Euskal literatura The Riveter aldizkarian
Euskara. Kultura. Mundura.
The Riveter aldizkariak euskal literatura garaikideari atal bat eskaini dio apirilean argitaratutako alean, ‘Basque Spotlight’ izenburupean.
The Riveter Europako literatura jorratzen duen aldizkaria da. Aldizkariaren helburua nazioarteko literatura ezagutaraztea eta aldizkariaren edukiaren irisgarritasuna bermatzea da, Europako gainerako herrialdeetako argitalpen garaikideakk erdigunean jarriz.
Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean, 2023ko apirileko The Riveter aldizkariak, espainiar literatura eta hizkuntza aniztasuna gai nagusitzat hartu duena, euskal literaturari bere lekua egin dio. Etxepare Euskal Institutuan euskara eta euskal kulturaren nazioarteko onespena indartu eta beste hizkuntza eta komunitate batzuekin elkarguneak sortzeko helburua dugu. Nazioarteko hizkuntza eta kultura topaguneetan eta foro eta sare akademikoetan euskararen eta euskararen errealitateari buruzko ezagutzaren zabalkundea bermatzeko lan egiten dugu hainbat ekintza, hitzarmen eta programaren bitartez. Euskal literatura nazioartean zabaltzeko helburuz, Institutuak dirulaguntzak abiarazten ditu urtero itzulpengintzara bideratuta.
Basque Spotlight atalean hainbat euskal idazleen obra eta euskal literaturaren laginen itzulpenak nabarmendu ditu aldizkariak, eta hainbat literatura lanen kritikak argitaratu ditu.
Literaturako bi erreferentziazko autoreek ematen diote hasiera atalari, testu banarekin. Elizabeth Macklin poeta estatubatuarrak euskarekin izandako esperientzia eta hizkuntzarekin duen harremanean oinarrituta euskarazko itzulpenen inguruko testua ekarri du argitalpenera, eta Jon Kortazarrek euskal literaturaren egungo egoeraren inguruko testua ekarri du.
Basque Spotlight atalean, euskaraz idatzitako hainbat euskal liburu garaikideen kritikak argitaratu dira: Katixa Agirreren ‘Mothers don´t’ (‘Amek ez dute’,2019); Karmele Jaioren ‘Mother’s Hands’ (‘Amaren eskuak’ 2006); Kirmen Uriberen ‘Bilbao – New York – Bilbao’ (2008) eta Bernardo Atxagaren ‘Water over stones’ (‘Etxeak eta hilobiak’, 2019).
Gainera, The Rivertek hiru euskal autoreen obrak gomendatzen ditu hauen itzulpenerako. Obra bakoitzaren lagin bat ingelesera itzulita argitaratu dute. Kirmen Uriberen ‘Izurdeen aurreko bizitza’ (2022) eleberria, Katixa Agirreren ‘Hesperia, California’ (2007) ipuina eta Iban Zalduaren ‘Nola izan ginen gauza’ (2021) eleberria gomendatu dituzte.
Atala borobiltzeko, Harkaitz Canoren ‘Zart’ lana nabarmendu dute. ‘Zart’ poema *Zart kolektiboaren ‘Loti (H) errena’ proiektuaren parte izan zen. Bidai musikal-literarioa hau Rafa Ruedarekin eta Maite Larbururekin elkarlanean sortu zuen Canok, Iker Laurobaren musikarekin. Elizabeth Macklinek olerkia ingelesera itzuli du The Riveter aldizkarirako.
The Riverter aldizkaria doan deskargatu daiteke PDF-an.
Aurkezpena London British Library-n
Apirilaren 25ean aldizkaria aurkeztu zen Londoneko British Libraryn. Bertan, Euskal Herriko, Galiziako, Kataluniako eta Espainiar estatuko literatura ordezkatzeko Karmele Jaio, Rosa Montero, Juan Cruz, Xesús Fraga eta Teresa Solana idazleak izan ziren. Jaiok ‘Amaren eskuak’ liburuaren pasarteak irakurri zituen ekitaldian.