2019a zifratan: Zinema eta ikus-entzunezkoak

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-06-08

Etxepare Euskal Institutuaren helburu behinenetarikoa da euskal sormena eta arte diziplinen nazioartekotzea sustatzea, eta horretan jarduten du urtez urte, hainbat tresna erabiliz. 2019a zifratan artikulu sortak irakurleei diziplina bakoitzean iaz egin genituen ekintzak ikusarazteko espazioa eskaintzen digu. Honakoan, Zinean eta Ikus-entzunezkoaren sektorean zentratuko gara.

Euskal zineari eta ikus-entzunezkoei ikusgarritasuna emateko helburuarekin, ekoizpen berrienak nazioarteko jaialdi eta programazioetan txertatzeko egiten du lan Etxepare Euskal Institutuak. Halaber, mugikortasunerako dirulaguntzak eskaintzen ditu zuzendariek eta filmen ordezkariek euren lana nazioartean erakuts dezaten; eta industriaren beraren nazioartekotzean ere laguntzen du, sektoreko eragileekin elkarlanean mundu mailako azokarik garrantzitsuenetan parte hartuz, Basque Audiovisual izenarekin. Horrez gain, besteak beste, euskal film laburren Kimuak programa babesten du Institutuak.

2019an 13 euskal leiho antolatu ditu Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko zita garrantzitsuetan, euskal zinegileen lana atzerrian ikus dadin. Sektoreari dagokionez, Basque Audiovisualek zazpi azokatan hartu zuen parte iaz; tartean, Clermont-Ferrandeko Marché du Film Court azokan, Berlinaleko European Film Market-en edota Canneseko zinemaldiaren Marché du Film-en, besteak beste. Horrez gain, Kimuak 2018 programan hautatuak izan ziren zazpi film laburrek munduan zehar bidaiatzen jarraitu zuten 2019an, 107 ekitalditan hain zuzen; eta 2019ko programako zazpi hautatuak mugitzen hasi ziren baita ere, beste 76 leku bisitatuz.

Halaber, Institutuak urtero bidaia-poltsak (bidaia-gastuak ordaintzeko dirulaguntzak) ematen dizkie euskal zinegileei euren lanak nazioarteko ekitaldietan aurkez ditzaten, betiere euskal kulturaren ordezkari gisa. 2019an 18 dirulaguntza banatu zituen, 11.797 euroko zuzkidurarekin. Bidaia poltsen bidez lagundutako lan horiek espainiar estatuan (1), frantziar estatuan (2), gainontzeko europar herrialdeetan (6), Ipar Amerikan (3), Latinoamerikan (4) eta Asian (2) izan ziren.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu