Izarok jaso du MIN sarietako Euskarazko Diskorik Onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-04-18

Izarok irabazi du musika independentearen MIN sarietako du Euskarazko Diskorik Onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria. Zaragozako Auditoriumean egin zen bart sari banaketa eta 700 gonbidatu inguru bildu zituen. Etxepare Euskal Institutuaren saria eskuratzeko hautagai finalistetako batzuk ere bertaratu ziren ekitaldira: Bulego, Ezpalak eta Zetak taldeak, hain zuzen.

Epaimahaiak Cerodenero(2023) lanagatik egin dio aitortza artistari. Josu Ximun Belako taldearen kidearen eskutik jaso zuen saria. Izaro Andresen estudioko bosgarren lana da ‘Cerodenero’. Bertan, pop-a, folka, elektronika eta sustraiko musikaren kontrasteek betetako barne bidaia kontatzen du. Diskoa osatzen duten 12 abestiek poesia, metafora eta doinuekin lau etapatan banatutako bidaia emozional, sonoro eta kontzeptuala erakusten dute, igoerak, jaitsierak eta amorruz eta elektronikaz betetako zartadekin. Izarok sari banaketan egindako adierazpenetan Euskal Herrian euskara erabiltzeko eskubidea eta askatasuna aldarrikatu du, sorkuntzan, kulturan eta oro har, bizitzan.

Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria eskuratzeko Akaleia, Esne Beltza, Ibil Bedi, Jai/ egun, Kepa Junkera, Kuttune, Intza, Mugan, Nøgen eta Sara Azurza ere lehiatu dira. Aipatutako artistak publikoaren bozketaren ostean, final erdietara iritsi ziren. Ostean, epaimahaiak artista finalistak aukeratu zituen: Amorante, Bulego, Ezpalak, Zetak eta Izaro. Eta azken hau gailendu da sariketan.

Beste kategoriatan ere lehiatu dira hainbat euskal artista: Belako (Rock Diskorik Onenaren eta Diseinu Grafikorik Onena kategorietan), Ben Yart (Musika Urbanoko Grabaziorik Onenaren kategorian) eta Chica Sobresalto (Musika Ekoizpenik Onenaren kategorian). Izan ere, ugariak dira kategoriak; musika-estiloen araberakoak (jazz diskorik onena, flamenko diskorik onena, rock diskorik onena…), hizkuntzen araberakoak (euskarazkoa, katalanezkoa, galegozkoa) eta orokorragoak diren beste batzuk: diskorik onena, bideoklip onena, abestirik onena…

Laura Yustres (Lala Chus) influencer, aktore eta telebista eta irrati kolaboratzaileak gidatu zuen ekitaldian zuzeneko ugari ikusi eta entzuteko aukera izan zen. Xoel López, Valeria Castro, Sexy Zebras, Lia Kali, Baiuca & Alba Reche, Fillas de Cassandra eta Tacho & Los Manolos izan dira sari banaketan emanaldia eskaini zuten taldeak.

Gaueko protagonista nagusiak Baiuca eta Alba Reche izan ziren. Bikoteak hiru sari jaso zituen elektronika eta galiziar folklorea uztartzen dituen ‘Diamante’ lanarengatik: Urteko Abestiaren Radio 3 saria, Musika- Ekoizpen Onenaren SAE Spain saria eta Grabazio Elektroniko Onenaren Saria. Beste saridun nagusietako batzuk Valeria Castro eta Cala Vento izan ziren. Bakoitzak bina sari irabazi zituzten. Urteko artista izendatu zuten Zahara, eta saria Izarorekin partekatu nahi izan zuen, bere azken lanaren abestietako bati erreferentzia eginez: “Zure etxeko giltzek nire atea irekitzen dute, maite zaitut, miresten zaitut, inspiratzen nauzu". Mario Pacheco Ohorezko Saria´ Gladys Palmeraren sortzailek, Alejandra Fierrok, jaso du.

Argazkiak: Canelita Estudio

MIN Sariak

MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan zein nazioartean sustatzeko.

Unión Fonográfica Independiente (UFI) erakundeak antolatzen dituen MIN sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan eta nazioartean sustatzeko.

Etxepare Euskal Institutua eta MIN sariak

Etxepare Euskal Institutuak 2014. urteaz geroztik babesten du Euskarazko Diskorik Onenaren saria MIN Sarietan, euskaraz egindako musikari estatu mailan ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Aurreko edizioetan sarituetako batzuk izan ziren Delorean (2018), Ruper Ordirika (2019), Zetak (2021), Verde Prato (2022) eta Niña Coyote eta Chico Tornado (2017, 2020, 2023).

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu