Eneko Bidegain: “Harremanek mantentzen dute diaspora bizirik, eta horretan gakoa da Euskal Herrira bertaratzea”

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-11-10

Nola lortzen du diasporak Euskal Herriari buruzko informazioa? Nolako harremana daukate senideekin? Nola harremantzen dira haiekin? Euskal diasporaren inguruko ikerketa egin du Eneko Bidegainek Amerikako Estatu Batuetako (AEB) University of Nevadan, Renoko Center For Basque Studies egoitzan, Etxepare Euskal Institutuaren Jon Bilbao Katedrari esker. Esperientzia “aberasgarria eta hunkigarria” izan omen da oso. “Balio emozional handiko istorioak” jaso ditu, eta “hamaika lagun interesgarri bezain eskuzabal ezagutzeko aukera” ere izan da Bidegainentzat.

Irailaren 10etik azaroaren 9ra aritu da ‘Euskal Herri kontinentaleko jatorriko diasporako kideek AEBetan eta Euskal Herriari buruz bilatzen eta jarraitzen dituzten informazioak, paperezko gutun eta aldizkarietatik aro digitalera: euskal lurraldetasunaz duen ikuspegia´ izeneko ikerketan lanean. Lan honekin Euskal Herrian jatorria duten eta diasporan bizi diren euskal herritarrek  Euskal Herriari buruzko informazioa nola lortzen duten aztertu du; batez ere, zein medio edo kanal erabiltzen dituzten eta historian zehar zein izan den hauen bilakaera, gutunetatik bideo-deiak egitera.

Marko teorikoa osatu ostean, dokumentuen analisiari heldu dio AEBetako unibertsitatean Bidegainek. Izan ere, Center For Basque Studies-ek dauka euskararekin lotutako materialen munduko bildumarik handienetakoa, gaur egun 55.000 liburuki dituena. Interes berezia zuen gutunetan: “Euskal Herritik bidalitako gutunak irakurri nahi nituen, aztertu horietan aipatzen ziren gaiak, zein hizkuntzatan komunikatzen ziren. Senideen inguruko informazioa nagusitzen da dokumentu horietan, data bereziei lotutakoak maiz. Gabonetan eta urtebetetzeetan hitz egiten zuten, adibidez, eta elkar informatzen zuten senideen osasun-egoerez, herriko albiste esanguratsuenez… Euskal Herriko egoera politikoaz ere bai, batzuetan, nahiz eta denboraren poderioz indarra galdu zuen gai horrek”, azaldu du ikerlariak.

Material askorekin itzuliko omen da Euskal Herrira. “Eguneroko baten forma eman diot ikerketari. Bertan jaso ditut irakurritako gutunetako informazioa eta elkarrizketetan kontatu dizkidaten bizipenak”. Izan ere, AEBetako egonaldia aprobetxatu du bertatik bertara ezagutzeko diasporako lagunen istorioak. Boise, Sacramento edota San Franciscon izan da, besteak beste.

“Ez naiz begirale soila izan, ikusle neutroa, ni ere komunikatuta egon naiz jendearekin. Interesgarria iruditu zait ikusi dudan kontrastea: duela 100 urteko gutun bat irakurri, mugikorrarekin argazki bat atera eta bideo deiz eman norbaiti irudi horren berri. Nire larrutik zeharkatu ditut diasporako lagunen esperientziak nolabait”.

Esan bezala, elkarrizketa horietan arreta berezia jarri dio komunikazio kanalaren bilakaerari. Adinaren arabera aldatzen omen da. “Telefonoa gailendu da azken 40 urteetan. Gazteek, aldiz, sare sozialak, Whatsapp-a eta Youtube plataforma erabiltzen dituzte gehienbat. Ondorioz, gehiago komunikatzen dira orain, errazagoa baita eta merkeagoa. Hala ere, oraindik ere familiako kontuen ingurukoak dira elkarrizketa gehienak”.

Izango da etorkizuneko diasporarik?

Bidegainen ondorio nagusia da, Estatu Batuetako zenbait estatutako lagun ugarirekin hitz egin ondoren, Euskal Herriaren eta diasporaren arteko lotura bermatu nahi bada, lurraldea bera bisitatzea dela eraginkorrena.

Egun, asko dira 3. eta 4. belaunaldiko euskal-migratzaileak AEBetan. “Euskal etxeekin eta euskal kulturarekin lotura daukaten gazteek, euskal dantzak ezagutzen dituzte eta musean aritzen dira, baina euskarekin ez daukate loturarik, adibidez. Ondorioz, etorkizuneko diaspora egongo ez den beldur dira kide historikoenak eta lehen belaunaldikoak”. Sustraietatik askatzeko arriskua sumatzen dute.

Bestalde, Bidegainen susmoa da, elkarrizketak amaitu ostean, “Euskal Herrira bidaiatzen bada eta lagunak egiten badira, kontakturik badago, lotura mantenduko dela. Hizkuntzaren aldetik lotura hori sortzea zailagoa iruditzen zaio, askok ez baitute jaso gurasoengandik eta gutxi direlako ikasteko lana egiteko prest daudenak. Lagun taldeek mantentzen dute harremana, eta hor gakoa dira Facebook eta tankerako sare sozialak”.

Bildutako informazioarekin txostena osatu du Bidegainek, eta hitzaldia ere prestatuko du ikusi eta ikasitakoak kontatzeko. Jasotako materiala “oso ugaria” da, eta Renoko Unibertsitatera bueltatu ahal izatea ere gustatuko litzaioke ikertzaileari.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu