15 euskal ekoizpen Nantesko zinemaldian

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-03-07

Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren baitan urtero egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloa Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio zabalenetakoa da. Etxepare Euskal Institutuak babesten duen atal honek urteko euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du.

Guztira, 15 izango dira aurtengo edizioan, martxoaren 8tik 20ra bitarte, ikusi ahal izango diren euskal ekoizpenak: bost film luze, bederatzi labur eta serie bat. Horietatik bost ekoizpen sail lehiakorretan ere egongo dira.

‘Maixabel’ (2021), Icíar Bollaínek zuzendutako euskal ekoizpena, da ikuslegoak gozatu ahal izango duen luzemetraietako bat. Urteko filmetako bat izan da Espainiako Estatuan, eta Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu eta hiru Goya sari jaso eta gero iritsiko da Nantesera. ‘Maixabel’ lana, Maixabel Lasaren bizipenetan dago oinarrituta. 2000. urtean ETAk haren senar Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoa hil zuen. Hamaika urteren ostean, berriz, senarra hil zuten gizonetako batek emakumearekin aurrez aurre hitz egitea eskatuko du. Filma Nantesko jaialdiko fikziozko luzemetraien sailean lehiatuko da. Gainera, martxoaren 19an, solasaldi bat egingo da Icíar Bollaín zuzendaria eta Maixabel Lasaren parte hartzearekin.

Marc Sempere eta Leire Apellanizen ‘Canto cósmico. Niño de Elche’ (2021) dokumental onenaren saria eskuratzeko lehiatuko da. Lan honek Niño de Elche espainiar musikari eztabaidagarriaren esfera intimo eta unibertso poetikoan murgiltzen du publikoa.

Chema García Ibarrak zuzendutako ‘Espíritu sagrado’ (2021) opera prima lehenbiziko film luze onenaren saria eskuratzen saiatuko da. Elementu paranormalak eta misterioa uztartzen dituen pelikula hau harrigarria bezain sailkaezina da.

Igor Legarretan ‘Ilargi guztiak’ (2021) ipuin onirikoak eta Maider Oleagaren ‘Kuartk Valley’-k (2021), lehenbiziko euskal western-ari buruzko dokumentalak, osatzen dituzte Fenêtre Basque-ko film luzeak.

Koldo Almandozek zuzendutako ‘Hondar ahoak’ (2020), lau ataleko mini-seriearen frantziar estreinaldia egingo da Nantesko jaialdian. ‘Sipo phantasma’ (2016), ‘Oreina’ (2018), ‘Quebrantos’ (2020) bezalako filmen zuzendaria ohikoa da Nantesen.

Jaialdiko film labur onena izateko hautagaien artean bi euskal zinegile daude. David Pérez Sañudo, ‘Au pair’ (2021) laburrarekin, eta Mikel Gurrea ‘Heltzear’-ekin (2021). Azken hau Kimuak 2021-en (urteko euskal film labur onenak jasotzen dituen bilduma) aukeratutako film laburra.

Fenêtre Basque-ren baitan, aurreko edizioetan bezala, Kimuak 2021 aukeraketan jasotako gainerako lanak ere ikusi ahal izango dira: ‘Azaletik azalera’ (2021), Mel Arranz; ‘Berak baleki’ (2021), Aitor Gametxo; ‘Inner Outer Space’ (2021), Laida Lertxundi; ‘Resonancias’ (2021), Iñigo Aranburu; ‘Trumoiak’ (2021), Iker Maguregi; ‘Ur azpian lore’ (2021), Aitor Oñederra eta ‘Zerua blu’ (2021), Lur Olaizola.

Azkenik, aipatzekoa da, jaialdiak pasa den urrian zendu zen Luis de Pablo musikagile bilbotarra omenduko duela Gaslin antzokian. Bere musika Victor Ericeren ‘El espíritu de la colmena’, Antonio Eceizaren ‘Las secretas intenciones’ edota Carlos Sauraren filmografian (‘Peppermint frappé, ‘Ana y los lobos’, ‘La prima Angélica’) aurki daiteke.

Euskal zinemaren ordezkaritza zabala

Euskal zinemaren erakusleiho zabal eta heterogeneo honen osagarri gisa, hainbat gonbidatu gerturatuko dira Nantesera egunotan: Koldo Almandoz, Leire Apellániz, Marc Sempere, Chema García Ibarra, Igor Legarreta, Maixabel Lasa eta Icíar Bollaín.

Horrez gain, epaimahaian Michel Gaztambide gidoilaria eta Kristina Zorita EiTBko kazetaria egongo dira.

1990ean sortu zen Festival du Cinéma Espagnol de Nantes jaialdiaren helburua da Espainiako Estatuan egindako zinea Frantzian zabaltzea da eta horretarako emanaldi zinematografikoez gain ekitaldi ezberdinak gauzatzen dituzte jaialdiak irauten duen bitartean: mahainguruak, arte erakusketak, kontzertuak, etab. Urtero 27.000 ikusletik gora biltzen ditu jaialdiak, baita kritikari eta industriako profesionalak ere.

2020eko edizioa osasun egoeragatik bertan behera utzi ostean, eta 2021eko edizio hibridoa eta gero, jaialdia aurrez-aurre egingo da aurten. 31. edizio honetan 60 film ikusi ahalko dira eta 40 gonbidatuk hartuko dute parte. Katorza, Les Cinématographe eta Theatre Graslin antzokian izango dira emanaldiak.

Nantes da euskal zinema gehien ikusi eta baloratu den Europako hirietako bat. Izan ere, Fenêtre Basque atalak 21 urte betetzen ditu aurten eta euskal zinemako izen handiak pasa dira bertatik euren lanak aurkeztu eta publikoarekin solasean aritzeko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu