MIN musika sarietarako bozketa aldia zabalik
Euskara. Kultura. Mundura.
Musika Independentearen MIN Sarien 11. edizioa egingo da aurten, eta bertan lehiatuko diren taldeei bozka emateko aldia hasi da dagoeneko, otsailaren 11ra bitarte. Berriki jakin genuen lehiaketan onartu diren taldeak zeintzuk diren, eta horien artean 23 euskal taldek irabaz dezakete euskarazko albumik onenaren saria.
Musika Independentearen MIN Sarien 11. edizioa egingo da aurten, eta bertan lehiatuko diren taldeei bozka emateko aldia hasi da dagoeneko, otsailaren 11ra bitarte. Berriki jakin genuen lehiaketan onartu diren taldeak zeintzuk diren, eta horien artean 23 euskal taldek irabaz dezakete euskarazko albumik onenaren saria.
Publikoaren bozketa fasea da lehiaketako lehena. Duela 3 urtetik ematen zaio entzulegoari bozka emateko aukera, eta horren bidez 30 aurre-finalista hautatzen dira hautagaitza bakoitzean. Aurre-finalista horien artetik, epaimahai espezializatu batek izendatuko ditu finalistak, eta horietatik, azkenik, hautagaitza bakoitzean irabazle bat egongo da. Irabazleen izenak MIN Sarien 2019. edizioko zeremonian, martxoaren 13an, jakinaraziko dira.
Hautagaitzak asko dira; horien artean, musika-estiloen araberakoa (jazz diskorik onena, flamenko diskorik onena, rock diskorik onena…), edota hizkuntzen araberakoa (euskarazkoa, katalanezkoa, galegozkoa) aurki daitezke, orokorragoak diren beste batzuez gain (diskorik onena, bideoklip onena, abestirik onena…). Ohi bezala, Etxepare Euskal Institutuak Euskarazko Album Onenaren Etxepare Saria babestuko du.
Honakoak dira aurten euskarazko album onenaren lehian arituko diren taldeak: 2 Princeses barbudes, Auritz, Baobabs will destroy your planet, Broken Brothers Brass Band, Desira, Erabatera, Eraso!, Eskean Kristö, Gatibu, Hesian, Huntza, Izaki Gardenak, Korrontzi, Lehiotikan, Liher, Lurpekariak, Madeleine, Markos Untzeta & Esku Hutsik, Nogen, Olatz Salvador, Revolta Permanent, Ruper Ordorika eta Xabi Bandini. Esteka honetan eman daiteke bozka.
MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan eta nazioartean sustatzeko.