São Pauloko Bienaleko komisarioa, euskal arte garaikidearen testuingurua ezagutzera dator
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal artistei aukera berriak eskaini eta nazioarteko testuinguruarekin loturak sortu eta sendotzeko helburuarekin, ZABAL ekimena jarri du martxan Etxepare Euskal Institutuak.
Ekimenaren xedea da nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariei euskal artearen testuingurua erakustea.
Euskal artistei aukera berriak eskaini eta nazioarteko testuinguruarekin loturak sortu eta sendotzeko helburuarekin, ZABAL ekimena jarri du martxan Etxepare Euskal Institutuak.
Ekimenaren xedea da nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariei euskal artearen testuingurua erakustea. Horretarako Euskal Herrira gonbidatu eta tokiko testuingurua ezagutuko dute, betiere haien interes zehatzen arabera, eta aditu-batzorde baten laguntzaz espreski sorturiko bisita eta topaketa agenda batean oinarrituta.
Proiektua aurrera eramateko tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten duen Artingeniumen, Lourdes Fernándezek sortutako arte bulegoa, laguntza izango du Institutuak.
Programa honen lehenengo fasea 2019ko azarotik 2020ko ekainera bitarte burutuko da. Fase honetan, guztira nazioarteko zazpi arte-komisario gonbidatuko ditu ZABAL egitasmoak. Horietatik lehena, São Pauloko Bienaleko komisarioetako bat den Ruth Estévez izango da; nazioarte mailan arte bienal ezagunetako eta garrantzitsuenetako bat da São Paulokoa. Azaroaren 18tik 21ra izango da Estévez gure artean, eta Gasteiz, Donostia eta Bilbo bisitatuko ditu.
Bere egonaldiaren baitan, Ruth Estévezek São Pauloko Bienalari buruzko aurkezpen ireki bat egingo du, sortzaile guztiei eta entzulego orokorrari eskainia. Hitzaldia azaroaren 20an, asteazkena, izango da, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Arte Ederretako Museoan.