Euskal komikia Bruselan beste behin
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal komikigintza laugarren aldiz egongo da ordezkatuta irailaren 14etik 16ra Belgikako hiriburuan egingo den Fête de la BD – Strip Feest jaialdi entzutetsuan. 2010. urtean sortutako ekitaldi honek komikiarekin loturiko makina bat tailer, aurkezpen, hitzaldi, mahainguru eta erakusketa eskaintzen ditu. Horrekin batera, Europa osoko editoreek euren argitalpenak eta nobedadeak erakusten dituzte bertan. Urtero 100.000tik gora bisitari eta 250 egile baino gehiago elkartzen dira jaialdian, eta aurten Begoña Durruty eta Marko Armpach marrazkilariak egongo dira horien artean

Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin eta EUNIC-ekin (European Union National Institutes for Culture) lankidetzan antolatu da parte hartzea; Etxepare Euskal Institutua 2015. urtetik da sare horretako kide elkartu.
Nazioarteko pabilioian, EUNIC-en standaren baitan egongo dira kokatuta euskal komikiak, sare horretako kide diren beste hainbat herrialdetako (Estonia, Txekiar Errepublika, Hungaria, Luxenburgo, Letonia, Polonia, Portugal, Errumania eta Turkia) argitalpenekin batera. Bertaratzen direnek Euskal Herrian euskaraz zein gaztelaniaz ekoiztutako lanak aurkituko dituzte.
Aurten Begoña Durruty eta Marko Armpach marrazkilariak izango dira Bruselara joango diren euskal sortzaileak. Irailaren 15ean Armpach-ek norberaren herrialdean komikigintzak duen egoeraz eztabaidatzeko mahainguruan hartuko du parte Luxenburgo, Portugal eta Turkiako egileekin batera. Irailaren 16an berriz Durrutyk haurrei zuzendutako sorkuntza tailerra emango du. Parte hartzen duten herrialdeetako komikien aniztasuna erakutsiko duen erakusketa bat ere antolatu da. Era berean, sektoreko editoreek, profesionalek eta publikoak orokorrean euskal komikigintza hobeto ezagutzeko aukera izango dute hainbat argitaletxek argitaratutako lanak eskuragai egongo baitira.
Etxepare Euskal Institutua EUNIC Bruselako kide elkartu denetik kultura aniztasuna sustatzeko lanean aritu da Euskadiko Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin batera, eta nazioarteko zenbait proiektutan hartu du parte, hala nola, Bruselako komiki jaialdian eta irailaren 26an hasi eta Juanjo Olasagarre gonbidatu gisa izango duen Transpoesie poesia jaialdian.