Irene Larrazari elkarrizketa I/II: 2022ko lorpenak, Saison Quebec – Pays Basque eta topaketa profesionalak

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-12-30

Askotarikoa, oparoa eta mamitsua izan da; normaltasunera bueltatu da Etxepare Euskal Institutuaren jarduna aurtengoan. Irene Larraza zuzendariak hala baloratu du 2022a. Pozik dago, beraz, institutuarena den berezko izaera berreskuratu ahal izan delako, euskal kultura nazioartera eraman ahal izan delako, harremanetan sakontzea eta berriak sortzea posible izan delako.

Mugikortasuna, katedra berriak, sariak, kongresuak, euskararen nazioarteko egiaztapen frogak, kultur trukerako programak, topaketa profesionalak… Etxepare Euskal Institutuak 2022an egindako jarduerak errepasatu ditu.

-Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dituen katedren sarera hiru berri gehitu dira 2022an, Alan R. King, Frank Bidart eta Elbira Zipitriaren omenezkoak.

-Bai, eta hirurek jatorri desberdina izan badute ere, emaitza berdina izan dute. Euskal komunitatea eta akademia uztartu dituzte. Galeseko Alan R. King katedrarekin, soziolinguistikaren esparruan genuen hutsunea bete dugu. Frank Bidart katedraren bidez, arlo akademikoaz gain, proiektu artistikoak ere landu ahalko dira California State University Bakersfield-en eta hautatutako aditu edo sortzaileak ikerketarako edo sorkuntzarako hilabeteko egonaldia egingo du bertan, Euskal Ikasketen Institutuan. Elbira Zipitria katedra, bestalde, Quebecen egin dugun lanaren emaitza zuzena da, jarraibidea emango diona azken urteotako proiektu bereziari.

-Urteko mugarri nabarmenetako bat izan da, hain zuzen, Saison Quebec – Pays Basque kultur trukerako programa gauzatu ahal izana Montrealen.

-Proiektuak garbi irudikatzen du Etxepareren jarduna azken urteotan. Saison Québec-Pays Basque egitasmoa 2020an zen gertatzekoa hasiera batean, nahiz eta, azkenean, 2021-2022an burutu den pandemiaren ondorioz. 2021ean hasi ginen gauzatzen, neurri batean online, eta aurten, azkenenik, aurrez aurrekoari ateak zabalduta aritu gara.

Quebec eta Euskadiko kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu-emana sustatu eta bi nazioen arteko lankidetza estutzeko balio izan du, eta finean, guztira, emaitza oso aberasgarriak eman ditu. Diziplina guztietako sortzaileak eraman ditugu, esparru akademikoan ere lorpenak egin ditugu eta begiz jo ditugu jarraipena izango duten proiektu pare bat. Batez ere, proiektuak balio izan du elkar ezagutzeko gehiago eta erakunde bezala hango eragileekin buruz buru aritzeko. Balantzea positiboa da, beraz.

-Aurrez aurreko kontaktura itzultzeak zenbaterainoko eragina izan du horretan?

-Oso garrantzitsua da Etxeparek kudeatzen dituen zerbitzuen artean. Zalantzarik gabe, ezin du beste ezerk aurrez aurrekoa ordeztu, eta beste hainbeste gure sortzaileen lana kanpoan erakusteko orduan. Hortik eutsi genion, baita ere, flandiar eta euskal sortzaileen arteko elkar ezagutzarako topaketa profesionalen antolaketari.

Ezagutza areagotzeko, kultur trukaketak sustatzeko eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuarekin, arte eszenikoen, zinema eta ikus-entzunezkoen, literaturaren, musikaren, artearen eta hizkuntzaren alorreko flandriar eragileak Gasteiz, Donostia eta Bilbon izan dira. Asmoa da 2023an berdina egitea, baina Flandrian.

Bi herrialdeen arteko kultur trukaketak sustatzeko, bi aldeetako sorkuntza eta hedapena bultzatzeko, esperientzia eta ezagutza trukatzeko, eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuarekin antolatu ditugu topaketa profesionalok, eta eredu bera jarraituz, Japonian ere gauza bera egingo dugu datorren urtean.

‘Nor garen’ hori azaltzeko uste dugu beharrezkoa dela kontaktu hori, pertsonalagoa eta  gertukoagoa dena, komunikazioa benetakoa izan dadin.

-Topaketa profesionalen eredu horrek, beraz, jarraituko du.

-Bai. Harremanak sektoreekin batera lantzea iruditzen zaigu dela bidea. Eta sektore gisa ulertzen ditugu euskal sortzaileak eta eragileak. Esan behar da, baita ere, guk ez dugula lan egiten merkatuen foroan, baizik eta harremanen foroan. Gure lana ezagutzera ematea da. Eta gero, profesionalek egingo dute euren alorretan haien lana.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu