MIN sarietako hautagaiei botoa emateko epea zabalik
Euskara. Kultura. Mundura.
Zabaldu dute 15. MIN sarietako hautagaiak bozkatzeko epea. Martxoaren 22ra arte bozkatu ahalko du entzulegoak, eta ondoren jakinaraziko dute zeintzuk diren kategoria bakoitzeko 15 artista edo talde bozkatuenak. Ondoren, adituen epaimahaiak alor bakoitzeko bost finalista hautatuko ditu, eta sari banaketa maiatzaren 17an egingo da, Palma de Mallorcan.
Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria eskuratzeko lehiatuko dira Addar, Anonyme Popular, Arima Soul, Broken Brothers Brass Band, Bulego, Eñaut Elorrieta, Esti Markez, ETS (En Tol Sarmiento), Etxekalte, Ezpalak, Feline, Gari&Maldanbera, Gontzal Mendibil, Goxua´n salsa, Ilargi, Ines Osinaga, Jenus Lester, Kristonak, Lorelei, Merina Gris, MICE, Mikel Telleria, Mikel Urdangarin, Mila Modu, Murgi, Nhil, Niña Coyote eta Chico Tornado, Olaia Inzuarte, Zea Mays eta Zelanda. Hauek, gainera, beste kategoeria ugaritarako ere badira hautagaiak. Etxepare Euskal Institutuak 2013tik eskaintzen du euskarazko diskorik onenaren saria, euskaraz egindako musika eta euskal musikari independenteei ikusgarritasuna eta zabalkundea emateko xedez.
Kategoriak asko dira; horien artean, musika-estiloen araberakoa (jazz diskorik onena, flamenko diskorik onena, rock diskorik onena…), edota hizkuntzen araberakoa (euskarazkoa, katalanezkoa, galegozkoa) aurki daitezke, orokorragoak diren beste batzuez gain (diskorik onena, bideoklip onena, abestirik onena…). Etxepare Euskal Institutuak Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria babestuko du beste behin.
Bozketa prozesuan, entzule bakoitzak kategoria bakoitzeko bost artista bozkatu ahal izango ditu, eta soilik bozka bat eman ahalko du bakoitzean. Publikoak kategoria guztietan du zeresana, hirutan izan ezik: ‘Disko Onena’ epaimahaiak hautatuko duen zuzenean; ‘Diseinu Onena’ diziplinakoan ere adituek egingo dute hautaketa; eta ‘Mario Pacheco Ohorezko saria’ UFI-ko kideek emango dute.
MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan zein nazioartean sustatzeko.