Argitxu Camus: euskal migrazioaren historia korrespondentzia gutunen bitartez

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-03-14

Argitxu Camus doktorea aurtengo Jon Bilbao Katedrako (Reno, Nevada) ikertzaile gonbidatua izan da, non bere ‘Korrespondentzia pribatua eta euskal migrazioa fenomenoa’ garapenean lan egin duen. Etxepare Euskal Institutuak eta University of Nevadak (UNR) 2014an sortu zuten katedra, euskal diasporari eta kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzeko eta laguntzeko.

Camusek gutun korrespondentzia erabiltzen du euskal migrazioa eta diaspora ikertzeko. Zehazki, 19. mende amaiera eta 20. mende hasiera bitartean jazotako euskal emigrazioa ikertzeko informazio iturri eta ikerketa gai dira gutun horiek. Dagoeneko, euskal diasporarekin lotutako 200 gutun baino gehiago aurkitu ditu, eta horiek ikertzen jarraitzeaz gain, horiek biltzeko eta zabaltzeko modu berriak landu Estatu Batuetan.

Berarekin hitz egin dugu, bere egonaldiaren eta ikerketaren nondik norakoak ezagutzeko.

Zertan datza egonaldian landutako ikerketa?

Gutunezko korrespondentzia lehen mailako iturri lagungarria da ikerketan. Gutunak une jakin batean idatzi eta bidali ziren, jende jakin batzuk idatzi eta eskuratu zituzten, hori guzia helburu jakin bat gogoan gauzatu zelarik, hau da familia eta lagunekin komunikatzea. Baina dokumentu hauek behin ikertzailearen eskuetan direla, estatutuz aldatzen dira, Historia interpretatzeko dokumentu argigarriak bilakatzen baitira. Horrez gain, iturri mota honek jende “arrunta”ri hitza ematen ahal dio, iturri konbentzionaletan bere ahotsa maiz agertzen ez den horiei hain zuzen ere.

XIX. eta XX. mendeetan Euskal Herriko biztanleak eta hortik partitu ziren emigranteen artean trukatu ziren gutunak dira berezikiago aztergai ikerketa proiektu honetan. Migrazio fenomenoaren ulermenean laguntzen dute, bai eta begirada berri bat izatea ere ahalbidetzen dute.

Euskal Herriko eta Diasporako erakunde zein norbanako desberdinekin partaidetzan, programa kolaboratzaile bat plantan ematea da xedea, hiru ardatzen inguruan: euskal migrazio fenomenoari lotu korrespondentzia pribatua lokalizatzea, biltzea eta horien zainketa segurtatzea; lehen mailako iturri horiek irakasten digutena ikertzea; eta jakitate hori hedatzea.

Nondik dator zure ikerketaren ardatzaren jatorria?

Euskal migrazio fenomenoaren ikerketari diodan interesa aspaldikoa da. Paueko unibertsitatean Historia Masterra egiten nuela, Pariseko Eskual Etxearen historia ikertu nuen. Hortik gutira, Ameriketako Estatu Batuetako Nevada estatuan dagoen Renoko Unibertsitatean tesia egin nuen gai hau ardatz harturik: “A Historical Comparative Study of Basque Institutions in the United States”.

Tesia egiten ari nintzela, Zuberoako memoria historikoaren bilketan eta hedapenean kartsuki lanean ari den Ikerzaleak elkarteko kide bat nirekin harremanetan sartu zen, familia batek bere korrespondentzia pribatua pasarazi ziola jakinarazteko. Kalifornia eta Nevadatik XX. mende hasieran Barkoxeko “Mochoua” etxera bidalitako 40 bat gutunez osatu corpusa zen, dena euskaraz idatzia.

Corpus honen kopia irakurri eta bazter batean utzi nuen une hartan, horren ikertzera itzuliko zen unea jinen zela argi izanik gogoan. Paraleloki, eramaten nituen ikerketa ezberdinek artxibategietara eta jendeengana eramaten nindutenez, hainbat gutun korrespondentzien berri izan nuen orduan. Hainbat corpus interesgarri zeuden, ikertzailearen zain eta, kasu askotan, desagertzekotan (baldintza txarretan atxikiak, zakar ontzian bukatzeko arriskuan…).

2020an, azkenean, bidean nituen beste ikerketa gaiak buruturik, gutun korrespondentziari dedikatzea erabaki nuen. Barkoxeko corpusaren ikerketarekin hasi nintzen eta existitzen ziren beste corpusen zerrenda egiten, corpus berrien bilatzen eta horien ikertzen hasi nintzen, poliki poliki.

Azken hiru urtetan proiektu honen baitan lokalizatu eta bildu diren gutun bildumak, bai eta beste ikertzaileek lehenago bilduak ere, emigranteek Euskal herriko familia eta lagunei zuzendu gutunak dira. Oso gutitan bildu eta ikertu dira beste aldera zuzendu gutunak, hau da herri berrian emigranteek beren Euskal Herriko familia eta lagunengandik jasoak.

Zer ekarpen jaso du ikerketak Jon Bilbao katedran egindako egonaldian?

Jon Bilbao Ikerketa Katedraren baitan Estatu Batuetan 2023ko abuztu erditsu-irail erditsu bitartean egin hilabete bateko egonaldiak aukera ezin hobea eman zidan proiektua urrunago eramateko. Estatu Batuetako euskaldunei proiektuaren berri emateko aukera izan nuen, jendearen etxeetan zein artxibategietan dauden corpus berriak lokalizatuz eta bilduz.

Egonaldi denboran Boise (Idaho), Chino, Bakersfield, San Francisco (California), Gardnerville eta Reno-ko (Nevada) euskal kumunitateengana joan nintzen, ikerketa proiektuaz mintzaldiak emanez, proiektuan parte har dezaketen pertsona eta instituzio ezberdinekin bilduz. Bi artxibategi kontsultatu nituen hurbiletik, Boiseko Basque Museum and Cultural Center eta Renoko unibertsitatean dagoen Jon Bilbao Euskal Liburutegia. Urteetan bildu edo/eta eman diren gutun bildumak aurki daitezke hauetan. Horrez gain, familia ezberdinek beren gutunak partekatu zizkidaten, eta geroztik ere corpus berrien berri izaten segitzen dut.

Proiektuak oso harrera ona izan du Estatu Batuetako euskal komunitatearengandik.

Zeintzuk dira ikerketa alorrean etorkizunera begira dituzun erronkak?

Gutun asko daude jendeen etxeetan, lo, Atlantikoaren bi aldeetan. Denborarekin desagertuko direlako arriskua handia da. Beraz proiektuaren berri ematen segitu behar da, jendea gonbidatuz haien “altxor” txikien ikerlariekin partekatzera, edo behintzat ongi gordeko lituzkeen erakunde bati gutunen originalak edo kopia bat uztera. Estatu Batuetako euskaldunek Boiseko Basque Museum and Cultural Center eta Renoko Jon Bilbao Basque Library hurbil dituzte. Ipar Euskal Herrian Pirinio-Atlantikoetako artxibategia dago, bai eta Bilketa (euskal funtsen ataria). Hego Euskal Herrian, 2018az geroz Euskal Diasporaren Artxiboa antolatu da Bilboko Euskadiko Artxibo Historikoaren baitan… Berriki, Hego Ameriketako erakunde zein ikerlari eta familia ezberdinekin harremanak lotzen hasi naiz ere.

Beste erronka handia, gutunak berak eta horietatik ikasten dena dibulgatzea liteke, euskal diasporaren memorian parte hartuz. Hori egiteko atari berezi bat sortzea liteke ideia, ikerlari, ikasle zein kurios guziei buruz zuzendua. Alor horretan, dena egiteko dago.

Azken erronka gisa, nola ez, bildutako corpusen ikerketa segitu behar da. Corpus bakoitza aparte ikertu daiteke, bai eta corpus guziak beren osotasunean ere. Gutun horien ikerketak euskal migrazioaz dugun ezagutza osatu, findu eta kontrasta bailezake.

Eskala handiko bilketa eramatea garrantzitsua da hots, gorago aipatu arrazoi guzi horiengatik.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu