Fête de la BD: Maite Gurrutxaga
Euskara. Kultura. Mundura.
-
10Ira 202020Ira 2020Brusela
Euskal komikigintza berriz ere egongo da ordezkatua aurtengo Fête de la BD – Strip Feest Bruselako jaialdi entzutetsuan, Maite Gurrutxaga euskal ilustratzailearen partehartzearekin. 2010. urtetik egiten den ekimen honen dinamismoa albo batera utzi gabe, online eta aurrez-aurreko jarduerak nahastuko dituen egitarau berezia antolatuko dute aurten, COVID-19a saihesteko osasun-neurriak errespetatu ahal izateko.
Jaialdi honek komikiarekin loturiko hamaika tailer, hitzaldi, aurkezpen, mahai-inguru eta erakusketa eskainiko ditu berriz ere. Urtero 100.000tik gora bisitari eta 250 egile baino gehiago elkartzen dira belgiar hiriburuan; baina aurten, osasun neurriak tarteko, nazioarteko pabilioia bertan behera utzi eta, aurrez-aurreko ekimen eta erakusketetan, soilik artista belgiarrak izango dira. Gainontzeko nazioarteko artista gonbidatuek online bidez eskainiko dituzte euren hitzaldi, tailer edota mahai-inguruak.
Azken urteotako joera jarraituz, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin eta EUNIC-ekin (European Union National Institutes for Culture, edo Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalak) lankidetzan antolatu da euskal kulturaren parte hartzea; Etxepare Euskal Institutua 2015. urtetik baita sare horretako kide. Nazioarteko pabilioia bertan behera geratuta, EUNIC-ek antolatutako ekintza gehienek online formatua izango dute aurten. Hala ere, askotariko ekintzak sustatuko ditu erakunde honek; besteak beste, erakusketa birtuala Bruselako Komikiaren Museoan, kide elkartu diren herrialdeetako ilustratzaileen lanen online bidezko zabalkundea edota Gurrutxagaren presentziarekin kontatuko duen mahai ingurua.
Women in Comics: A European perspective du izena irailaren 10ean egingo den Zoom aplikazioaren bidezko panel edo mahai-inguru birtualak. Fête de la BD-ren egitarau ofizialetik kanpo, aste honetan zehar motorrak berotzen hasteko egingo diren ekintzen artean aurkitzen da honako hau. Etxepare Euskal Institutuaz gain, EUNIC-en kide diren Txekiar Kultur Institutuak, Finlandiako Kultur Institutuak, Camões Institutu Portugaldarrak eta Israelgo enbaxadak hartuko dute parte bertan.
Emakumeek Europan komikia nola lantzen duten eztabaidatuko da jarduera horretan, batik bat; euren ahotsa nola entzunarazten duten europar merkatuan, zeintzuk diren gainditu behar dituzten erronkak eta hartu ohi dituzten rolak, eta zer den trukean jasotzen dutena. Gurrutxagaz gain, Kaisa Leka artista finlandiarrak eta Stepanka Jislova artista txekiarrak hartuko dute hitza bertan. Mahai inguruaren moderatzaile lanetan, halaber, Maryse Dubuc komikigile quebectarra egongo da. Dubuc bereziki aukeratua izan da ekimen honetarako; komikigintza europarrean eta, bereziki, belgiarrean aditua izateaz gain, 2021era begira antolatuko den Quebec-Pays Basque kultur egitasmoarekin lotura egiteko balio dezakeelako.
Maite Gurrutxagak hamarkada luze darama haur, gazte eta helduentzako ilustrazioan lan egiten. Bere lanak hainbat aintzatespen jaso ditu: adibidez, 2014ko Euskadi Saria Literatura Obraren Ilustrazioan, Habiak komikiarengatik; edota Lazarillo Album Ilustratuaren Saria Alaine Agirrerekin batera, Martin lanarengatik. Bere lanak Bratislavako Ilustrazio Biurtekoan (2014., 2017. eta 2019. urteetan) edota Illustrating Life Beijing jaialdiko erakusketan (2017. eta 2019. urteetan) parte hartzeko aukeratuak izan dira.
Fête de la BDren aurrez-aurreko egitarauak ere egoerara egokitutako jarduera bereziak izango ditu aurten. Horien artean aipatzekoak dira, besteak beste, Immersive experience izeneko museo-ibilbide gidatua edota zitarako bereziki eraiki duten auto-zinema, non komikiaren munduko hainbat emanaldi eskainiko baitituzten.
Etxepare Euskal Institutua EUNIC Bruselako kide elkartu denetik kultura aniztasuna sustatzeko lanean aritu da Euskadiko Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin batera, eta nazioarteko zenbait proiektutan hartu du parte, hala nola, mintzagai dugun Bruselako Fête de la BD komiki jaialdian edota hiri berean irailaren 26an hasiko den Transpoesie poesia jaialdian.