15 itzulpen Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntzei esker
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal literaturaren zabalkuntza Etxepare Euskal Institutuaren helburuetako bat da. Hori dela eta, euskal literatura-produkzioa gure mugetatik kanpo ere irakurria izan dadin, itzulpenak sustatzea ezinbestekoa da. Helburu hau duten egitasmo zehatzen artean, literatura-lanen itzulpenak egiteko diru-laguntzak eskaintzen ditu Etxeparek, euskaraz idatzitako lanentzat edota Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleentzat.
Euskal literaturaren zabalkuntza Etxepare Euskal Institutuaren helburuetako bat da. Hori dela eta, euskal literatura-produkzioa gure mugetatik kanpo ere irakurria izan dadin, itzulpenak sustatzea ezinbestekoa da. Helburu hau duten egitasmo zehatzen artean, literatura-lanen itzulpenak egiteko diru-laguntzak eskaintzen ditu Etxeparek, euskaraz idatzitako lanentzat edota Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleentzat.
Azken urtean, jasotako 18 eskaeretatik 15 izan dira diru-laguntza hauek jaso dituzten itzultzaileak eta argitaletxeak, guztira 12 literatura-lan itzuli ahal izateko. Euskaratik gaztelaniara itzulitako lanak zazpi izan dira, eta gainerakoak hainbat hizkuntzatara: katalanera, serbierara, danierara, albanierara… Momentuz, lau argitaratu dira, baina urtean zehar guztiek argia ikustea espero da.
Itzuli diren lanen artean, 11 eleberriak dira, eta horietatik 10 jatorriz euskaraz idatzitakoak. Jarraian duzue itzulitako literatura-lanen zerrenda:
Juanjo Olasagarreren Poz aldrebesa (2017). Gaztelaniara, Angel Errok (Dos Bigotes argitaletxea)
Bi gizonezkoren arteko bikote baten gorabeherak eta bizimodua ditu hizpide Olasagarreren eleberriak. Euren arteko bakea lortzeko bidea azaltzen digu, amodioa, lagunartea edota politika jorratzen dituen liburu honek.
Angel Lertxundiren Horma (2017). Gaztelaniara, Jorge Gimenez Bech-ek (Erein argitaletxea). Argitaratua.
Nobela honen narratzailea ere itzultzailea da. Bere bikote harremanean arazoak izaten hasi den garaian bertan, bere helduleku nagusiari ere, amari, memoria huts egiten hasi zaio. Erantzunik gabeko galderetan murgilduta sentituko da semea.
Jon Arretxeren Arrutiren banda (2017). Gaztelaniara, Cristina Fernandezek (Erein argitaletxea). Argitaratua.
Basaurin kokatzen den drama honetan gezurrak eta azpijokoak izango dira nagusi, erraza izan ez den bide batean elkarrekin hezitako protagonisten artean. Hau dena, lapurreta baten ondorio den altxor bat eskuratzearren.
Mikel Antzaren Atzerri (2012). Gaztelaniara, Roberta Gozzik (Txalaparta argitaletxea)
Antzaren barne munduaz eta herritik urrun ihesean dabilenaren baitan sortzen diren galdera eta ezin hegonen inguruko nobela. Literatura ere borrokarako tresna al da?
Danele Sarriugarteren Erraiak (2014). Gaztelaniara, Miren Iriartek (Javier Díazek argitaratua)
Azken bikote harremanaren amaiera mingarria du abiapuntu nobela honek. Hasiera honetatik, emakumearen kontakizun saminduak ordura arte izandako bikote harremanak ditu hizpide, guztion erraiak astintzeko moduko tonuan.
Fernando Morilloren Abbadiren sekretua (2012). Gaztelaniara, Fernando Morillok berak (Gaumin argitaletxea)
Eremu misteriotsu batean gertatzen da istorio hau. Bi lagun desagertu ostean, lurralde liluragarri hura aztertzen dabiltzan bi anai dira protagonistak, euren amona eta lagunen laguntzarekin. Ikerketa sakona egin beharko dute leku hark duen misterioa argitzeko.
Eider Rodriguezen Bihotz handiegia (2017). Katalanera Pau Joan Hernándezek (Edicions del Periscopi argitaletxea) eta gaztelaniara Eider Rodriguezek berak (Literatura Ramdom House argitaletxea)
Euren jardunarekiko eta inguruarekiko zalantzak eta galderak dituzte narratiba honek kontatzen dituen sei istorioetako protagonistek. Bikote harremanak, onartzen ez dituzten nahiak, espektatiba faltsuak… denok ditugun buruhausteei itzuli bat ematen die.
Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (2016). Serbierara Nataša Vujnovićek (Arete Doo argitaletxea) eta grezierara Vassiliki Knitouk (Kastaniotis Editions argitaletxea). Grezieraz argitaratua.
XX. mendeko familia baten kronika nobelatua, lau denbora tartetan banatua. Benetan bizi izan ziren pertsonaiak dira Karmele Urresti eta Txomin Letamendi, gerra osteko garai zailetan erresistentzia eta askatasun egarriz lan gogorra egindakoak.
Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea (2003). Albanierara, Bashkim Shehuk (Aleph Klub argitaletxea)
Josebaren eta Daviden, soinujolearen semearen, lagunarteko bizitza jorratzen du Atxagak. 30. hamarkadatik XX. mende amaierara arte, Gerra Zibila, euskal gatazka edota amodioa ditu hizpide nobela honetan.
Zazpi euskal poetaren antologia. Eslovenierara, Barbara Pregeljek (Sodobnost aldizkaria)
Sodobnost aldizkarian argitaratzeko zazpi euskal poetaren hautaketa: Sarasola, Igerabide, Meabe, Bilbao, Benito, Erro eta Borda. Hitzaurrea Ibon Egañarena da. Eslovenierara itzulitako euskal idazleen bi antologia daude eta oraingo honetan lehen sartu ez ziren autore eta poemak sartu dira.
Iván Repilaren Prólogo para una guerra (2017). Frantsesera, Margot Nguyen Béraudek (Actes Sud argitaletxea). Argitaratua.
Mundu ikuskera kontrajarriak dituzten bi gizonen arteko gatazka. Emilek gizarte aurrerakoia eta gizakion hobekuntza du helburu, eta Mutuak, berriz, ordezkatzen ez duen gizarte batekin hautsi nahi du; Biek emakume berbera maite dute ordea.
Katixa Agirreren Atertu arte itxaron (2015). Bulganierara Maria Pachkovak (PLAMAR argitaletxea) eta danierara Guillermo Camachok (Aurora Boreal argitaletxea)
Uliak bere bikotekidearekin Euskal Herrian zehar udan bidaia bat egitea du helburu. Lasaia izan behar zuen bidea, ordea, gatazkatsua eta gorabeheratsua gertatuko zaie. Euskal Herriko zenbait txoko esanguratsu agertzeaz gain, espero gabeko zenbait itzuli emango ditu kontakizunak.