Bidaia instituzionala Mexikora

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-11-25

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Irene Larraza, Mexiko Hirira eta Guadalajarara joango da azaroaren 27tik abenduaren 4ra, bertako erakunde kultural eta akademikoekin harremanak estutzeko, euskara eta euskal kultura garaikidea ezagutzera emateko aukera berriak irekitzeko eta Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL) parte hartuko duten euskal idazleei bertatik bertara laguntzeko asmoz.

Mexiko Hirian egingo duen egonaldian zehar bilerak burutuko ditu kultura eta ikasketen esparruko hainbat erakundetako arduradunekin, hala nola Arte Ederren eta Literaturaren Institutu Nazionala (Instituto Nacional de Bellas Artes y Literatura, INBAL), Hizkuntza Indigenen Institutu Nazionala (Instituto Nacional de Lenguas Indígenas, INALI), Zinemateka Nazionala (Cineteca Nacional) eta Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa (Universidad Nacional Autónoma de México, UNAM).

INBAL ekoizpen artistikoa eta arteen hedapena sustatzeaz, eta Mexikoko osoan zehar hezkuntza artistikoa antolatzeaz arduratzen den gobernu erakundea da. Herrialdeko museo, arte-zentro eta kulturgune nagusiak kudeatzeaz gain, kultura esparruko nazioarteko lankidetzaz arduratzen da, eta Mexikon egiten den nazioarteko programazioa babesten du. Hori dela eta, funtsezko eragilea da hainbat arte-diziplinatan lankidetza-espazioak sortzeko orduan. Azaroaren 27an Larraza Zuzendaritza Nagusia, Nazioarteko Gaiak eta Hedapen Bulegoko buruarekin bilduko da, INBALek bideratzen dituen programetan euskal sortzaileen parte hartzea sustatzeko asmoz.

Egun berean, Larraza INALIko arduradunekin elkartuko da. Mexikoko Gobernuaren Kultura Sailaren menpe dagoen erakunde honen ardura da hizkuntza indigenen inguruko politika publikoak bideratzea. Bileran, ikuspegi soziolinguistikotik interes partekatua duten gaiak jorratuko dituzte, baita arlo horretako ikerketa proiektuak eta lankidetza akademikoa ere.

Azaroaren 28an, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria UNAMera joango da. Bertan, batetik, 2005etik unibertsitatean abian den euskara eta euskal kultura irakurletzako arduradunekin elkartuko da. Eta bestetik, Genero Ikasketen Institutuko arduradunekin bilerak egingo ditu genero- eta kultura-ikasketak ardatz izango dituen euskal ikasketen katedra berri bat martxan jartzeko aukera aztertzeko. Eguna amaitzeko, Zinemateka Nazionaleko zuzendari nagusi Marina Stavenhagen-ekin bilduko da.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Mexiko Hirira egingo duen bisita instituzionala azaroaren 29an amaituko da Mexikoko Euskal Etxean euskal komunitatearekin egingo den topaketa batekin.

Euskal literatura FIL Guadalajaran

Aurten euskal literaturak inoizko parte hartze nabarmenena izango du Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan, Latinoamerikako literatur ekitaldi garrantzitsuena. Kirmen Uribe, Katixa Agirre, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio eta Arantxa Urretabizkaia programa ofizialean egongo dira.

Azokaren hasiera ofiziala baino lehen -azaroaren 30ean hasiko da - Larrazak Arantxa Urretabizkaia idazlea lagunduko du bere azken liburua ‘Azken etxea’ (La última casa) aurkezteko Mexiko Hirian egingo dituen hainbat ekitalditan.

Eta azaroaren 30etik abenduaren 4ra, Institutuko zuzendaria FIL Guadalajaran izango da. Aipatutako egileez gain, Euskal Herriko ilustratzaileak eta argitaletxeak ere izango dira bertan. Hala, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bate eginaz, Etxepare Euskal Institutuak antolatuta, topaketa bat egingo da azokan izango diren euskal idazle, editore eta ilustratzaileekin, institutuak euskal kultura nazioartean zabaltzeko konpromisoa eta honen bidez kultur aniztasunari egiten dion ekarpena berretsiz. Izan ere, Etxepare 2011tik ari da euskal idazleen parte-hartzea bultzatzen ekitaldi garrantzitsu honen egitarau ofizialean.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu