Irene Larrazari elkarrizketa II/II: beste kultur institutuekin elkarlana, nazioartekoa erakartzea eta diasporaren erronkak

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-12-30

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak 2022aren balantzea egin du. Elkarrizketaren lehen erdialdean jorratu ditu, besteak beste, Saison Quebec – Pays Basque kultur trukerako programaren gauzatzea, unibertsitate katedra berriak eta 2022an egindako topaketa profesionalak.

Bigarren zati honetan, Estatuko gainerako institutuekin lankidetza, nazioartekoa Euskal Herrira erakartzeko gaitasuna eta diasporaren erronkak ditu hizpide, pandemiak izan dituen eraginez gain.

-Aurrez aurrekora bueltatu ahal izateak eragina izan du mugikortasuneko dirulaguntzetan?

-Uste dut ausartak izan ginela pandemia garaian erabaki genuenean ahalik eta modu automatikoenean kudeatzea dirulaguntzak, balorazio batzorderik gabe. 2021ean eskaera gutxiago egongo zela pentsatuta hartu genuen erabaki hori. 2022an erabaki genuen mantentzea sistema bera, eta datorren urteari begira findu behar badugu ere, bizkortasun handiena duen bidea dela uste dugu, egokiena dela eta komeni dela horrela aurrera egitea.

Gure aurreikuspenak bete eta gainditu dituzte dirulaguntzen eskatzaileek, erakutsi digute badaukatela gosea kanpoan egoteko, kanpoan lan egiteko. Eta batez ere, ikusi dugu badutela maila hori egiteko. 

-Azken urteotan sortutako egiteko-modu eta ekimenak ari dira egonkortzen.

-Bai. Euskal leihoen kasuan, hau da, oso anitzak diren euskal kulturaren zabalkunderako jardueren kasuan, hala gertatu da. Ikusi ditugu leiho batzuk forma egonkorra hartzen, non urtero ikus daitekeen euskal sorkuntzaren uzta berri bat. Aukerak handiak dira, mundua oso zabala da eta gure ahalmena mugatua da. Ondorioz, etengabe ebaluatzen dugu zein ekimen puntualki jorratu eta zein mantendu. Finlandiako Tanperada, Eñe literatura jaialdian parte hartzea eta Colombiako Teatro Mayor antzokian euskal sortzaileen programazioa, adibidez, mantenduko ditugu. New Yorken antolatutako jarduera sorta, bestalde, puntuala izan da.

-Nazioartera bidaiatzen laguntzeaz gain, nazioarteko abagune horiek sortzen ere egiten da lan?

-Kulturgintzako sektoreak oso desberdinak dira, eta horien menpe egiten dugu lan. Batzuetan guk laguntzen ditugu, demagun, adibidez, idazleak, nazioarteko azoketara bidaia dezaten. Beste batzuetan, ordea, gure lana da haientzako espazioa sortzea. Kasu horietan,  hala ere, programatzaileek dute azken hitza. 2023an, gainera, saiatuko gara itzulpengintzari ateak zabaltzen euskal idazleen testu-laginen biltegia sortuz, batez ere orain arte itzuli gabeak direnenak. Izan gaitezen plataforma bat zailtasun gehiago duten idazleei lagunduko diena.

-Intitut Ramon Llull eta Consello da Cultura Galegarekin elkarlana ere martxan da Itzultzaile Berriak programaren bidez.

2022an, Consello da Cultura Galegak, Institut Ramon Llullek eta Etxepare Euskal Institutuak poesia itzultzeko egonaldi batean parte hartu nahi duten itzultzaileentzako egonaldiak sustatu ditugu elkarlanean. Helburua da lanerako, inspiraziorako eta elkartrukerako gunea eskaintzea, eta bi ardatz ditu. Batetik, taldeko lana, egoiliarren arteko trukea lehenesteko xedea duena. Bestetik, bakarka lana, egoiliar bakoitzak bere proiektua garatzeko aukera izan dezan.

-Institutu horiekin elkarlanean aritzea garrantzitsua al da?

-Hizkuntza gutxitu izatearen testuingurua konpartitzen dugun heinean, uste dugu garrantzitsua dela kontaktua izatea. Berriz ere, harremanen mundua aberasteaz ari gara hizketan. Estatu mailan daukagun foroaren elementu interesgarriena da buruz buru aritzea, proiektuak partekatzea. Konbinazioak desberdinak izan daitezke, gu institutu bakarrarekin edo laurok batera. Instituto Cervantes, Intitut Ramon Llull eta Consello da Cultura Galegak gaitasun desberdinak dituzte, baina kontaktu horrek, ikasteko asko balio digu. Inspirazio iturri gara bata bestearekiko, neurrian eta forman desberdinak bagara ere.

-Nazioartekotzeko lanetan, baina kontrako norabidean, hau da, kanpokoak hona erakartzeko ekimenak ere burutu dira.

-ZABAL egitasmoaren bidez, nagusiki. Ekarri egiten ditugu nazioarteko bienaletako komisarioak, gure sortzaileak ezagutu ditzaten eta erakusketa horietan parte hartu dezaten haien irizpide zehatzekin bat egiten badute. Agenda prestatzen diegu, haien beharretara moldatuta. Programa eraginkorra dela ikusi dugu: June Crespo Veneziako Bienalean izan zen eta Consonni argitaletxeak documenta 15-en.

-Euskal ikasketen esparruan, nolakoa da ebaluazioa?

-Egonkortze prozesuan jarraitzen dugu unibertsitateetan. Pandemiaren ondorioz, berrikuntzetan baino, egonkortzean dugu jarrita fokua. Hitzarmenak berritzerakoan zailtasunak izan ditugu eta erronka bat da hori.

Bai azpimarratuko nuke 2022an euskararen egiaztagintza frogak egin direla Argentinan, ez direnak urtero egiten. Baita ere, euskal etxeek egiten duten esfortzua euskararen irakaskuntzan eta Etxepareko taldeak egiten duen lana haien irakasleen trebakuntzan. Hor ere aurrez aurrekoa berreskuratu dugu lan handia eginez.

Euskal etxeek eta diasporako euskara ikasleek asko sufritu dute pandemiaren ondorioz eta gutxitu egin dira biak azken urteetan. Berreskuratze fasean gaude, eta lehengo sendotasunera itzultzeko lanean jarraituko dugu.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu