2019 Scotland Goes Basque: zergatik Eskozia?
Euskara. Kultura. Mundura.
Urtarrilean ezagutzera eman genuen bezala, aurten Etxepare Euskal Institutuaren jardunaren jomuga nagusietako bat Eskozia da. Baina zergatik aukeratu da herrialde hori?
Urtarrilean ezagutzera eman genuen bezala, aurten Etxepare Euskal Institutuaren jardunaren jomuga nagusietako bat Eskozia da. Baina zergatik aukeratu da herrialde hori?
Eskozia kultur nortasun indartsu eta aberatsa duen lurraldea da. Euskal Herria eta Eskoziaren arteko anaitasunaren oinarrietako bat da euren identitateari tinko eustearen grina eta horrek apropos egiten du kulturaren, arteen zein hizkuntzaren bidez, eta bi herrialdeetako sortzaileen arteko jarduna baliatuz, harremanak sendotzeko garaian.
Hizkuntzari dagokionez, badu Eskoziak Euskal Herriarekin parekotasunik: biek dituzte jatorrizko hizkuntzak, Eskoziak eskoziera eta eskoziar gaelikoa, hain zuzen, eta harrotasunez mintzatzen dira horietan. Jatorrizko hizkuntza horiek gordetzeaz gain, Eskozia beste hizkuntza ugariren aberria ere bada. Jende ugari joaten da bertara han bizi, lan egin edo ikastera, eta askotarikotasun horrek ezinkonta hala hizkuntzen erabilera ekarri du.
Bestalde, kultur bizitza aberats eta kartsua duen herrialdea da Eskozia eta tradizio handiko nazioarteko jaialdi mordoa hartzen du urtero: Glasgoweko Celtics Connections munduko musiken jaialdia, Iberiar Penintsulako eta Latinoamerikako zinema hizpide dituen Cinema Attic, 1947an abiatu zenetik etenik izan ez duen munduko zinema jaialdi zaharrena den Edinburgh International Film Festival, nazioartean kaleko ikuskizunen jaialdi handiena den Edinburgh Festival Fringe eta abar luze bat. Mundu-mailako erakusleiho diren jaialdi horietan euskal artisten sorkuntzak txertatzeak euskal kultura eta euskara ezagutzera ematea du helburu, Eskozian ez ezik baita nazioartean ere. Gainera, ekimenok euskal sormen industriei bide emango diete horiek atzerriko merkatuekin harremanetan jar daitezen, bertan biltzen baitira nazioarteko banatzaile nahiz programatzaile garrantzitsuetako asko.
#ScotlandGoesBasque proiektuaren beste xedeetako bat da bi herrialdeetako artisten eta kultur ekitaldien artean zubiak eraiki eta euren arteko elkartrukea nahiz elkarrizketak akuilatzea. Bide horri helduta, badira honezkero hainbat eskoziar erakunderekin elkarlanerako ildoak zabaldu dituzten euskal kultur eragileak, hala nola, Durangoko Azoka, Literaktum, Gutun Zuria, Atlantikaldia edo Dantzagunea. Esaterako, elkarlan horren erakusgarri dugu Basque-Scottish Traditional Dance egitasmoa, Scottish Traditions of Dance Trust (STDT) eta Atlantikaldiaren elkarlanetik sortua: Eskozia eta Euskadiren beste antzekotasunetako bat da biek duten dantza tradizional ondare oparoa; aberastasun hori aintzakotzat harturik, euskal talde batek Highlandsetako talde batekin ikuskizun bat sortuko du elkarlanean, bi ondareak partekatu eta bi herrialdeetan aurkezteko.
Eskozia eta Euskal Herriaren arteko harremanak ez dira hizkuntza nahiz kulturara mugatzen: askotarikoak dira egun bi herrialdeek partekatzen dituzten interes eta lan-ildoak, esaterako medikuntzaren edo hezkuntzaren alorrean. Horregatik, Euskadi-Basque Country 2020 Nazioartekotze Estrategiaren baitan toki inportantea betetzen duen eskualdea da Eskozia eta #ScotlandGoesBasque egitasmoa bera estrategia global horren testuinguruan kokatzen da.