Argitxu Camusek egingo du Jon Bilbao Katedrako ikerketa egonaldia 2023an

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-05-12

Etxepare Euskal Institutuak eta University of Nevadak (UNR)izendatu dute Jon Bilbao Katedrako hurrengo ikertzailea. Argitxu Camus izan da hautatua 2023ko ekitaldirako Jon Bilbao Visiting Research Fellow katedran ikertzaile eta irakasle gonbidatua izateko, euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta jarduera akademikoak egingo ditu Nevada-Renoko Unibertsitateko Center For Basque Studies-en. 2023ko abuztutik irailera bitartean hilabete bateko egonaldia egingo du University of Nevada, Renon (UNR), AEBetan.

Camusen ikerketaren izenburua ‘Korrespondentzia pribatuaren eta migrazioaren historia: euskal kasua’ da. Ikerketa honekin lotuta, hainbat argitalpen egin ditu, eta jarraipena emango dio University of Nevada, Renon. Gutun korrespondentzia migrazioa eta diaspora ikertzeko elementu nagusi gisa erabiltzen du ikerlariak, zehazki, 19. Mende amaiera eta 20. Mende hasiera bitartean jazotako euskal emigrazioa ikertzeko informazio iturri eta ikerketa gai dira.

Dagoeneko euskal diasporarekin lotutako 200 gutun baino gehiago aurkitu ditu, eta horiek ikertzen jarraitzeaz gain, horiek biltzeko eta zabaltzeko modu berriak landuko ditu ikerketa mailan eta maila akademikoan.

Jon Bilbao Katedra 2014an sortu zen Etxepare Euskal Institutuaren eta University of Nevadaren (UNR) eskutik. Katedraren helburua da euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea eta horretarako lankidetzan jardutea. Erresidentziak Nevada-Renoko Unibertsitateko Center For Basque Studies-en izango du egoitza, hori baita Ameriketako Estatu Batuetako euskal diasporaren gaineko ikasketetako irakaskuntza eta ikerketa erakunde nagusia. Egonaldiari lotuta ikertzaile gonbidatuak ikerketa lanaz gain, zeregin nagusietakoa izango du ikerketa emaitzen zabalkunde lana egitea nazioartean.

Argitxu Camus Etxekopar Euskal ikasketa eta historian doktorea da. Bere lanaren ardatz nagusia euskal emigrazioa izan da. 2004tik 2009ra Renon (AEB) lan egin zuen, Nevadako Unibertsitateko euskal ikasketen ikergunean egin zuen lan. Irakasle lanetan aritu da Sorbonne Nouvelle University-n eta Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat liburu eta artikulu akademiko argitaratu eta konferentzia anitz eman ditu bere ikerketaren inguruan. Gaur egun, Historia irakaslea da Université de Pau et des Pays de l´Adour eta hizkuntza politikan proiektu kudeatzailea da Baionako Euskararen Erakunde Publikoan.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu