Maitane Ostolaza: “Euskal herrian naturarekiko dugun harremana dekodifikatzea eta perspektiban jartzea da asmoa”

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-07-26

Maitane Ostolaza ikerlaria eta irakaslea da Perpignaneko Unibertsitatean, eta euskal kultura eta natura ingurumen-humanitateen ikuspuntutik ikertzen dihardu azken urteotan. Gaiaren inguruko hitzaldia eskaini zuen Etxepare Euskal Institutuak EHU/UPV-rekin elkarlanean eskainitako Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XIII. ikastaroan.

Bere ikerketak erlijioaren, hezkuntzaren eta modernizazioaren arteko harremanei buruzkoak dira, herri kultura XIX. mendean, Europako nazionalizazio prozesuak eta, azken aldian, ondare eta paisaiari buruzkoak, historia kulturalaren ikuspegitik landuak. Hainbat artikulu eta liburu argitaratu ditu, bai Frantzian, bai Espainian, besteak beste, paisaia eta ondarearen gaiarekin loturikoak.

Ostolazak azken urteetan egin duen ikerketak ahalbidetutako jakintzak zabaltzeko eta atzerrian euskal kultura hainbat diziplinen bitartez transmititzen irakasteko, ‘Natura eta kultura Euskal Herrian: ingurumen-humanitateen ikuspuntua’ hitzaldia eskaini zuen Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XIII. Ikastaroan. Hitzaldi honen bitartez bere helburua euskal historian zehar naturarekiko ekoitzi diren irudiak, errepresentazioak eta balio sinbolikoa ezagutzea ez ezik natura eta ingurumenarekiko sentsibilitatea hezkuntza esparruan suspertzea ere izan da.

Zergatik da garrantzitsua euskal natura eta kultura ingurumen-humanitateen ikuspuntutik ikertzea?

Denok gara jabe gaur egun dagoen klima- krisiaz. Ez soilik ezagutu, pairatu ere egiten dugu. Klima- krisi honen aurrean, azken mendeetan gizarte orok eta gizaki orok naturarekiko izan duen jarrera nolabait aldatu egin behar da, eta aldaketak eman daitezen diziplina guztietatik egin behar da lan jendearengan naturarekiko sentsibilitate berria hedatzen laguntzeko.

Giza Zientzien ikuspegitik ikertzea da hain zuzen ere nire espezialitatea, eta ikuspuntu honetatik begiratuta, iruditzen zait errepresentazio mailan, guk munduarekiko eta naturarekiko ditugun irudikapen horiek aldatzen joan behar direla. Horretarako ezinbestekoa da ezagutzea nola eta noiz sortu ziren. Horregatik iruditzen zait ez dela kasualitatea ingurumenaren ikasketak indarrean egotea unibertsitate orotan, behar bati erantzuten diotelako.

XIX. Mendean industrializazioarekin batera paradoxa bat sortu zen. Izan ere, gizarteak modernitatearen aroan murgildu ahala natura menperatu zuen. Are gehiago, askotan natura baliabide huts bilakatzen da, baina era berean, gizarteko hainbat taldeetan edo eliteetan naturarekiko garrantzia azpimarratu zen. Naturarekiko arreta, sentsibilitatea eta paisaiaren indartzea modernitateak ere ekarri du, industrializazioaren ondorioen eraginez gertatu da; baina era berean industrializazio horrek sortutako jarrerek (jarrera ekonomikoak eta politikoak) deuseztatzea ekarri dute.

Nik uste dut naturak duen menpekotasunari aurre egiteko eta naturarekiko errespetuzkoa eta horizontala den harreman bat garatu ahal izateko modernizazioaren eredua gainditu egin behar dela. Horretarako, bakoitzak bere diziplinatik lan egin behar du kultura errepresentazio horiek aldatzeko eta naturarekiko praktika berriak indarrean jartzeko.

 

Nondik dator ikerketa gai hau ikertzeko jakin-mina?

Gai hau 70. urtetik aurrera hasi ziren ikertzen eta garatzen Estatu Batuetan eta Europako hainbat herrialdeetan. Hasiera batean ez zeuden oso urrun natur zientzien edota ekologia ikasketetatik, baina beranduago gizarte zientziak ere sartu ziren  gai hau ikertzera.

Bereziki, esango nuke, interesa azken 20-25 urteetan biziki piztu dela giza zientzietan eta humanitate bezala ezagutzen ditugun diziplinetan. Nire kasu partikularrean hainbat gai landu izan ditut betiere Euskal Herritik abiatuta: erlijioa, hezkuntza, nortasunaren sortze eta indartzea... Beti interesatu izan zaizkit gai hauek baina bereziki denbora labur batean zuzendari izan nintzen kultura erakunde batekin izandako esperientziari esker jabetu nintzen ondareak zuen garrantziaz. Horrek jakin-mina piztu zidan eta  Pariseko Sorbonne unibertsitatean lanean nengoela katedra bat egin nuen euskal ondareari eta paisaiari lotuta.

 

Nola suspertu daiteke hezkuntzan natura eta ingurumenarekiko sentsibilitatea?

Nik uste dut sentsibilizazioa eta kontzientziazioa dagoeneko badagoela. Ez agian modu monografikoan, baina bai esaterako euskal zinemaren bidez, euskal literaturaren bidez edota bertsolaritzaren bidez. Hau da, ohiko iturriak erabilita zabaltzen da sentsibilizazio hori.  

Nik partikularki irakaskuntzaren bitartez dudan asmoa euskal herrian naturarekiko dugun harremana dekodifikatzea eta perspektiban jartzea da. Euskal kultura eta naturak historikoki izan dituen gorabeherak argi eta garbi azaltzea, erabiliko diren produktu horiek, izan literatura, eleberri bat, bertso bat edota diskurtso politiko bat, hau da, euskal gaiak lantzeko erabiltzen diren iturri arruntak perspektiban jartzeko eta kontziente izateko atzean historia luze bat dutela. Horrek ahalbidetzen digu esentzialismoan ez erortzea eta euskal historia eta bilakaera mundu zabalaren historian txertatzea.

 

Nolakoa izan da zure kasuan euskal kultura ingurumen-humanitateen ikuspuntutik irakastea atzerrian?

Euskal ikasketen baitan, ni Sorbonnen (Paris) egon nintzen lanean Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzari esker. Hor nengoela indarrean jarri genuen euskal ikasketa programa, eta horren baitan, niri euskal kultura eta historia erakustea tokatu zitzaidan. Aurrez aipaturiko euskal kultura zabaltzeko eduki eta produktuekin koaderno modukoak osatzen nituen nire planteamenduekin urtez urte ikasleei banatzeko, eta koaderno horietatik abiatuta hausnarketa egiten genuen eta perspektiban jartzen genuen euskal kultura ondoren mundu zabaleko historia orokorrean txertatzeko. Ikasleak gai hauek ikertzera bultzatzen saiatzen nintzen doktoretza edo tesiari begira.

 

Zer nolako ondorioak ateratzen dituzu Bikaintasuna Euskal Ikasketetan Ikastaroko edizio honetatik?

Lehenik eta behin, iruditu zait partaidetza aktibo bat dagoela eta hori oso positiboa da. Gainera irakurleak euskara eta euskal kultura klaseak emateko beraien formakuntzarako beste diziplinetatik eta beste herrialdeetatik gatozen irakasleekin harreman zuzen hau izatea interesgarria eta aberasgarria iruditzen zait.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu