“Alan R. King katedrak aukera eman digu galestarren eta euskaldunen arteko esperientzia-trukea benetakoa izan dadin”
Euskara. Kultura. Mundura.
Alan R. King katedrako lehen ikertzailea da Imanol Larrea, eta modu oso positiboan ebaluatu du Etxepare Euskal Institutuak eta University of Wales Trinity Saint David unibertsitateak abiatutako akordioaren emaitza. Euskal soziolinguistikaren inguruan berri emateko hitzaldiak eman ditu, bertako egoera ezagutzeko aukera izateaz gain.
Zehazki, euskal soziolinguistikan hizkuntza ohiturak aldatzeko Soziolinguistika Klusterretik egin duten lanaren berri eman du Galesen, euskal testuingurua ulertzeko osagaiak emanez. Izan ere, Imanol Larrea Mendizabal Soziolinguistika Klusterreko Bulego Teknikoaren zuzendaria da. Soziolinguistika Klusterraren helburuak, estrategiak eta proiektuak kudeatu eta garatzen egiten du lan.
Katedra aurkezteko antolatutako egitarauak atal akademikoa eta atal kulturala izan zituen, eta Larrea izan zen lehenengo zatiko protagonista nagusia. Soziolinguistika Klusterrean egiten duten lanaz jardun zen, euskal testuingurua ulertzeko osagaiak emanez parte hartzaileei.
-Zer moduzkoa izan da Alan R King katedran parte hartzea?
-Urrian joan nintzen Galesera, sei asteko egonaldia egitera. Urteko sasoi onean bidaiatu nuen, beraz. Baina horretaz harago, esperientzia oso polita izan da eta harrera oso ona jaso dut maila guztietan. Haiek gu oso ondo ezagutzen gaituzte, ezagutu dudan jende asko Euskal Herrian izandakoa da, eta konexio hori ezagutzea plazerra izan da. Klusterretik uste dugu funtsezkoa dela galestarren eta euskaldunen arteko esperientzia-trukea, alderdi askotan oso antzekoak garelako. Alan R. King katedrak aukera eman digu truke hori benetakoa izan dadin. Orain erronka izango da hasitakoari jarraipena ematea, harreman puntutik aurrera egitea.
-Zein izan da Galesen egindako egonaldiaren xedea?
-Bi ekintza nagusi egin ditugu: ‘Hizkuntza ohiturak aldatzeko ikerketa soziolinguistikoa Euskal Herrian: hainbat esperientzia / Euskal Herria eta Gales: hizkuntza ohiturak aldatzeko ikerketa soziolinguistikoa elkarrekin eraikiz’ hitzaldia Galesko liburutegi nazionalean, batetik, eta mintegia Cardiffen, bestetik. Lehenengoarekin saiatu naiz hizkuntza ohiturak aldatzeari begira Soziolinguistika Klusterrean egiten ditugun ikerketen berri ematen. Hau da, zer eta nola egiten dugun. Horretarako, euskal testuingurua azaldu behar izan diet, kontestua emateko edukiari.
Cardiffen, bestalde, blokeka eta gaika sakondu dut Klusterraren proiektu horietan, eta hausnartu dugu elkarlanerako aukeren inguruan. Halaber, formazio-saioak egin ditugu bertako graduko eta graduondoko ikasleekin eta galestar irakasleekin: Euskal Herriko hezkuntza ereduak aztertu ditugu eta galesa irakasten dutenekin helduen alfabetatzearen inguruan aritu gara, adibidez.
-Soziolinguistika Klusterrean egiten duzuen lana eraman diezu, beraz.
-Alan R King Katedraren filosofiari jarraituz, helburua izan da Klusterraek hizkuntza ohiturak aldatzeari begira egiten duen lana plazaratzea, eta hango ekimen eta ikertzaileak ezagutzea. Elkartrukerako konexio horren bila ibili gara; zertan gabiltzan eta zertan dabiltzan ikustea, elkarrekin landu genezakeen lurra aztertzea. Zailena izan da, hain justu, elkarlanerako bideak zabaltzea, denbora gehiago behar baitu horrelako lanak .
-Ba al da martxan jarraitzen duen elkarrizketarik?
-Zehaztu gabe badago ere, hizkuntzen erabileraren kale neurketa nola beraien beharretara moldatu pentsatzen bagabiltza. Gaur egun, ikerketa hau ezinbesteko erreferentzia da, euskararen egoera deskribatzeko edo lan-ildoak zehazteko, hizkuntza-politikako arduradunentzat, ikertzaileentzat edota euskararen aldeko lanean dihardutenentzat, esaterako. 2023an zehar Galesen lehen froga pilotua egitea gustatuko litzaiguke. Horrekin burututzat emango nuke Alan R King katedraren baitan zehaztutako helburua, hau da, hizkuntza ohiturak aldatzeko elkarrekin lan egitea.