Hizkuntza eta kultura ez hegemonikoak sustatzen dituzten institutuen balioa aldarri Berlinen

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-09-25

Hizkuntzen Europako Egunaren harira, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza Instituto Cervanteseko, Institut Ramon Llulleko eta Consello da Cultura Galegako ordezkariekin elkartu zen atzo Berlinen. Bertan hizkuntza ez hegemonikoetan aritzen diren institutuen “erantzukizun handia” aldarrikatu zuen Larrazak, hizkuntza horiek "ezagutu, onartu, erabili eta balora daitezen, eta eskubide osoko hizkuntzak bilakatu daitezen".

Instituto Cervantesek Alemaniako hiriburuan duen egoitzan zera baieztatu zuen Etxepareko zuzendariak: “balioetan oinarritutako Europa honetan, ezinbestekoa da homogeneotasunetik beharrean, desberdintasunetik elkar ulertzen ikastea”. Izan ere, “ezinezkoa da komunitatea sortzea edo zabaltzea, aniztasuna aintzat hartuta ez bada; eremu guztietan”. “Hiztun gutxiko eta era berean gutxituak diren hizkuntzetako ordezkariok ekarpen handia egin dezakegula uste dut, eleaniztasunaren kudeaketan dugun esperientzia zabalari esker”, gehitu zuen.

Bileraren ostean, Luis Garcia Montero Instituto Cervanteseko zuzendariak Estatu espainiarraren eleaniztasuna defendatu zuen, eta "hainbeste hizkuntza dituen herrialde batean bizitzeak duen aberastasuna ulertzea" beharrezkoa dela esan zuen. Halaber, hizkuntza koofizialek "mundua bizitzeko modu ezberdinak" eskaintzen dituztela esan zuen, "hizkuntza horiek hitz egiten den lurraldearentzako ez ezik, Espainia osoarentzat aberasgarri baitira". "Nahiago nuke, elebidun izateko zortea duten herritarrek, hizkuntza horiek galtzeko zorte txarra eduki ez dezaten", nabarmendu zuen.

Bestalde, Consello da Cultura Galega-ko zuzendari Rosario Álvarezek adierazi zuenez, "hizkuntza eta kultura aniztasuna Europako DNAn dago, milaka urtez hizkuntzak sortu eta kultura propioetan eboluzionatu duten herriak gordetzen dituen lurralde batean bizi baikara".

Erakunde guztiek adierazi zutenez, eleaniztasuna indartzeko lau erakundeen artean estrategiak koordinatzeko nahiak bere horretan jarraitzen du, pasa den maiatzaren 26an Instituto Cervantesen, Institut Ramon Llullen, Consello da Cultura Galega-ren eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lehen lankidetza-akordioan hitzartu zen bezala.

Lau erakundeen arteko bilerek arratsaldean (19: 00etan) jarraitu zuten Comunicación y diversidad. El futuro del multilingüismo en Europa (Komunikazioa eta aniztasuna. Eleaniztasunaren etorkizuna Europan) izeneko mahai-inguruan. Honakoek hartu zuten parte: Luis García Montero, gaztelaniaren ordezkari; Jordi Amat, filologo eta idazlea, katalanaren ordezkari (bideokonferentzia bidez); Juan José Álvarez, Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna, euskararen ordezkari; Ramon Villares, historialaria, galizieraren ordezkari, eta María José Galvez, Liburuaren zuzendari nagusia. Dieter Ingenschay irakasleak bideratu zuen eztabaida, alemaniarren ikuspegia gehituz espainiar estatuko errealitate eleaniztunari.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu