CUNY: Bernardo Atxaga katedra 2020
Euskara. Kultura. Mundura.
-
26Urr 202030Urr 2020New York
Mari Jose Olaziregi: “Atxagaren obran gaurkotasuna eta erakarmena eskutik doaz, etengabeko bilaketa ardatz duen ibilbidean”
Aurten hamar urte bete ditu Bernardo Atxaga katedrak City University of New York-en (CUNY). Hori dela eta, katedra -Etxepare Euskal Institutuak sortutako lehenbizikoa-, idazle asteasuar ospetsuaren obrari buruzkoa izango da aurten, “Bernardo Atxagaren sormen literarioa: memoria eta idazketa” izenpean, eta datorren astelehenean hasita Mari Jose Olaziregik emango du mintegia. Olaziregi Euskal Filologian doktorea da eta euskal literaturako irakaslea EHUren Euskal Ikasketak sailean. Olaziregirekin mintzatu gara CUNY unibertsitate prestigiotsuan egingo den mintegiaren nondik norakoak ezagutzeko.
Etxepare Euskal Institutuko euskararen sustapen eta hedakuntzarako zuzendaria zinela sortu zenuten katedra aitzindari hau, 2011n. Zein da bere xedea?
Euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea. Euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaini nahi du katedrak, eta ikasturte bakoitzean New Yorkera ekartzen ditu irakasle gonbidatuak. Besteak beste, euskal literatura, zinema, soziolinguistika, hizkuntzen jabekuntza ….landu izan dira orain arte.
Eta nola gogoratzen duzu katedrari hasiera emateko ekitaldia?
Gogoan dut Atxagak berak eman ziola hasiera 2011ko irailean CUNYko Graduate Center-en. Ekitaldi gogoangarria antolatu genuen, Jabi Muguruza musikari eta Amaia Gabantxo itzultzailearekin.
Aurten zu izango zaitugu irakasle gonbidatua. Zein izango da CUNYko zure ikasleen profila eta eskolen dinamika?
Astebeteko mintegia izango da, egunero bi eskola ordu emanda. Eta Doktoregoa egiten ari diren 10 bat ikasle izango ditut, Hizkuntzalaritza, Literatura eta Ikasketa Kulturalen arlokoak. Interes eta seriotasun handia erakutsi ohi dute CUNYko ikasleek, eta ziur nago aurtengoan ere literaturzale eta atxagazale, andana izango dudala ikasgelan. Plazera izango da eurekin aritzea.
Beraz, badakite Atxagak izugarrizko bultzada eman ziola euskal literaturari…
Bai, noski, eta horregatik lehenik bere obra euskal literaturaren testuinguruan ez ezik, maila globalean ere kokatuko dut. Atxagaren lanak izan duen harrerari begiratuko diogu, hizkuntza gutxiagotu batean idazteak esan nahi duenari, besteak beste. Era berean, Atxagaren unibertsoa harilkatzen duten gai, kontzeptu, motibo eta poetika desberdinetan pausatuko gara, testuen irakurketatik abiatuz.
Eta Atxagaren zein nobela aztertuko dituzue?
Atxagaren ibilibide jorian poesiak, antzerkiak edo haur eta gazte literaturak izan duten garrantzia ahaztu gabe, Obabakoak ipuin liburua izango dugu gure lehengo jomuga. Obaba geografían barneratuko gara, bertan kokatutako istorioen poetika eta mundu ikuskeran, eta horretaz gain metaliteraturak liburuan duen garrantziaz ere arituko gara. Soinujolearen semea eleberria izango dugu azterkizun jarraian, 90etan Atxagak memoria historikoa ardatz zuten eleberrietarantz emandako adibide. Utopiak bertan duen garrantziaz egingo dugu solas, eleberriak euskal gatazkaren zergatiez ematen dituen arrazoiez. Ikastaroa osatzeko, Atxagaren azkenengo bi eleberriek autobiografiarantz emandako bira izango dugu hizpide eta Nevadako egunak eleberria aztertuko dugu. Euskal emigrazioaren narrazio bikain bihurtu ziren Robert Laxalten Sweet Promised Land bezalako eleberriekin elkarrizketan jarriko dugu Atxagaren eleberria.
Bere nobelen zinema-moldaketak ere izango dituzue eztabaidagai…
Bai, esaterako, bere nobelen film moldaketen pasarte batzuk ikusiko dituzte, “Obaba” eta “Soinujolearen semea” pelikulen pasarteak kasu, eta proposatzen dituzten irakurketak aztertuko.
Horren harira, Atxaga Idazle bisuala dela esango zenuke?
Ez dakit zehazki zer esan nahi duzun horrekin, literatura eta zinea oso kode desberdinak baitira. Literatur lan bikain batetik zine egokitzapen kaskarra sor daiteke, eta alderantziz. Ugariak dira adibideak. Nik uste Obaba eta Soinujolearen semea filmeak, eta baita Aizpea Goenagak zuzendu zuen Zeru horiek filmeek asmatu dutela Atxagaren obra horietako giro eta gatazkak transmititzen.
Azken batean, testu baten erritmo narratibo azkarrak ez dizu gero film egokitzapen hoberik ziurtatzen…
Ez horixe, ezta eszena ugaritasunak ere. Egokitzea sortzea baita. Hortxe duzu, esaterako, Esteban Werfell ipuinaren egokitzapena Obaba filmean. Ipuin horretan memoria da giltzarri, eta Montxo Armendarizek ongi asmatu zuen atmosfera misteriotsu hori egokitzen.
Esaldi batean, nola laburbilduko zenuke Atxagaren literatura?
Ozeano bat edalontzi batean sartu nahian bezala ikusten dut neure burua galdera honekin (kar-kar). Atxagaren obran gaurkotasuna eta erakarmena eskutik doaz, etengabeko bilaketa ardatz duen ibilbidean. Eta ibilbide horretan, Atxagak diziplina desberdinetako sortzaileekin elkarrizketa bilatu du (musikariak, zinegileak, margolariak…), literaturaren elikagai den bizitza begi berriekin interpretatzeko.