Etxepare Euskal Institutuak euskal musikaren nazioartekotzea sarituko du Musika Bulegoa Sarietan
Euskara. Kultura. Mundura.
Abenduan hasi eta otsailaren 2an amaitu zen Musika Bulegoa Sarietan euskal musikagintzako eragileek euren proiektu proposamenak aurkezteko epea. 120 hautagaien artetik aukeratuko dira Musika Bulegoa Sarietako hamar proiektu saridunak.
Euskal Herriko Musika Bulegoak euskal musika panoramako urteko proiekturik esanguratsuenak aitortzen ditu urtero. Sektoreko zortzi profesionalek osatutako epaimahaia euskal sortzaile eta taldeen lanen balorazio fasean sartu berri da, eta maiatzaren 16an jakinaraziko da ebazpena, Errenteriako Lekuona Fabrikan.
Orotara hamar sari banatuko dira, inolako mailaketarik egin gabe, eta sari horietatik zortzi esleituko ditu musikagintzan aditu eta arituak diren zortzi pertsonak osatuko duten epaimahaiak. Musika Bulegoa Sarietako babesle den Etxepare Euskal Institutuak euskal musika nazioartean zabaltzeko egindako lana aitortzen duen saria emango du.
Musika Bulegoak eta Etxepare Euskal Institutuak 2017an Musika Bulegoa Sarietarako ere indarrak batu zituzten, euskal musikaren hedapena helburu duten bi erakundeen arteko elkarlanean pausu bat haratago emanez. Etxepare Euskal Institutuaren sariaren helburua, Euskal Herriko musikaren kalitatea aitortzea eta horren zabalkundean eragitea da, bi erakundeen xedearekin bat eginez.
Sari honen bidez, azken hiru urteetan Euskal Herriko sortzaile batek, interprete batek (bakarlaria izan nahiz taldea izan) edo musikagile batek euskal musika nazioartera eramaten egin duen lana aitortu nahi da. Saritu beharreko lanaren ezaugarriei dagokienez, guztiz edo nagusiki euskaraz egindako proiektuak hartuko dira kontuan; hizkuntzarik erabiltzen ez duten lanak ere baloratuko dira. Mota guztietako musika estiloak eta -korronteak hartuko dira kontuan. Sari hau emateko Etxepare Euskal Institutuak batzorde bat sortuko du kultura eta musika arloko adituekin.
Aurreko edizioetan, Berri Txarrak, Kalakan, Niña Coyote eta Chico Tornado, Korrontzi y Trío Zukan izan dira Etxepare Euskal Institutuaren saria eraman duten taldeak.
Aniztasuna, 2023ko MB Sarietarako 120 proposamenen mugarria
Diskoak, singleak, bideoklipak, zuzeneko obrak, soinu bandak, operak, idatzizko obra musikalak….. Askotariko lanak jaso ditu Musika Bulegoak 2023ko deialdian, aniztasunaren erakusgarri.
Jasotako 120 proposamenen artetik gehienak pop-rock estilokoak dira, %30 inguru. Baina badira, hurrenez hurren, klasiko garaikidea, folka, jazza edota musika elektronikoa ekarri duten bestelako dozenaka proiektu ere. Azken urteotako joerari eusten diote aurkeztutako lanek, izan ere, nabarmentzekoa da aurkeztutako proposamenetan estiloen arteko fusioak areagotzen ari direla.