Estibaliz Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ filmak Tokyo International Film Festivaleko Ethical Film Award saria irabazi du

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-10-27

Tokyo International Film Festivalek gaur iragarri du Esti Urresolaren “20.000 erle espezie” lanak irabazi duela aurtengo edizioan estreinatu berri den Ethical Award Saria. Urresolaren film entzutetsua Tokioko jaialdian proiektatzen ari dira Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Euskal Leihoaren baitan. Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua Japonian izango da datozen egunetan Tokioko jaialdian parte hartzeko.

TIFF 2023k jaialdiaren printzipio etikoak betetzen dituzten film aipagarriak aukeratu ditu aurten zine jaialdira aurkeztu direnen artean. “Egungo gizarte-gai garrantzitsuak jorratzen dituzten filmak aukeratu dira, hala nola genero-berdintasuna, ingurumena, pobrezia, aniztasuna eta diskriminazioa ardatz dutenak” dio jaialdiak berak argitaratutako albisteak. Sari honetarako hiru hautagai zeuden: “The Fisher”, “Power Alley” eta “20.000 erle espezie” bera, eta azkena izan da garaile.

Saria urriaren 31n entregatuko diote zuzendariari berari, Urresolaren filmaren proiekzio berri baten ostean. Zuzendaria dagoeneko Tokiora bidean da.

Euskal emakume zinegileak nagusi

Euskal zinemak Asiako eta munduko zinema jaialdirik garrantzitsuenetariko eta esanguratsuenetariko batean lekua izaten ari da lehen aldiz Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Euskal zinemaren erakusleiho honek Donostia Zinemaldiaren eta Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren laguntza jaso du, eta Euskadi Japan 2023 programan kokatzen den ekintzetako bat da. 

‘Spotlight: Basque Cinema’ zikloak urriaren 23tik azaroaren 1era bitartean bost euskal film aurkezten ari da. Leihoari hasiera eman zion Estibaliz Urresolak zuzendutako ‘20.000 erle espezie’ filmak eta Isabel Hergeraren ‘Sultanaren ametsa’, Jaione Cambordaren ‘O corno / The Rye Horn’, Rosa Zufía eta Bertha Gaztelumendi zuzendarien ‘Arnasa Betean: emakume zinemagileak’ eta Silvia Munteken ‘Las buenas compañías / In the Company of Women’ filmekin batera, euskal zinemari eskainitako atala osatzen dute.

Film bakoitzak lau proiekzio izango ditu –Urresolarenari bat gehituko zaio, saria dela eta-, eta urriaren 31n, ‘20.000 erle espezie eta ‘Sultanaren ametsa’ filmen proiekzioen ostean, Estibaliz Urresolak eta Isabel Herguerak bakoitzaren filmaren inguruko solasaldia egingo dute bertatik bertara.

TIFF Tokyoko Euskal Leihoaren programazioa osorik zinema jaialdiko webgunean dago eskuragarri.

 

Euskal zinemaren topaketa

Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Tokioko 36. Nazioarteko Zinemaldiaren baitan izango den Euskal Leihoa aurkezteko ekitaldiaren buru izango da datorren astelehenean, urriaren 30ean Tokion. Etxepare Euskal Institutuak antolatura, ekitaldi horren helburua ‘Spotlight: Basque Cinema’ euskal leihoa aurkeztea eta euskal eta nazioarteko zinema industriaren arteko topaketa izatea da. Berau, Euskadi-Japan 2023 sektore anitzeko ekimenaren baitan kokatzen da. Eusko Jaurlaritzaren programa honek Euskadi eta Japoniaren arteko harremanak indartzea eta proiektu eta lankidetza berriak sortzea du xede.

Aurkezpen ekitaldia hiriburu japoniarreko Imperial Hotelean egingo da eta Bingen Zupiriaz gain, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusia, Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Kultura Hedatu eta Sustatzeko zuzendaria, Estibaliz Urresola ’20.000 erle espezie’ filmaren zuzendaria eta Isabel Herguera ‘Sultanaren ametsa’ filmaren zuzendaria izango dira. Gainera, Japoniako zine industriaren ordezkariak, Japoniako euskal komunitatea, Tokyo University of Foreign Studies-en Institutuak sustatzen duen irakurletzaren ikasle eta irakasleak eta gainerako komunitate akademikoko kideak ere bertan izango dira.

Aurkezpenean Bingen Zupiriak euskal zinemak bizi duen urrezko aroan jarriko du azpimarra eta euskal kulturak beste kulturekin harremantzeko duen bokazioa balioan jarriko du. Hitza hartuko dute ere, Shozo Ichiyama Tokyo International Film Festivaleko programazio zuzendariak, Hiroyasu Ando Tokyo International Film Festivaleko lehendakariak eta Irene Larrazak.

Koktelaz Eneko Atxaren Eneko Tokyo jatetxea arduratuko da, euskal pintxoetan oinarritutako eskaintza gastronomiko baten bidez.

Euskara ikasleekin topaketa

Azaroaren 2an Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak lagunduta, Tokyo University of Foreign Studies-eko Euskara eta Euskal Kultura Eskolako ikasleekin bilduko da. 30 bat ikaslerekin egingo den topaketan euskal kulturari buruzko gaiez hitz egiteko parada hartuko dute. Topaketa honetan Etxepare Institutuak Tokyoko unibertsitatean daukan irakurleak, Gari Ortigosak, ere parte hartuko du eta berak zuzenduko du euskara eta euskal kultura aztertzen ari diren ikasleen topaketa hau.

Japoniara egingo duen bidaian Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak beste kultur eragile batzuekin bilerak egin eta bertako kultura sektorearen egoera ezagutzeko aukera ere izango du.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu