“Inprobisazioaren ideiak eta lan metodoa erabili ditugu urrats bat gehiago emateko”
Euskara. Kultura. Mundura.
Amaia Elizaran dantzari eta koreografo tolosarrak dantza garaikideko zazpi pieza original sortzeaz gain, proiektu kultural desberdinetan hartu du parte azken hamar urteetan. Udazken honetan, koreografo lanetan bakarka egon da lehen aldiz, Etxepare Euskal Institutuak eta Conseil des Arts et Lettres de Quebec-ek Montrealen (Canada) sustatutako dantza sorkuntza egonaldian.
Egonaldi honetan ‘In a Loop’ obra garatu du École de Danse Contemporaine de Montreal-en. Egonaldia Etxepare Euskal Institutuaren eta Conseil des Arts et Lettres de Quebec-en arteko lankidetzari esker garatu da Quebecen, Dantzaz konpainia Gipuzkoako Dantzagunearen eta Tabakaleraren laguntzarekin. Sorkuntza egonaldi hau Québec- Pays Basque programaren barruan kokatzen da. Koreografoa eta dantzaria 2015etik bere proiektu propioetan dabil lanean, Amaia Elizaran izenpean.
‘In a Loop’ Elizaranen zortzigarren sorkuntza da. Ikuskizun berri honen bidez, koreografoak indibidualtasunaren bilaketa irudikatu nahi izan du etengabe eraldatzen ari den aldi baterako bukle baten barruan. Amaia Elizaranek ideia berak errepikatzean eta inprobisazioan oinarritu du bere ikerketa koreografikoa. Obra abenduaren 6an estreinatu zen Montrealen.
Zein izan da egonaldi proiektu honen helburua zuretzat?
Niretzat proiektu honen helburua dantza garaikideko pieza bat sortzea zen, ezagutzen ez nituen hamalau ikaslerekin. Hau niretzat erronka bat izan da, lehenengo aldia izan delako koreografo lanetan aritu naizela, obran interpretea ere izan gabe. Asko gozatu dudan erronka izan da eta uste baino errazagoa izan da, bertako ikasleek haien energia guztia jarri dutelako proiektuan.
Nolakoa izan da bertan izan duzun lan eta sorkuntza planteamendua?
Nire egunerokoa Montrealen nahiko aldakorra izan da. Ordu gutxi zeuden bideratuak sorkuntzarako. Ikasleekin bizpahiru orduko saioak egiten nituen. Horrek hasieran beldurra sentiarazten zidan, egonaldia bisualizatzean nire buruari galdetzen niolako “Kapaza izango naiz hau ordu gutxitan egiteko?”. Oso fokatuta iritsi nintzen haiengana. Horretaz gain, nik estudio orduak ere banituen nire bakardadean lengoaia koreografiko berriak bilatzeko, entseatzeko eta ideia berriak frogatzeko erabiltzen nituenak. Saiatu behar nintzen ahalik eta modu eragikorrenean lan egiten eta hori izugarrizko erronka izan da.
Eta ikerketa eta sorkuntza prozesua?
Interes asko piztu zaizkit egonaldian zehar, bakfokarkako estudio-lan horretatik atera direnak. Erabakiak hartzea kostatzen bada, prozesua luzatzen da. Horrek gauza oso onak dauzka, baina horrelako egoeretan oso zaila da. Erabakiak hartzen nituen eta aplikatzen nituen, aurrera. Ezin nuen atzera pausorik eman eta hau ere erronka handia izan da . Goizetan estudiora iristen nintzen, ondoren ikasleekin egoten nintzen sorkuntzan. Horretaz gain, gelditzen zitzaizkidan orduetan denbora izan dut nire buruan eta lanean fokuratzeko eta hori oso zaila da nire eguneroko bizitzan. Sorkuntza proiekturen bat esku artean dudanean, agian erresidentzian nago goizetan, eta gero arratsaldetan klaseak eman behar ditut edo beste proiektuetan egin behar dut lan, edo emanaldiren bat daukat… Oso zaila da bost asteko tartea hartzea soilik sorkuntza bati eskaintzeko. Izugarrizko aukera da horrela lan egiteko aukera izatea eta opari bat proiektu honetara bakarrik fokatuta egotea. Fokatze honi esker, nire kasuan oso inspiratuta sentitu naiz. Gainera, nire denbora erabili dut baita ere hiria ezagutzeko, besteak beste. Paseo asko eman ditut hirian eta ibiltze horretan ere fokatuta sentitu naiz sorkuntza lanean. Nahiz eta denbora gutxi izan estudioan lan egiteko, hurrengo egunean aurrekoak landutako guztia argi nuen.
‘In a Loop’ pieza garatu duzu. Nondik dator proiektu hau?
2019an ‘Mar’ pieza estreinatu genuen eta gero pandemia etorri zenez, ‘Mar’-ek oso ibilbide eskasa izan zuen, egin ditudan pieza guztietatik ibilbide eskasena izan duena da. Beti izan dut pena hau. ‘Mar’ sortu genuenean, nire buruan galderak nituen burrunbaka: sorkuntza metodo honekin – inprobisazio sormen-metodoa – interprete-zerrenda handia izanda, zenbat gauza egiteko aukera izango genuke? Nora iritsiko ginateke horrenbeste jenderekin?”. Aukera hau perfektua izan da hasitako prozesu artistiko hori garatzeko.
Ikasleekin 50 sorkuntza lan ordu inguru izan ditut, eta hori oso denbora gutxi da sorkuntza bat zerotik lantzeko. Sorkuntza ikerketa hasita nuen proiektu bat eraman nahi nuen Montrealera, neukan denboran nire helburuak lortzeko aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko. ‘Mar’ proiektutik ateratako galderak eta etorkizunerako sorkuntza-helburuak betetzeko aukera eman dit egonaldiak. Inprobisazioaren ideiak eta lan metodoa erabili ditugu urrats bat gehiago emateko eta talde askoz zabalago batekin noraino irits daitezkeen ikusteko aukera izan dugu. ‘Mar’ lanean bi interprete ginen, eskolan 14 interprete izan dira, aukerak biderkatu egiten dira.
Azkenean, ‘In a Loop’-ek ez du inongo zer ikusirik ‘Mar’ piezarekin, beste ibilbide bat dauka, baina oinarrian oso interesgarria izan da sorkuntza metodo berdina erabilita ikustea nola atera den beste pieza bat guztiz ezberdina dena.
Zer ondorio atera duzu egindako sorkuntza egonalditik?
Alde batetik, ateratzen dudan ondorioetako bat da aukera izan dudala denbora sorkuntzara bideratzeko eta lanean fokatuta egoteko. Horrelako egonaldietan ahalik eta zentratuen egotearen garrantziaz konturatu naiz, eta horrek bai sorkuntzari eta bai niri eman dizkion ekarpenez kontziente naiz. Oso zaila da hau nire eguneroko bizitzan egin ahal izatea.
Bestalde, konturatu naiz kapaza naizela koreografo bezala lan egiteko. Lehenengo aldia da koreografoa naizela sentitu dudala. Aurreko proiektuetan koreografo lanak egiteaz gain, interpretea ere izan naizenez, proiektu horietan ez dut errealitatea inoiz ikusten, sentitu dezaket pieza ondo edo gaizki joan den, sorkuntza prozesuan zer izan daitekeen interesgarria eta zer ez… Baina betiere, interpretearen ikuspuntutik. Begirada kanpora atera ahal izateko, nire sorkuntzetan bideora jo behar dut landutakoa aztertzeko. Oraingoan, “kanpoan” egonda askoz ere azkarragoa da prozesua, eta ez bukatutako pieza arinago ikusteko zentzuan, baizik eta erabakiak hartzea askoz ere errazagoa izan delako eta berehala aukera izan dut konturatzeko zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Funtzionatu ez duenean, irtenbidea askoz ere lasterrago aurkitzen da eta funtzionatzen duenean, segituan konturatu naiz bide onetik gindoazela.
Orduan, banekien zer bilatu behar nuen hurrengo egunean eta lan guztiaren norabidea zein den identifikatzeko gai izan naiz. Prozesua asko gozatu dut, ikasleak asko eman didatelako, 100% egon dira sorkuntzan, nik proposatutako irizpideetan… Nik proposatutako ideien gainean haiek bueltan eman didatena oso hunkigarria da.
Zer ekarri du zuretzat zure sorkuntza kanpoan garatzeko aukera izatea?
Etorkizunera begira beste aukera batzuk ireki zaizkidala esango nuke. Interesa piztu zait sortzeko, ni interprete izan gabe. Interpretea izaten asko gozatzen dut, baina agian bi bide ezberdin egon daitezke.
Esperientzia ikaragarria izan da. Ez bakarrik eskolan, Montrealen kultur kontsumo itzela dago. Hiriaren inguruan dudan ideia nagusia hori da. Lehenengo egunetan Place des arts bisitatu nuen. Sarrera metro geltoki sarrera baten itxura du eta barruan hainbat antzoki daude. Izugarria da ikustea zenbat jende dagoen antzokira joaten dena, helduak eta gazteak. Programazioa aste osoan zehar zabaltzen da, eta obra bakoitza agian astean lau edo bost adiz eskaintzen dute. Ikusi ditudan obra guztietan sarrerak agortu dira edo ia agortuta zeuden. Oilo ipurdia jartzen zait hori gogoratzean. Hemen emanaldi bat egiten dugunean handia da egin behar dugun esfortzua promozioan... hain zaila da jendea antzokira joaten animatzea. Quebecen ikusi dut bertan ohitura indartsua dagoela kultura kontsumitzeko.