“Euskal identitatearen beste esparru bat ezagutu ahal izan dut Nevadako Unibertsitatean”
Euskara. Kultura. Mundura.
Zenbaterainoko eragin esparrua izan dezake futbolak, nortasunari dagokionez? Diasporako lagunen kasuan, zer nolako harremana daukate euskal taldeekin? Athelitec Club-ek, zehazki, euskal identitatean duen presentzia nolakoa da?
Izaskun Larrieta UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak horren inguruko ikerketa egonaldia du University of Nevada, Renon (UNR), AEBetan, 2022ko abuztutik irailera, Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen Jon Bilbao katedraren baitakoa. ‘Athletic Club as a Vector of Basque Internationalization’ izenburuduna, ikerketa honen helburua euskal nortasuna aztertzea izan da, Athletic Club elkartearen bidez, Estatu Batuetako diasporan.
Ikerketaren xedea izan da Athletic Club elkarteak diasporan barneratzeko tresna gisa duen zeregina aztertzea. Zehatzago esanda, Athletic Club marka erregistratuak euskal identitatearen testuinguruan duen presentzia, irudia eta balioa aztertzea.
Ikerketaren lehen fase horretan, gai humanistikoaren ikerketa kuantitatiboa osatzea izan du helburu Larrietak. “Gai humanistikoetan, ikerketa kualitatiboak egin ohi dira. Nire ekarpena kuantitatiboa izan dadin, behaketan eta elkarrizketa sakonetan oinarritu naiz. Galdetegia osatu dut eta guztira, 18 elkarrizketa egin ditut bertatik bertara”.
Egonaldiaren bigarren fasean, ikerketa bibliografikoa eta dokumentala egin ditu. Diaspora, identitatea, nazionalismoa edota kirolaren inguruko literatura irakurri du, bere ikerketaren markoa eraikitzeko beharrezkoa izan duena. Horrela, “asetuta eta material bilketa zabala eginda” bukatu zuen bere egonaldia Estatu Batuetan.
Orain, beraz, ikusi, irakurri eta hitz egindako elkarrizketa guztiak bildu, jaso, aztertu eta garatu beharrean dago. Hala ere, ikusi du baieztatu egin direla bazituen susmoak; “hipotesi batzuk garatu ditut, orain zientifikoki balidatu behar direnak, modu kuantitatiboan”.
Jauzi handia
Ikerketa prozesua “jauzi handia” izan da Larrietarentzat, gaiaren inguruan ikasteari dagokionez. “Euskal identitatearen beste esparru bat ezagutu ahal izan dut, Euskal Herriarekiko maitasuna, baina laugarren eta bostgarren belaunaldiko diasporako lagunena, egoera ugariren kontra bizirik dirauena”.
Elkarrizketak transkribatu, lan enpirikoko datuak landu, eta artikulua idaztekotan ari da lanean gaur egun Larrieta. UPV/EHUn irakasle izateaz gain, zortzi urtez Athletic-eko diruzain izandakoa da, eta garai hartan, taldearen kirol errendimendua ikertu zuen business management ikuspegitik landuz informazioa. Orain diasporarekin duen lotura eta eragina ikertu ditu, bere jakintza esparruan sakonduz ikuspegi berri batetik.
2014an sortua, Jon Bilbao katedraren helburua da euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea eta horretarako lankidetzan jardutea. Katedrak irakasle bisitari batentzako ikerketa-beka sortu du, Jon Bilbao Visiting Research Fellow deiturikoa, urtero edo bi urtean behin berritzen dena. Onuradunak Nevada-Renoko Unibertsitateko Center For Basque Studies-en izango du egoitza, hori baita Ameriketako Estatu Batuetako euskal diasporaren gaineko ikasketetako irakaskuntza eta ikerketa erakunde nagusia. Egonaldiari lotuta ikertzaile gonbidatuak ikerketa lanaz gain, zeregin nagusietakoa du ikerketa emaitzen zabalkunde lana egitea nazioartean.