Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XI: mugimenduak eta mugek euskal kulturan duten eragina aztergai

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-07-08

Etxepare Euskal Institutuak, urtero bezala, euskararen irakaskuntza helburu duen ikastaroa antolatu du UPV/EHUko Udako Ikastaroekin lankidetzan.  ‘Mugimenduak eta mugak euskal kulturan’ izenburupean burutuko da uztailaren 19 eta 20ko hitzordua, Donostiako Miramar Jauregian. Aurrez aurre burutuko da eta online parte hartzeko aukera ere egongo da, Zoom bidez. Matrikula prozesuan aukeratu daiteke nola parte hartu ikastaroan. Izen-emateko epea hilaren 18an itxiko da. Ikastaroak Institutuak munduan zehar duen irakurletza sareko euskara eta euskal kultur irakurleei formakuntza ematea du xede; baina interesa duen edonorentzat dago zabalik.

Ikastaroko lehen hizlaria Aitzpea Leizaola antropologoa izango da. Bere aburuz, muga bere sendotasunean agertu da azken urteotan, eta “esaldi polisemiko horren esanahi anitzak” aletuko ditu.

Antropologiatik botako dio begirada mugikortasunari, eta lehen ikastaroko parte hartzaileak kokatzeko ardura izango du. ‘Pasabideak, etenak eta loturak: mugaren paradoxak globalizazio garaian’ izenburuko hizketaldian hausnarketa egingo du berrietan egunero agertzen den gaiaren inguruan. Nola eragiten digute mugek? Nola kudeatzen dugu horien estankotasuna? Eta higitzeko gaitasuna?

Izan ere, badira muga politiko, muga sozial eta muga ekonomikoak, eta baita kulturalak ere. “Jendearen mugikortasuna egunero ikusten dugu telebistan. Orain, gainera, pandemiaren kontestuan, bestelako ezaugarri batzuk agerian utzi ditu. Birusaren mugikortasuna, adibidez. Ustez lausotutako mugak agertu zaizkigu, guztiz gogorturik”.

Kulturan ere elementu zentralak dira mugak Leizaolaren iritziz. “Elementu higiezintzat izan ditugu kulturak. Baina horien negoziatu egiten direla ondorioztatu dute adituek, eraiki eta aldatu ere egiten direla, kultura bat osatzen duen gizarteak garrantzitsutzat duena aldatzen doan heinean. Hor ere badago mugikortasun bat, esanahiaren aldatze horretan”.

Irakurleak prestatzeko ardura

Ikastaro honek egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu nahi du, eta horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo desberdinetako adituek hartuko dute parte, aurreko urteetako bide beretik. Horien artean daude, Leizaolaz gain, Eric Dicharry Lavie (sortzaile, irakasle eta ikertzailea), Iasone Parada Garmendia (Artedramako kide eta ekoizlea), Ismael Manterola Ispizua (irakasle eta arte kritikaria), José Mª Muñoz López (Euskadiko Filmategia, Kimuak), Maitena Duhalde de Serra (hizkuntzalari eta irakaslea), Nami Kaneko (irakasle eta itzultzailea), Oxel Uribetxebarria Lete (doktoregai eta irakaslea), Paula Motrico San Emeterio (irakaslea) eta Paulo Kortazar Billelabeitia (irakasle eta ikertzailea).

Esan bezala, aurtengoan muga eta mugimendua izango dituzte hizpide, eta bizi dugun garai honetan kontzeptu horiek nola eragiten diguten hausnartuko dute, baita gai horren inguruko ikasketek euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan duten eragina eta irakaskuntza horri egin diezaioketen ekarpena ikertu ere. Horretarako hizkuntzaren, musikaren, literaturaren eta oro har kulturaren esparruan mugek eta mugimenduak zentzu zabalean duten tartea izango dute mintzagai.

Japoniatik, euskaraz

Horrela, muga eta erronkak gainditzearen berri ematera bertaratuko diren urrutiko ahotsen artean dago Kaneko. ‘Atzerriko euskara ikasle izatetik euskal literaturako ikertzaile/itzultzaile izatera: mugak eta erronkak’ izenburuko hitzaldia egingo du. Aurtengo ikastaro honetan hizlari atzerritar bakarra da. “Beraz, atzerritik euskara eta euskal kultura ikasten eta ikertzen duen pertsona baten ikuspegia transmititu nahiko nieke”, adierazi du japoniarrak.

Bere hitzaldian,  ikasle izatetik aditu izatera heltzeko igaro beharreko muga horietan sakontzeko asmoa dauka, “beste muga batzuetaz hausnartzeaz gainera. Beraz, ez da komeni aurreratzea, baina esango nuke muga horiek, niretzat bederen, Euskal Herriaren baitan eta euskararen inguruan zeudela, kanpoan baino”, zehaztu du.

Gutxi dira, mundu mailan, euskal kultura euskaraz ikertzen duten aditu atzerritarrak. Gainera, nabarmentzen duenez, euskaratik lan egiten duten itzultzaileak ere ez dira asko, horrek dakartzan desabantaila zein aukerekin. “Japonian, ni bakarra naiz literatura arloan. Ia aurrekaririk gabe ibilbide sendo bat egitea erronka izugarria da, baina gomendagarria ere bai: aukera zabalagoak eskainiko dizkizu zure etorkizunean”.

Horregatik, espero du bere esperientzia zuzenetik ateratako hausnarketak atzerrian euskara eta euskal kultura irakasten edo irakatsiko dutenentzat baliagarriak izatea.

Halaber, uda ikastaroan parte hartuko duten gainerako hizlariek jorratuko dituzten gaien artean daude generoa eta hizkuntzaren arteko harremana, euskal film laburren produkzioa, euskal raparen mugimendu eta mugei buruzko hausnarketa historiko-antropologikoa edota mugez gaindiko kultur produkzioa.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu