteizen egindako bileran, Larrazak bereziki azpimarratu du euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatu eta euskal eta nazioarteko arte testuinguruen artean loturak estutzea helburu duen ZABAL programa. 2022an zehar Istanbul, Sao Paulo eta Shanghaiko biurtekoetako komisarioek euskal sorkuntza gertutik ezagutzeko aukera izan zuten. Programa honek emandako emaitzen artean dago, esaterako, June Cresporen parte hartzea 59. Veneziako Biennale-an eta Consonni argitaletxearena Kasselgo Documenta Fifteenen. 2023 egitasmoak aurrera darrai eta emaitzak datozen asteetan aurkeztuko dira.
Larrazak Etxepare Euskal Institutuaren Kultur Konexioak ere izan ditu hizpide, Euskadirentzat estrategikoak diren lurraldeekin kultura eta sorkuntzaren bidez loturak estutu eta harreman iraunkorrak eraikitzea helburu duen lan-ildoa.
Besteak beste, pasa den udazkenean puntu gorena izan zuen Saison Québec-Pays Basque (Quebec- Euskadi denboraldia) programaren nondik norakoak azaldu ditu. Honen baitan, guztira 22 euskal leiho sortu ziren Quebec-eko jaialdi, areto eta kultur guneetan.
Egitasmo honen lekukoa hartu du 2023an Euskadik Flandriarekin duen kultur lankidetza programak, eta horren xehetasunak eman dizkie Larrazak patronatukideei. 2021 eta 2022an flandriar eta euskal kultur eragileen arteko topaketak burutu ostean, 2023an 11 proiektu gauzatuko dira Vlaanderen – Baskenland programaren baitan.
Bestalde, 2023an Euskadin eta Japonian garatuko den aldebiko kultur-programa azaldu du Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak. Urte hasieratik abian dira euskal kultura eta diziplina guztietako sorkuntza Japonian sustatzeko, eta japoniar kultura Euskadin erakusteko ekintzak.
Aipatutako hiru lurraldeak (Quebec, Flandria eta Japonia) lehentasunezko bazkideak dira Euskadiren nazioartekotze estrategian.
Amaitzeko, epe-laburrerako erronken artean, Larrazak adierazi du Institutuak sustatutako programa eta jardueren inpaktua neurtzeko sistema baten beharra, Kultura Sailarekin eta kulturako sektoreekin elkarlanean landuko dena. Gainera, Euskadik munduan zehar dituen delegaritzen elkarlana egituratzeko lan ildoa aurkeztu du. Horrekin batera, eraldaketa digitalaren bidean emandako pausoak azpimarratu ditu, bereziki proiektu kudeaketa, komunikazioa eta online irakaskuntzan.