Paul Urkijo: “Pizgarria izan nahiko nuke beste batzuek ere gai hau jorratzeko gogoa izan dezaten”
Euskara. Kultura. Mundura.
Otsailean estreinatu zen zinema aretoetan Paul Urkijoren ‘Irati’ filma. Oraindik, zinema aretoetako ibilbidea ez du amaitu estatu mailan, eta Amazon Prime plataforman ikusgai ere dago. Hil honetan Erein argitaletxean filmaren jatorria den ‘Iratiren zikloa‘ komikia berrargitaratu du. Filmak eragin handia izan du euskal zinemarentzat, euskal proiekzio handiena da gaur egunera arte, eta proiekzio handia izaten ari da estatuko eta nazioarteko areto eta jaialdietan.
Ikuslegoaren artean ere, arrakasta handia izan du. Hainbat jaialdietan publikoaren saria irabazi du filmak eta zinemetan euskarazko film ikusiena bilakatu zen aste gutxitan.
Euskal mitologiako hainbat pertsonaia aurkezten dira ‘Irati’-n: Mari, Aker, Sugaar, Lamiak, Gentilak, Basajaun, Zezengorri, Tartalo… Pertsonaia hauen bitartez, euskal mitologia ezagutzeko aukera ematen digu Urkijok, euskal gizarteak naturarekiko duen harremana eta sinesmen zaharrenak balioan jarriz.
Paul Urkijorekin hitz egin dugu, ‘Irati’ filmaren jatorriaz eta euskal kulturaz eta ikuspegi industrialetik fantasia generoko film bat euskaraz egitearen inguruan, besteak bestea.
Zein da Iratiren kontzeptua eta horren jatorria? Nola eman zenion forma euskal mitologiaren inguruko narrazio honi?
Irati filmaren jatorrizko kontzeptua txikitatik jasotako tradizioan jaio zen, gurasoek mendira joaten ginenean kontatutako istorioak eta horien pertsonaietan interes berezia izan dut txikitatik eta nire kulturaren tradizioa denez, horretan dudan interes bereziak piztu zuen Irati sortzeko kontzeptua. Errementarirekin mitologiaren gaia jorratzen hasi nintzen, eta proiektu horren ostean gogoa nuen gure kulturako ele zahar gehiago berreskuratzeko eta batez ere Mariren figura eta Panteoiaz hitz egiten duen kontakizuna egiteko.
Pelikula egiteko 80ko hamarkadako ‘Iratiren zikloa’ komikian asko inspiratu nintzen. Bertan Eneko eta Iratiren arteko istorioa kontatzen da (jauntxo bat eta pagano baten historia), fantasiazko tonu batean, gaztetxoei bideratuta dagoen ikuspuntua du. Asterix eta Obelix-en komikien tankera antzekoa du, estilo frantsesean. Gogoa nuen euskal mitologian oinarrituta film epiko bat egiteko, publiko helduago batentzat genero hori landu nahi duen. Fantasiazko film epiko bat egin nahi nuen. Komikian oinarrituta, dualismoa jorratzeko nahia nuen pertsonaiekin, historiaren narratibarekin, eta hori denari testuinguru historiko bat eman: Euskal Herriko XIII. Mendea Iruñako Erresuma kokatutako filma, Orreagako guduan…
‘Irati’ antzinako euskarak bustitzen du. Nolakoa izan da pelikularen hizkuntza eta hizkera lantzearen prozesua?
Filma euskaraz egitearen erabakia hasieratik argi nuen zerbait zen, lehenik eta behin, nire hizkuntza delako eta euskaraz bizi nahi dudalako. Eta hori horrela bada, zergatik ez dut horrelako film bat egingo euskaraz? Oso argi nuen. Filmaren kontzeptua eta filma bera osatu duten jasotako elezahar guztiak, abestiak, pertsonaien izenak guztiz errotuta daude euskarara.
Euskarari esker heldu zaizkigu historia eta ondare kultural hau. Barandiaranek jaso zituen historia hauek euskaraz, baserriz baserri, ondoren umeentzako ipuin bilakatu ziren, euskaraz ere bai; eta ni kateko beste kate- maila bat naizela sentitzen dut. Nire ekarpena egiteko aukera izan dut pelikula honen bitartez, eta nola ez, euskaraz egin dut. Euskarari esker jaso dugu ondare guzti hori, eta hori galdu ezin daitekeen zerbait da niretzat.
Antzinako euskara erabiltzeko hautua egin genuen, garaiko euskara erabili nahi genuelako historiari ere fidel izateko. Horregatik erdi aroko euskara berreskuratu nahi izan genuen eta filma euskara horrekin egin nahi izan dugu. Hori lantzeko Gorka Lazkanorekin egin dut lan berriro ere. Lazkanorekin lan egin izan nuen aurretik ‘Errementari’ (Paul Urkijo, 2017)pelikulan Arabako antzinako euskaran lan egiteko. ‘Irati’ egiteko Gorkak filologo askorekin landu du filmaren testua, errespetu handiz egindako lana izanda. Gainera, filma ulerterraza izatea zen helburua, horregatik Gorkak lanketa handia egin du, antzinako hizkuntzaren bustidura landuz, baina publikoak filma ulertzea helburu nagusia izan da.
‘Izena duen guztia bada’ da filmaren leloa eta soinu bandaren pieza nagusia. Zer mezu eman nahi diozu ikuslegoari?
‘Izena duen guztia bada’ euskal mitologian eta hainbat ele zaharretan dagoen mezua da, izendatzen dugun guztia existitzen delako. Uste dut esaldi honek guztiz borobiltzen duela ‘Irati’-ren kontzeptua eta esanahia. Babesa transmititu nahi dut honekin. Alde batetik, euskal mitologiaren babesa, pertsonaien preserbazioa, sinesmenen iraunkortzea… Mundua ulertzeko modu bat da, eta baita ere hori guztia errespetatzeko modua. Horrekin lotuta, naturaren babesa ere transmititu nahi dut. Euskal mitologiaren pertsonaiak eta ele zaharrak naturarekin oso lotuta daude, eta naturarekiko errespetua ere da filmaren dualismoekin transmititu nahi dudan ideia. Zentzu horretan ere, euskara erabili izana kontzeptu honekin lotuko nuke.
Pizgarria izan nahiko nuke beste batzuek ere gai hau jorratzeko gogoa izan dezaten, eta ‘Irati’-ren genero honi ere halako bultzada bat emateko.
Nolakoa izan da ‘Irati’ egitea?
Prozesu zaila izan da, hasteko finantzazioa lortzeari dagokionez. ‘Irati-ren aurrekontua Estatu mailako film ertain baten aurrekontua litzateke, eta horrekin nahi genuen film epikoa egitea konplikatua izan da. Esan dudan bezala, genero zaila da distribuzioari begira eta filma euskaraz egiteak ez digu lana erraztu. Azkenean, behin finantzazioa lortuta, prozesu konplikatua eta luzea izan da, generoak eskatzen dituen ezaugarriengatik, adibidez, Orreagako gudua egiteko. Pelikulan zehar hainbat soluzio artistiko erabili behar izan nituen, nahi nuen emaitza hori lortzeko. Horrez gain asko sostengatu gara naturan, espazio naturaletan eta paisaia politetan, naturak eskaintzen digun hori erabiltzeko eta hori filmean islatzeko nahiarekin.
Nolakoa izaten ari da filmarekin bizitzen ari zaren ibilbidea?
Filmaren ibilbidea oso polita izaten ari da, oso pozik gaude. Egia esateko, espektatiba gutxi nituen, fantasiazko generoa zaila delako, eta ez nuen oso gora begiratu nahi. Ez nekien publikoak nola hartu behar zuen ‘Irati’. Maite dudan zerbaiten inguruan egin dudan filma da, ni ere publiko bezala ikusten dut nire burua eta ikustea gustatuko litzaidakeen zerbait egin dut.
‘Irati’ Sitgesen lehenengo proiekzioa egin genuenean, oso polita izan zen publikoak filma hartu zuen moduan, ez genuen espero, eta gainera publikoaren saria eraman genuen. Donostiako Fastasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astean ere harrera ona izan zuen, eta hor ere publikoaren saria jaso genuen. Malagan, Tenerifen… egon gara eta hor ere publikoaren saria jaso dugu. Euskal Herrian eta estatu mailan oso erantzun ona jasotzen ari da pelikula. Zinea publikoarentzat egiten dut eta harrera hau jaso izanak, asko pozten nau. Publikoaren saria jasotzea da aberasgarriena.
Filmaren banaketa nazioartera zabaltzeko lanean ari zara.
Bai, noski. Filma aretoetan estreinatu eta gero hasi ginen ‘Irati’ atzerriko jaialdietara eramaten. Adibidez, Glasgoweko Fright Fest-en martxoan; Apirilean, Bruselako Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian, Brasileko Fantaspoa jaialdian eta Australiako Fantastic Filmfestivalean; Seattlelko International Film Festivalen maiatzean… Atzerriko jaialdi gehiagotan egoteko lanean ari gara, beraz bai, guztiz egin nahi dugun zerbait da.