Euskaraldia: hamaika jarduera nazioartean
2018/11/20
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskara eta Euskaraldiaren oihartzuna Europa eta Ameriketako hamaika txokotara iritsiko da Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko irakurletza sarearen bidez antolatutako kultur programa eta jardueren bidez. Horrela, Institutuak munduan zehar sare akademiko horren bidez euskara ikasten ari diren 1.500dik gora ikasleen artean ere zabalduko du ariketa kolektibo hau, beti ere tokian tokiko egoerara egokituz, euskararen erabilera indartzeko eta ikasgeletatik haratago eramateko.
Euskara eta Euskaraldiaren oihartzuna Europa eta Ameriketako hamaika txokotara iritsiko da Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko irakurletza sarearen bidez antolatutako kultur programa eta jardueren bidez. Horrela, Institutuak munduan zehar sare akademiko horren bidez euskara ikasten ari diren 1.500dik gora ikasleen artean ere zabalduko du ariketa kolektibo hau, beti ere tokian tokiko egoerara egokituz, euskararen erabilera indartzeko eta ikasgeletatik haratago eramateko.
Ekimena atzerrian sustatzeko hainbat hamaikako bultzatu ditu Institutuak azken hilabeteetan eta enbaxadore hauen lanaren emaitza azaroaren 23tik aurrera ikusiko da, dozenaka ekintza antolatu baitituzte nork bere eremuan euskararen erabilera sustatu eta euskara ikasleak aktibatzeko.
Berlinen (Alemania) esaterako, euskarazko oinarrizko ikastaroa antolatu dute Freie Unibertsitatean eta “Euskara eta generoaren arteko bidegurutzea” hitzaldia emango du Amaia Orbe Etxepare Euskal Institutuko irakurleak. Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperatan berriz hiriko aberastasun linguistikoa ospatzeko hizkuntza komunitate ezberdinen arteko topagunea egingo dute, euskaran eta kurdueran arreta berezia jarrita. Hiztun horiek Berlinen bizi dituzten errealitateak, erronkak eta ametsak partekatzeko (egoera orokorra, hizkuntza transmisioa, alfabetizazio, etab.) mahaingurua antolatu dute eta, horrekin batera, Joxean Artze eta Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abestiaren kurduerazko bertsioa aurkeztuko dute Ciwan Tengezarren musikagilearen kontzertuan.
Frankfurteko Unibertsitatean (Alemania) berriz Mikel Peruarena idazlearen Su zelaiak eleberriaren irakurketa saioa egingo dute, euskaraz eta alemanez, eta Lehen Mundu Gerrako presoen euskal kanten grabazioak entzungo dituzte azaroaren 29an. Alemanian jarraituz, Leipzigeko Unibertsitatean, Ingo Niebel adituak 1928an estreinatu zen Die Baskische Venus operari buruzko hitzaldia emango du. Horren ostean mintzodromoa egingo dute Leipzigeko Unibertsitateko ikasle eta ikasle ohiekin.
Brnon (Txekiar Errepublika) hainbat ekintza antolatu dituzte Masaryk Unibertsitatean eta hirian bertan Euskal Herriaren eta euskararen errealitatearen berri ikasgeletatik haratago emateko. Hala, ostiralean, azaroak 23, Handia pelikula ikusi ahal izango da unibertsitateko zine aretoan; hurrengo asteartean Ugarte Anaiak txalapartariek hitzaldi-erakustaldia egingo dute; asteazkenean euskal poesia garaikideari buruzko hitzaldia antolatu dute Ainara Mayaren eskutik, eta ostegunean Hedoi Etxarte idazleak hitzaldi bat emango du euskal literaturaren inguruan. Amaitzeko, ostiralean, azaroak 30, mintzodromo bat egingo dute unibertsitateko euskara ikasle eta ikasle ohiekin. Euskara ikasleek prestatutako erakusketa bat ere antolatu dute Euskal Herriko pertsonaia, paisaia eta aipamenekin.
Poznaneko Unibertsitatean (Polonia), besteak beste, euskara eta hizkuntza gutxituen sustapenari buruzko bideokonferentzia egingo dute Ibon Manterola UPV/EHUko irakaslearekin, baita bideokonferentzia bidezko ipuin kontaketa saioa ere, Amaia Elizagoin ipuin kontalariarekin. Azaroaren 29an izango da dena. Varsoviako Unibertsitatean (Polonian) berriz, Asier Serrano idazle eta EH Sukarra taldeko gidari izandakoak hitzaldia eta kontzertua emango ditu “Erritmo bat markatzen” kongresuaren baitan, azaroaren 22an. Horrekin batera, Varsovia eta Poznango unibertsitateetako euskara ikasleen arteko Skype bilera eta euskal kondaira eta ipuinen irakurketa antzeztua egingo dituzte, besteak beste.
Pauera (Frantzia), UPPA unibertsitatera, ere iritsiko da Euskaraldia. Mintzodromoak, beste hiri batzuetako euskara ikasle-taldeekin eta irakasleekin Skype saioak bezalako jarduerak antolatu dituzte datozen egunetarako.
Edinburgoko Unibertsitatean (Eskozia), Alejandro Pulido historialariak “Basque history, music and language in the XXth century” (Euskal historia, musika eta hizkuntza XX. Mendean) izeneko hitzaldi irekia emango du.
Bologna eta Veneziako (Italia) unibertsitateetan mintzodromoak antolatu dituzte euskara ikasleekin. Azaroaren 27 Bolognan eta 29an Venezian. Eta abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Bolognako San Franceso plazan.
Ameriketan ere izango du oihartzuna Euskaraldiak. Boise State Unibertsitatean (AEB) hainbat jarduera antolatu dituzte datozen egunetan. Azaroaren 30ean, euskal kultura eta euskara klaseak hartzen dituzten ikasleen eta bertan diren euskal ikasleen arteko zubi linguistiko-kulturala sortzeko asmoz Handia filmaren emanaldia antolatu dute. Abenduaren 3an berriz, “Food and Culture: The Basque Case” ikastoroko ikasleek, urtean zehar euskal gastronomia eta kulturaren arteko loturak aztertu ostean, praktikan jarriko dituzte ikasitako hitz eta esaldiak hiriko pintxo jatetxe batean.
Halaber, Euskaraldia unibertsitateko ikasle-komunitate osora ireki, euskarari ikusgarritasuna eman eta euskara eta euskal kulturarekiko atxikimendua euskara klaseetatik haratago ere lortzeko, hizkuntza ezberdinak ikasten dituzten ikasleek euskarazko hitz eta esaldiak nola ahoskatzen diren ikasiko dute. Hitz eta esaldi horien grabaketarekin bideo bat sortuko dute. Amaitzeko, Boise State Unibertsitateko irratian Euskaraldiaren berri emango dute.
La Platan (Argentina) berriz mintzodromoa egingo dute Euskal Etxean euskara ikasle aurreratuentzat eta mahai jokuak antolatu dituzte euskara ikasle hasiberrientzat. Horrekin batera, hirian zehar jendeari Argentinako toponimia eta euskararekin harremana duten galderak egin eta bideoa grabatuko dute. Amaitzeko, abenduaren 3an, Magdalena Mignaburu historialari argentinarrak hitzaldia emango du herrialde hartan euskarak duen presentziaren inguruan. Zutarriak taldearen emanaldia eta euskal kantuak ere izango dira Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko.
Mexiko Hirian (Mexiko), UNAM unibertsitatean, Facebook-en lehiaketa bat antolatzeaz gain, ostegunean, azaroak 22, euskal ginkana eta kantaldia antolatu dituzte. Hilaren 23an berriz Juan Kruz Igerabierekin literatura-topaketa egingo dute. Bestalde, Habanan (Kuba), abenduaren 2an, euskara ikasleek prestatutako musika emanaldiak izango dituzte hiriko taberna ezagun batean bertako musikarien aktuazioekin batera.
Santiagon (Txile) "Hizkuntza eta Kulturen bigarren topaketa" egingo dute azaroaren 21ean Txileko Unibertsitate Katolikoan, euskara, italiera, portugesa eta kitxuera irakurletzek antolatuta.
Bartzelonan, abenduaren 13an, Universitat de Barcelona eta Universitat Autònoma de Barcelona unibertsitateetan, Euskaraldia-Euskal Zinema Saioa antolatu dute. Kimuak-eko zapzi film labur proiektatuko dituzte.
UPV/EHUrekin elkarlanean
Bestalde, Etxepare Euskal Institutuak eta UPV/EHUko Euskaldun Berriak Elkarteak“EUSKARALDIA: UPV/EHUko eta munduko euskaldun berriak 11 egunez euskaraz WhatsAppez” ekimena jarri dute abian. Munduko zenbait unibertsitatetako eta Euskal Herriko euskaldun berriek elkar ezagutu dezaten eta Euskaraldian zehar sare sozialen bidez modu errazean mintza-bikoteetan eguneroko esaldi eta komunikazio laburrak euskaraz egin ditzaten du helburu ekimenak.
Amaitzeko, Etxepare Euskal Institutuko lankideek ere hartuko dute parte Euskaraldian. 11 egun horietan, eguneroko lanean, Ahobizi izango dira. Jendaurreko arretan, hornitzaileekin harremanetan, beste eragile batzuekin egiten diren proiektu-bileretan eta eguneroko laneko esparru guztietan Ahobizi rola hartuko dute.
Euskaraldia, 11 egun euskaraz
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da abian Euskaraldia Euskal Herri osoko ehunka udalerritan. Ekimen honen helburua da hizkuntza ohituretan eragitea euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa bultzatzeko. Funtsean, Euskaraldiaren xedea da 11 egunez euskara era aktiboagoan erabiltzea ariketa horrek 12. egunetik aurrera eragina izan dezan. Proiektuaren oinarrian azken urteotan hainbat herritan izandako aktibazio esperientzia arrakastatsuak daude.
Izena ematerakoan bi rolen artean aukeratu behar da; ahobizi ala belarriprest. Ahobizi izatea erabakitzen dutenek, 11 egun horietan euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz egingo diete. Era berean, ezezagunei, lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diete eta ulertzeko gaitasuna dutenekin euskaraz jarraituko dute.
Belarriprest izatea erabakitzen dutenek, 11 egun horietan euskaraz dakitenei beraiekin euskaraz egitea eskatuko diete, nahiz eta hauek erdaraz erantzun. Belarriprest izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.
Izena ematea zabalik azaroaren 23ra arte
Azaroaren 23 bitarte, Euskaraldian parte hartu nahi duten guztiek izena eman ahal izango dute www.euskaraldia.eus webgunean. Bertan, izen-emate formularioa dago; parte hartzeko belarriprest eta ahobizi rolen artean erabaki beharko dute. Horretarako webgunean bertan topatuko dute erabakia hartzen lagungarria izango zaien informazioa.