Liburua: euskal zinema
Euskara. Kultura. Mundura.

Euskal zinemaren historiara modu ezin sintetikoagoan egindako hurbilketa da honakoa, euskal zinemaren hastapenetatik gaur egun arteko euskal zinemagile nagusienetan oinarritzen dena. Ez du lan honek gaiari buruzko analisi kritiko eta zorrotza izateko xederik, ez eta ikerketa berritzailea izateko asmorik ere. Lan honen helburua abiapuntu bat izatea da; jakingura duen irakurleak, gero, bestelako obra anbiziotsuagoen eta zehatzagoen bidez sakonduko du gaia.
Lehenengo plano luzeegirik izango ez duen travelling modukoa duzue hau: euskal zinemaren hastapenetan hasiko da, eta zinema mutuaren etaparen bukaerara arte, Gerra zibilaren leherketara arte eta ondorengo euskal propaganda zinematografikora arte egindako bideetan abiatuko da. Errepresio frankistak eragindako basamortuan, trantsizioko euskal zinemaren berpizkundean, autonomiaren sasoiarekin bat datorren euskal zinemaren eklosio indartsuan eta laurogeita hamarreko hamarkadan irmo hasitako sortzaileen hastapenetan zehar ibiliko gara, gaur eguneko egoera pluralera iritsi artean. Bidaia bat da honako hau: Telesforo Gilen ´Edurne, modista bilbaína´ (1924) eta azkonatar anaien ´El mayorazgo de Basterreche´ (1928) filmetatik abiatuta, Montxo Armendarizen ´Tasio´ (1984) eta Jon Garaño eta José Mari Goenagaren ´80 egunean´ (2010) filmetara, adibide batzuk aipatzearren.
Historiagilearen ikuspegiaren eta metodologiaren arabera egingo dugu bide guzti hori, eta ez kritikariarenetik. Hortaz, euskal historia garaikidearen eta zinemaren historiaren arteko loturen bila abiatuko gara, ez hainbeste euskal filmei buruzko iritzi pertsonalak emanez.
Egilea: Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendaria
Joxean Fernandez (Donostia, 1973), Euskadiko Filmategiko zuzendaria 2010eko abenduaz geroztik eta Donostia Zinemaldiko zuzendaritza batzordeko kidea 2011ko urtarriletik. Nanteseko Unibertsitateko irakasle titularra da, egun eszedentzian badago ere. Historia Garaikidean eta Zinemaren Historian aditua da. Zaragozako eta Nanteseko unibertsitateetan doktore da tutorekidetzan eginiko ´Cine y Guerra Civil en el País Vasco (1936-2006)´ doktore tesiari esker. Nanteseko Festival du Cinéma Espagnol zinemaldiko zuzendaritza batzordeko kidea da 2001. urteaz geroztik eta han Euskal Leihoa izeneko sailaren bultzatzailea izan zen. 2008an, ´A las puertas de París´ dokumentala zuzendu zuen Marta Hornorekin batera. Artikulu ugari idatzi ditu Euskal Herriko historia garaikideari eta zinemari buruz eta ondorengo liburuen koordinatzailea ere bada: ´Federico Fellini eta Luis Buñuel´ (biak Jesús Angulorekin batera), ´Cine y Guerra Civil en el País Vasco´ (Santiago de Pablorekin batera), ´Conservación audiovisual en la era digital´ (Alfonso del Amorekin batera), ´De Lumière a Kaurismäki. La clase obrera en el cine´ (Carlos F. Herederorekin batera). Gainera, ´Euskal zinema: zinemagileen hiru belaunaldi´ liburuaren editorea da eta baita ´Euskal Zinema - Cine Vasco - Basque Cinema´ liburuaren egilea ere. City University of New Yorkeko (CUNY) Bernardo Atxaga Katedrako irakasle gonbidatua izan da 2012 eta 2017 urteetan. Elías Querejeta Zine Eskola martxan jartzen parte hartu du, eta eskolako Zuzendaritza Akademikoko kide da.