16 euskal ekoizpen ikusgai izango dira Nantesko zinemaldian

2023/03/22

Euskara. Kultura. Mundura.

Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren baitan urtero egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloa Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio zabalenetarikoa da. Etxepare Euskal Institutuak babesten duen atal honek urteko euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du. Aurtengo edizioan, guztira, 16 izango dira martxoaren 23tik apirilaren 2ra bitarte ikusi ahal izango diren euskal ekoizpenak: hamar film luze, film labur bat eta 2022ko Kimuak bildumako bost lan. Bost ekoizpen, gainera, sail lehiakorretan ere egongo dira. Horrez gain, euskal film batek itxiko du Nanteseko Zinemaldiko 32. edizioa.

Mikel Gurreak zuzendutako ‘Suro’ (2022) euskal ekoizpena Fikziozko Film Onenaren Sailean lehiatuko da, aurtengo Goya Sarietan bi izendapen jaso eta gero. Gurreak ibilbidea egina du aurretik Nantesko jaialdian, 2022ko jaialdiaren 31. edizioan  bere ‘Heltzear’ film laburra Laburmetraien Sailean lehiatu baitzen. Oraingoan, landa eremuan kokatutako drama honekin, artelatz basoen artean bizitza berri bat hastea erabakitzen duen bikote baten maitasuna tentsioan nola jartzen duen ikusiko dute jaialdira bertaratutakoek.

Bestalde, Fikziozko Film Onenaren Sailean eta lehiaketatik kanpo, Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza II: Ainhoa’  (2021) animaziozko filma ikusi ahal izango da.

Maria Elorzaren ‘A los libros y a las mujeres canto’ (2022), aldiz, Dokumental Onenaren Saria eskuratzeko lehiatuko da. Elorzaren lehenengo film luze honek emakumea islatzen du, oraina iraganarekin lotuz eta oso modu arinean gai sakonetan barneratuz.

Alauda Ruiz de Azúak zuzendutako ‘Cinco lobitos’ (2022) opera prima Premiers Film Saria eskuratzen saiatuko da. Zaintzaren inguruko film honetan Amaiaren historia kontatzen da, ama izan berri den emakumearena.

Icíar Bollaínen ‘Maixabel’ (2021) filmak, Fenêtre Basque ataleko partaidetza errepikatuko du aurten ere. Nantesko Zinemaldiko aurreko edizioan Fikziozko Fiilm Onenaren Saria eta Publikoaren Saria irabazi zituen Maixabel Lasaren bizipenetan oinarrituta dagoen filma. Aurten, Compétition Scolaires (Eskola Lehiaketa) sailean lehiatuko da.

Fenêtre Basque-ko film luzeen sorta osatuko dute Ana Diezen ‘A quien cierra los ojos’ (2022) ikuslegoa hezkuntzaz hausnartzeko Mexicora  eramaten duen filmak; Imanol Uriberen ‘Llegaron de noche’ (2022) 80ko hamarkadan kokatuta dagoen askapenaren teologiaren aurkako errepresioaren narrazioak; Jabi Elortegiren ‘El vasco’ (2022) komediak; Iratxe Fresnedaren ‘Tetúan’ (2022) dokumental intimistak; eta Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza’  (2018) animaziozko lanek.

Halaber, jaialdiko film labur onena izateko hautagaien artean Esti Urresolaren ‘Cuerdas’ (2021) lana egongo da. Urresolaren film laburra Kimuak 2022-en (urteko euskal film labur onenak jasotzen dituen bilduma) aukeratutako film laburrak Forqué Sarietan Laburmetrai Onenaren Saria irabazi zuen 2023ko Goya sarietan izendapen bat izan du, besteak beste.

Fenêtre Basque-ren baitan, aurreko edizioetan bezala, Kimuak 2022 aukeraketan jasotako beste lanetako batzuk ere ikusi ahal izango dira: ‘Fe’  (Maider Fernández, 2022), ‘Hemen bizi da maitasuna’ (Ainhoa Olaso eta Enara Garcia, 2022), ‘Hirugarren koadernoa’ (Lur Olaizola, 2022), ‘Irrits’ (Maider Oleaga, 2022) eta ‘Lanbroa’ (Aitzol Saratxaga, 2022).

Gainera, jaialdiaren itxiera ekitaldirako, Aritz Moreno zinemagilearen ‘Ventajas de viajar en tren’ (2019) filma hautatu dute edizioari amaiera emateko.

Liburu aurkezpena

Aipatutako euskal produkzioez gain, ‘Euskal emakume zinemagileak’ liburua aurkeztuko da jaialdiaren programazioaren baitan. María Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko irakasleak koordinatutako eta Euskadiko Filmategiak editatutako lana da. Liburuak hamahiru testu ditu, lau partetan banatuta. Lehen atalak, ‘Ikuspegi globalak’ izenekoa, emakume zinemagileen ekoizpena aztertzen du. Bigarrenean, ‘Generoak, formatuak eta moldaketak da’ izenekoan, dokumentalak, film laburrak, ekoizpen transnazionalak eta literatura lanen egokitzapenak landu dituzte. Hirugarrenak, ‘Ekoizpena, distribuzioa eta harrera’ delakoak, kritiketan, sarean eta emakumeen zinemaldietan sakondu du. Azkenik, laugarren atalean Ana Diez, Helena Taberna eta Yannick Bellon zinemagileen lanaz hausnartzen da.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu