Korrontzik jaso du Musika Bulegoaren Etxepare Saria “euskal musika nazioartera eramateagatik”

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-05-20

‘Korrontzi’ igandero-igandero astoa hartu eta baserritik herrira joaten zen Mungiako trikitilari baten ezizena zen. Ez zen eliza barrura sartzen, baina zain egoten zen meza bukatu ostean trikitia jo eta txanpon batzuk irabazteko.  Honela asterako sostengua irabazten zuen. Taldekoei istorio polita iruditu zitzaien eta alegoria egokia musikarien bizitza azaltzeko.

Korrontzi taldeak irabazi du 2021eko Musika Bulegoaren Etxepare Euskal Institutua saria, “euskal musika, kultura eta nortasuna munduan zehar zabaltzeagatik”. Taldea sortu zenetik eta azken urteetan egindako ibilbidean folk musikaren eremuan erreferente bilakatu direlako egin diete aitorpena.

Horren harira, taldearen sortzaile den Agus Barandiaran trikitilariari elkarrizketa egin diogu, taldearen ibilbideari, nortasunari, pandemiak utzitako egoerari, eta musika modernoaren eta tradizionalaren arteko harremanari buruz aritu gara.

 

- Sari hau euskara eta euskal kultura Euskal Herritik kanpo eramatearen erakusgarri da. Zer sentitu zenuen aitortza hau jasotzean?

- Ohore handia da. Sentitzen duzu eskertu dela egindako lana. 2004tik hainbat eta hainbat bira eta hamaika kontzertu izan dira urtero-urtero Euskal Herritik kanpo eskaini ditugunak. Nahiz eta gauza polita izan, batzuetan oso gogorra egiten da. Horregatik sari hau jasotzea errekonozimendua da; jendeak baloratu egindako lana du eta hori gauza pozgarria da. Guretzat plazer izugarria da Euskal Herriko kultura hedatu eta erakutsi ahal izatea kanpoan, eta errekonozimendua jasotzea oso pozgarria da.

- Urteak daramatzazue euskal kultura atzerrian erakusten edo aurkezten (Belgika, AEB, Errumania, Cabo Verde, Irlanda, Brasil, Malyasia…). Rock-a rock da leku guztietan, matizazioekin noski, baina folka erabat aldatzen da herritik herrira. Nolako harrera izan ohi du euskal musika tradizionalak nazioartean?

- Batez ere, trikitia da gure musikaren ardatza, instrumentu nagusia. Alboka, txalaparta edo beste musika tresna tradizional batzuk ere erabili izan ditugu, baina trikitia dugu ardatz. Kanpoan eskusoinua entzuten dutenean dantzarako musika bezala hartzen dituzte gure erritmoak eta doinuak. Brasilen edo Cabo Verden jo dugunean, adibidez, beti dantzan hasi da jendea, jotzeari ekin eta bigarren edo hirugarren abestia iristerako. Mugitu garen herrialde guztiek amankomunean dute trikitia entzutean jendea dantzan hasten dela.

Gu beti ongi etorriak sentitu gara munduan barrena, Malaysian, Estatu Batuetan edota Isla Reunionen. Munduari hainbat buelta eman dizkiogu; gure lana oinarritzen da gehienbat azaltzen nondik gatozen. Askotan gertatzen zaigu jendeari azaldu beharra badagoela herrialde bat ez dena Espainia eta ez Frantzia. Adibide bezala, kamerino bateko atean ‘Spain’ jarrita eta guk azaltzea ba nongoak garen, ez dela Espainia, beste kultura bat dugula, beste hizkuntza bat… Horrelako mila xehetasun daude.

- Azken diskoa, ‘Koplariak’, berrogeialdian grabatu zenuten, edo abiatu behintzat. Nolakoak izaten ari dira berrogeialdia, 2020a eta 2021a sortzaile eta musikagile baten ikuspuntutik?

- Lehenengo momentuak, oso gogorrak, baina guztiontzat bezala. Lehenengo hilabeteak ziurgabetasun handiz bizi izan genituen. Ez genekien zer gertatuko zen, hasieran zirudien hilabete bat edo biko gauza izango zela, eta gure ezjakintasunean pentsatu genuen, udako kontzertuak salbatuko zirela. Bagenituen lotuta hainbat bira Estatu Batuetan, Txekiar Errepublikan, Portugalen, Espainian ere bai… eta ikusten hasi ginen nola apurka-apurka denak gelditzen ziren bertan behera.

Lehenengo kontzertua uztailean eman genuen Valentzian, ziurgabetasun totaleko giroan. Ez genekien zer baimen behar genituen eta bertan zelakoa izango zen emanaldia. Kontzerturik ez zegoenean diskoa bukatzeko aprobetxatu genuen; lehengo grabaketak konfinamenduan egin genituen eta udan bukatu genuen lana. Gero, urte bukaeran, Durangoko Azokarako atera ahal izan genuen. Nahiz eta baldintza onenak ez izan, kulturak aurrera egin behar du. 

- Urteetan zehar hainbat talde, sortzaile eta artistarekin batera aritu zarete lanean, nola eragiten du horrek Korrontziren nortasun eta izaeran?

- Eragin handia du. Gu 2004an hasi ginen jotzen, eta momentu hartan euskal diskoetxeek ez zuten apusturik egin gure alde, hortaz Madrilera jo genuen. Nubenegra izeneko diskoetxearekin jarri ginen kontaktuan, eta diskoa kaleratu ziguten. Madrilera joan behar izatea diskoa kaleratzera guretzat zen etxean ez sentitzea errekonozituta, edo ez baloratzea, akaso, gure lana. Baina, gaurtik ikusita, nik uste momentu hartan guretzako gauzarik onena izan zela. Nubenegrak beste merkatu batean jarri gintuen, beste zirkuito batean. Kontzertu gehienak Euskal Herritik kanpo egiten genituen hasierako urte haietan. Horrek eraman gintuen beste herrialde batzuetako jendea ezagutzera eta lagun asko egitera. Azkenean, taula gainera beraiekin igo eta elkarrengandik ikasten dugu, elkarren jakintzatik edaten.

Gogoratzen naiz 2013 urtean egin genuela proiektu handizalea, ‘Tradition 2.1’  izeneko diskoa. Mundu guztiko musikariak gonbidatu genituen gure eskusoinua hornitzera eta trikitiarekin batera aritzera. Disko hori ordura arte egindako lanaren laburpena izan zen, eta hor ikusten dira inon baino hobeto zelako loturak eta harremanak sortzen diren kulturen artean eta guk zer ikasi dugun urte guzti hauetan.

- Egun Euskal Herrian, mundu guztian bezala, pop, trap eta rock-a dira nagusi. Korrontzik, ordea, musika tradizionalari eusten dio garai berriek eskaintzen dituzten tresnak erabiliz. Zer dela eta egin duzue apustu hori? Nola ikusten duzu modernoaren edo gaur  egungoaren eta tradizioaren uztartzea?

- Korrontziren kasuan naturalki gertatu da. Etxetik jaso dudan zerbait izan da musika tradizionala. Lehenengo, pertsona oso nagusi batekin hasi nintzen trikitia ikasten, Rufino Arrolarekin. Rufino ‘de la vieja escuela’ zen, gaztelaniaz esaten den bezala. Esaterako, tabernan erakusten zuen trikitia jotzen. Leziorik handiena, bere bizitza eta bizimodua nolakoa ziren ikustea izan zen. Nik uste dut hortik gatozela, musika tradizionalarekiko sentitzen dugun maitasun horretatik. Industria nola dagoen ikusita, beharbada ez da apusturik onena, baina betidanik maitatu izan dugun musika da. Kanpoan jotzen dugunean hori nabarmen geratzen da, jendeak ikusi egiten du eta apreziatu egiten du zelako maitasuna dugun gure kulturarekiko.

- Aurreko belaunaldietatik gurera euskal musika tradizionalaren nolabaiteko gainbehera egon omen da, esaten da gaur egun ez dugula lehen bezain beste musika mota hori kontsumitzen. Nola ikusten duzu euskal musika tradizionala etorkizunean?  Folklore hutsa izangoa da ala egunerokotasunean gozatzeko musika izaten jarraituko du?

- Nik uste dut ondo dagoela kanpoko estiloak Euskal Herrira ekartzea, hori beti da gauza positiboa. Tradizioa ez dago lotuta traizioarekin. Nahiz eta gauza berriak egin, DJ bat sartu adibidez, edo kanpoko instrumentu bat, banjoa esaterako, trikitiarekin jotzen jarri, ez da tradizioa maitatzearekin bateraezina. Gauza berriak probatzeak ez du esan nahi nik Rufino Arrolak irakatsitakoari uko egiten diodanik. Transmititutako mantentzea, nolabait zure motxila betetzea tradizio horrekin eta munduari proposamen berriari plazaratu eta erakustea.

Edozein tradizio ez bada egokitzen garai berrietara, usadio horren gainean ez badira gauza berriak probatzen, hiltzeko aukera gehiago duela esango nuke. Azkenean folklorismo baten sartzeko arriskua ere badago, non tradizioak liburu artean gordeta geratuko diren. Argi dagoena da edozein tradizio bere momentuan izan zela berrikuntza, ohitura guztiek izan dute garai bat hasi zirena. Azkenean gizartearen eraginez bilakatzen da instrumentu, kanta edo estilo bat tradizional. Gaur egungo kanta bat abesten bada hemendik berrehun urtera taberna batean, esan nahiko du seguru asko kanta hori tradizionala dela.

Ondarea gauza polita da, ezagutu, mantendu eta maitatu egin behar da. Baina horren gainean gauza berriak ere probatu behar dira, nolabait gure ekarpena egin. Denbora igaro eta bertsio berriak jaiotzen badira, esan nahiko du tradizioa mantendu dela eta bizirik dagoela.

 

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu