2019a zifratan: Arte Plastiko eta Ikusizkoak

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-06-19

Etxepare Euskal Institutuaren helburu behinenetarikoa da euskal sormena eta arte diziplinen nazioartekotzea sustatzea, eta horretan jarduten du urtez urte, hainbat tresna erabiliz. 2019a zifratan artikulu sortak irakurleei diziplina bakoitzean iaz egin genituen ekintzak ikusarazteko espazioa eskaintzen digu. Honakoan, Arte Plastiko eta Ikusizkoen sektorean zentratuko gara.

Institutuak euskal artista plastiko eta ikusizkoen lanen zabalkundea egiten du nazioartean. Arte garaikideko zentroetan eta erreferentziazko ekitaldietan euskal artisten partehartzea sustatzen du bereziki. Halaber, euskal artisten sorkuntza eta zabalkunderako interesgarriak diren hartu-emanak eta egonaldi artistikoak sustatzen ditu. Horrez gain, modalitate ezberdinetako dirulaguntzak eskaintzen ditu urtero artista horiek euren lana atzerriko erakusketa eta azoketan erakuts dezaten.

Nazioarteko ekitaldi esanguratsuetan euskal arte plastiko eta ikusizkoak ikusarazteko Euskal Leihoak antolatu ziren iaz ere. Urtero bezala, bi artista izan ziren hautatuak Poloniako Wroclaw hirian AIR Wro izeneko ikerkuntza artistiko egonaldia egiteko: Raisa Alava eta Eneka Fernandez. Halaber, Artista x Artista egonaldia egin zuen Habanan Tana Garridok; eta Bordeleko Le Rocher de Palmer zentroan Juantxo Rubio eta Ignacio Puertaren argazki erakusketa bat antolatu zuten.

Arte plastiko eta ikusizkoen nazioarteko sustapenean proiektu berri baten hasiera bizi zuen Institutuak 2019an: ZABAL egitasmoa. Honen helburua nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariak Euskal Herrira gonbidatzea da, euskal arte garaikidearen testuingurua ezagutu, euskal artistei aukera berriak eskaini eta hauek nazioarteko testuinguruarekin loturak sortu eta sendotu ditzaten. 2019an lehen bisita jaso zuen ZABAL Proietkuak: Ruth Estévez São Pauloko bienaleko komisarioa.

Gainera, Etxepare Euskal Institutuak bi motatako dirulaguntzak eskaini zituen iaz Arte plastiko eta ikusizkoen sektorean: mugikortasunerako dirulaguntzak eta arte azoketan parte hartzekoak. Lehenek, artista plastiko eta ikusizkoen nazioarteko erakusketa proiektuak babesteko balio izan dute: 43 dirulaguntza eman dira orotara, 60.000 euroko zuzkidurarekin. Bigarrenarekin, euskal arte galeriei nazioarteko azoka profesionaletan standak alokatzeko laguntza eman zaie. 9 galeria izan ziren 2019an onuradun, 41.000 euroko zuzkidurarekin.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu