Ventana Sur: Basque. Audiovisual.

Euskara. Kultura. Mundura.

Ventana Sur: Basque. Audiovisual.
  • 28
    Aza 2022
    02
    Abe 2022
    Buenos Aires

Aurten ere, euskal zinemaren indarra agerian geratzen ari da etengabe sariak jasotzen dituzten proiektuei zein kritikarien eta ikusleen harreraren bidez. Horren erakusgarri dira 2022an aurkezten ari diren hainbat lan arrakastatsu: ´Cinco lobitos´, ´Irati´, ´Unicorn Wars, Netflixen ´Intimidad´ edo estreinatu berri den ´Tetuan´. Estatuko eta nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan egindako ibilbidean, Annecyko Jaialdian edo Berlinalen sarituak izan dira, besteak beste.

Oraingoan, euskal zinema eta Basque. Audiovisual. (euskal ikus-entzunezkoen sektorearen nazioartekotzearen atzean dagoen marka komertziala, mundu osoko merkatu eta jaialdietan euskal ekoizpen edo enpresak sustatzeko diseinatutakoa), Buenos Airesko Ventana Sur jaialdian izango da, animaziozko zein fikziozko lau proiektu garrantzitsurekin.

Uniko ekoiztetxe bilbotarra izango da, zalantzarik gabe, protagonista nagusietako bat. Batetik, Alberto Vazquezen ´Unicorn Wars´ eramango du bertara. Aurtengo apustu handienetako bat da, eta kritikaren eta publikoaren harrera ona izan du orain arte. Hainbat Goya Sarietarako hautagaia ere bada nazioarteko koprodukzio hau. Hartzen eta adarbakarren arteko antzinako gerra metaforikoa kontatzen du filmak. Gatazka horri heltzen dion aldi berean, bi protagonistak, Azulin eta Gordi anaiak, amaren maitasunagatik borrokatzen dira.

Ivan Miñambres filmaren ekoizleak ‘Unicorn Wars: la epica de producir cine belico animado con ositos y unicornios’ hitzaldia eskainiko du abenduaren 1ean, 17:30etatik 18:30etara, Auditorium 2an. Bertan, Miñambesek film luzearen ekoizpen prozesua azalduko du, nazioarteko koprodukzio handinahi honetan garatutako erronkak eta prozesuak aztertuz.

Garatzen ari diren proiektuak

´El sueño de la Sultana´ ere Buenos Airesera joango da, eta Animation!-en Work in Progress atalean parte hartuko du, beste lau film latinoamerikarrekin batera. Hau ere Unikok egindako nazioarteko koprodukzio bat da. Lana European Work in Progress Cologne erakundearen TorinoFilmLab Audiences Design Award saria jasotakoa da, eta Film Bazaar, the IFFI – International Film Festival India Market jaialdian parte hartzeko hautatutakoa. 1905ean Rokeya Husseinek idatzitako ipuin feminista indiar batean oinarritutakoa, Ines zuzendari gaztearen istorioa kontatzen du, Indian barrena bidaia iniziatiko batean murgilduko dena.

Azkenik, Maria Luquero zuzendariaren ‘Titan Tofu´ proiektuarekin ere bertaratuko da Argentinara Uniko. Animate! by Spanish Screenings lehiaketatik kanpoko atalean parte hartuko du proiektuak. Animaziozko telesail honek Sortzaile Gazteen Proiektu Onenaren saria jaso zuen iaz Weird Market-en.

Gainera, Proyecta saila -Ventana Sur, Marché du Film eta Donostiako Zinemaldiaren elkarlanetik sortutakoa-, Latinoamerika eta Europaren arteko koprodukzioak sustatzeko helburuarekin sortutako ekimen bateratuak, Helena Tabernaren eta Lamia Produccionesen ´Us´ proiektua aukeratu du aurtengo ediziorako. Fikziozko film luze honek joan den irailean Donostian egin zen Europa – Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen. Maitasun handi baten istorioa kontatzen du filmak, amaieratik hasita. Denboran atzera egindako bidaia da, eta bikote-harreman baten argi-ilunak erakusten ditu.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu