Berlin Baskisches Filmest 2024

Euskara. Kultura. Mundura.

  • 15
    Aza 2024
    17
    Aza 2024
    Berlin

Berlingo Euskal Etxeak antolatuta, eta Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin, Berlingo Euskal Zinema Jaialdiaren 6. Edizioa egingo da azaroaren 15etik 17ra bitarte.

Hauxe da programa:

Bidasoa 2018-2023 (Fermin Muguruza, 2023)
Azaroak 15 | 20:00
Kino Moviemento

2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak, Europako gainontzeko herrialdeetara igarotzeko etorkinen sarrera eragozteko, 10 hildako eragin zituen urtebetean. Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten 2021eko urrian, Ziburun tren batek harrapatuta. Dokumental honek, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia emateaz gain, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariak, bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, modu honetan tragedia gizatiartuz.

Bolante baten historia (Iñaki Alforja, Iban Toledo, 2021)
Azaroak 16 | 20:00
Kino Moviemento

Bortxazko desagerpen batek ez du soilik desagertuaren bizitzarekin amaitzen, uretara botatako harri batek sortzen dituen uhinen antzera, orbain emozional bat uzten du familia eta gizartearengan. 80ko hamarkadaren hasieran, Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen José Miguel Etxeberria Álvarez, Naparra, desagerrarazi zuten. Gurutzatutako komunikatu, erreibindikazio desberdin eta axolagabekeri judizialaren artean, familiak desagerpenari erantzun bat ematen saiatu zen. Anaiaren desagerpenak irekitako zauria sendatzeko asmoz, Eneko da berrogei urte baino gehiago iraun duen bilaketaren lekukoa hartu duena.

Zinzindurrunkarratz (Oskar Alegria, 2023)
Azaroak 17 | 20:00
Kino Moviemento

Ahaztutako bide bat, kamera zahar bat eta Paolo izeneko asto bat. Hiru elementu horiek osatzen dute “Zinzindurrunkarratz”, ibilbide poetiko bat beste garai bateko memoria baten barrena, haren zati batzuk baino geratzen ez direla. Oskar Alegria, bere super-8az hornitua, aitona-amonek Artazuko mendietan (Nafarroa) ibilitako bidezidorretara itzuliko da, jada existitzen ez den mundu baten oihartzunak erregistratzera. Irudi mutu eta soinu itsuetatik abiatuta, filma eguneroko gisa eraikiko da. Izenburuak euskarazko ahoskera onomatopeiko bati egiten dio erreferentzia: brisa arin bat (zinzin), erortzen den harri bat (durrundurrun) eta tximista batek jotako gailur bat (kurruzkarratz). Filmak zubiak zabaltzen ditu Jonas Mekasen filmografiarekin, eta nortasun bakan bat erakusten du, ikusleari gogorarazten diona zineman oraindik ere gauza asko daudela ezagutzeko.

Euskal zinemari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu