Fanzineen auto-ekoizpena Euskal Herritik Poloniara, AIR Wro programaren bitartez
Euskara. Kultura. Mundura.
Ekaina eta uztaila bitartean, Eneka Fernandez arte-ikerlariak eta Raisa Alava artistak egonaldia egin dute Wroclaw hirian, AIR Wro (Artists In Residence Wroclaw) egonaldi-programaren baitan. Programa honek, urtero gai ezberdin bat jorratuz, Poloniako hirian egonaldiak egiteko aukera eskaintzen die Europako herrialde ezberdinetako artista edota ikerlariei; eta aurtengo gaia auto-ekoizpena izan da. Biekin elkartu gara egonaldiaren balorazioa egiteko.
Auto-ekoizpena oinarri duten proiektu ezberdinak eraman dituzte Fernandez eta Alavak Wroclawra. Fernandezena, sei asteko iraupena izan duena, ikerketan oinarritu da batik bat. “Wroclaw hiriko auto-edizio eszenaren mapaketa bat egin dut: inplikatutako agente desberdinak identifikatu, zerrendatu eta argitalpen bat sortu”, diosku. Ikerketa horren emaitza ere erakusteko aukera izan zuen: “Argitalpena, auto-edizioaren inguruko topaketa batean aurkeztu genuen, nire bilduma osatzen duten zenbait argitalpen ere erakutsi nituelarik”. Alavak, bestalde, bi eguneko tailer bat prestatu eta eskaini du Poloniako hirian, hiru asteko egonaldi baten barruan. “Tailerraren helburua zen partehartzaile bakoitzak fanzine bat egitea, eta beste bat denon artean”, azaldu digu Alavak.
Bi proiektuen prestaketa-aldia eta modua ezberdinak izan dira. Enekak dioenez, “bilera ugari izan genituen lehen egunetik. Aldez aurretik osatu genuen zerrenda bat jarraituz, egunero-egunero autore, proiektu eta espazio desberdinak ezagutu genituen”. Ikerketa-garai horren ostean, argitalpena sortzeko txanda iritsi zen: “Argi genuen ikerketa horren emaitza argitalpen batean aurkeztu nahi genuela eta, bereziki, lekuko inprimategi batekin lan egin. Egonaldiaren erdia erabili genuen kontaktu horiek identifikatzen, eta beste erdia proiektua gauzatuko zuen argitalpena sortzen”. Raisak, ordea, proiektuaren edukirik handiena prestatua zekarren jada, hemen egindako beste hainbat tailerretatik: “Tailerraren ariketak prestatzeko, komikiak egiteko ariketetan oinarritu nintzen. Komikiek gidoia, marrazkia eta edozein motatako narratiba lantzen dute; beraz, partehartzaileek askatasunez erabaki zezaketen zer landu: bat marrazkian eroso sentitzen bazen marraztu zezakeen, beste bat bakarrik idazten moldatzen bazen idatz zezakeen, etab. Helburua batez ere zen praktikari beldurra kentzea eta erakustea edonor gai dela argitalpen bat egiteko”.
Fernandezek eta Alavak bat egiten dute proiektuaren harrera nolakoa izan zen erantzutean: “Oso positiboa izan da”. Fernandezen hitzetan, “bilera guztietan ideia interesgarriak atera ziren”, eta “ikerketak zenbait eragilek euren artean elkar ezagutzeko ere balio izan zuen. Topaketak aldiz, argitalpen ezezagunak deskubritzeko aukera eman zuen”. Alavak, bestalde, zera dio: “Jendeak parte hartzeko gogo handia zuen eta atera ziren proposamenak oso interesgarriak izan ziren. Denon artean egin genuen lan”.
Biek ala biek ere kointziditu egiten dute AIR Wro programaren antolakuntza paregabea izan dela aipatzean. Fernandezen kasuan, “hirian ezagutu genuen jendeak ere bikain artatu gintuen”. Alavak, kulturaren kudeaketaren arlora eraman du bere ikuspegia: “Mugimendu aparta ikusi genuen autogestionatutako gune ezberdinetan (musika arloan, arte arloan…). Kontzientzia handia dute, batez ere, kultura herrira zabaltzerako orduan”.
Euskal Herriko eta Poloniako auto-edizioaren eszenak konparatzerako orduan, Fernandezen ustetan, “Beharbada fase ezberdinetan egon gaitezke (iruditzen zait Wroclaweko eszena gazteagoa dela, argazkigintza munduan behinik-behin), eta agian Euskal Herrian argitalpenekin lan egiten duten diseinatzaile gehiago aurkituko nituzke Wroclawn baino, baina tamalez letterpress edo inprenta tipografiko gutxiago. Hala ere, motibazioa bera da: papera maite dugu eta euskarri horri milaka aukera ikusten dizkiogu, bai Euskal Herrian bai Polonian”. Alavak ere bat egiten du Euskal Herriko panorama anitzagoa dela esatean. “Wroclawen, ez ditugu Euskal Herrian bezain beste fanzine aurkitu, baina esan beharra dago daudenak primerakoak direla, bai eduki bai forma aldetik”, dio.
Hala ere, bi lurraldeek zoritxarrez partekatzen duten gauza bat ere badago: auto-ekoizpenean jarduten duten horientzako, praktika hori ogibide bilakatzeko zailtasuna. “Sorkuntzaren pasioa eta energia eguneroko eginkizunek erretzen dute maiz. Konplikatua izaten da lana hedatzea, banaketa eta bidalketak egitea, fakturak ulertzea, liburu-denda eta azoketara joatea… Ez da posible sortzaile batek denbora gehiago ematea lan hauetan sortze prozesuan baino, ezta?”, kexu da Fernandez.
Egoera hori iraultzeko, beste behin, ez da elkartasuna eta konstantzia bestelako antidotorik. Fernandezek argi du: “Denon artean marko berriak asmatu beharko ditugu auto-edizioak eragiten duen energia ahalik eta denbora gehien mantendu ahal izateko”.