21. KORRIKA: Euskararen aldeko mezua munduan zehar zabaldu da
2019/04/15
Euskara. Kultura. Mundura.
AEK-k eta Etxepare Euskal Institutuak 21. Korrikari babesa emateko sinatu zuten akordioak bere fruituak eman ditu. Euskal Etxe eta unibertsitateetako irakurletzekin elkarlanean, bideo lehiaketa eta munduan zehar Korrikarekin lotuta antolatutako ekitaldiei emandako babesa izan dira, aurtengoan, ekimen nagusiak.
AEK-k eta Etxepare Euskal Institutuak 21. Korrikari babesa emateko sinatu zuten akordioak bere fruituak eman ditu. Euskal Etxe eta unibertsitateetako irakurletzekin elkarlanean, bideo lehiaketa eta munduan zehar Korrikarekin lotuta antolatutako ekitaldiei emandako babesa izan dira, aurtengoan, ekimen nagusiak.
Nazioartean antolatutako Korrikak ez dira gutxi izan. Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin 28 antolatu dira, baina badira beste eragile batzuen bidez antolatu diren zenbait Korrika ere.
Elkartutako askok, Korrika egin eta manifestu bat irakurtzeaz gain, orotariko ekitaldiak antolatu dituzte. Tartean, Mexiko Hirian, hizkuntza gutxituak aldarrikatzeko balio izan zuen festa antolatu zuten, hizkuntza hauetatik sortutako artea ardatz hartuta. Ekitaldi honetan 40-50 lagunek egin zuten Korrika eta 130 bildu ziren herri-bazkarirako; kontuan izan behar da, hiri honetan bi Korrika ezberdin antolatu zirela. Euskal Etxean Izaro Andres abeslariaren zuzeneko kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten, eta jendetza bildu zen bertan ere.
Beste batzuetan, euskal artista gonbidatuek girotu zituzten ekitaldiak. Esne Beltza eta Ezetaerre Madrilen, Gatibu eta Elepunto Parisen, Korosti dantza taldea, Garikoitz Knörr eta DJ Soinu Gorriak Valentzian, Berri Txarrak Amsterdam eta Berlinen, azken honetan Zea Maysekin batera, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia bertsolariak Mallorcan… Bartzelonan eta Madrilen, bestalde, Euskal Etxeko dantza taldeak izan zuten ikuskizuna egiteko ardura.
Korrikak kanpoan dabiltzan euskal ikasleak eta diasporako kideak biltzeko ere balio du; hau da, azken urteotan, Txileko Euskal Etxeen kasua. Aurtengoan ere, Santiago hiriburuan eta Viña del Marren ikasten dabilen gazte ugari elkartu zen bertakoekin Korrika egitera, euskararen aldarriari babesa emateko aitzakian kultura elkar trukatu eta jende berria ezagutzeko aprobetxatuz.
Dena den, ez zaie ekitaldi jendetsuei soilik eman behar balioa, munduko txoko ezberdinetan gutxi elkartzen diren haiek ere besteek adina meritu baitute. Hau da Liverpoolen elkartu zen taldearen kasua. Korrikaren zela eta, inguruetan bizi diren euskaldunek elkar ezagutu zuten, ondoren petoak jantzi, pankarta eta ikurrina eskuetan hartu eta unibertsitateko kanpusean zehar Korrika egiteko, amaierako hamaiketako eta guzti.
Jan-edana izaten omen da euskaldunak biltzeko modurik errazena, eta zenbait antolatzailek izan dute hau kontuan: bazkariak egin dira Shanghain, New Yorken edo Buenos Airesen, baita poteoak Bruselan edo Washingtonen ere.
Etxepare Euskal Institutuaren ekimenaz gain munduan antolatu diren Korrika ugarien artean, entzutetsua izan da Kaledonia Berrian kanakiar hizkuntzen alde lanean ari diren elkarteek grabatu duten aurtengo Korrikako bideokliparen bertsio berria.
Aurtengoan ere Korrikak bere eginkizuna bete du nazioartean. Buenos Aireseko Euskal Etxean irakurritako manifestuak Euskal Diaspora osatzen dutenentzat Korrikak irudikatzen duena aipatzen zuen; besteak beste, Korrikak “euskararekiko emozioak elkartzeko” eta “mundu osora gure hizkuntza eta nortasuna eramateko” balio duela azpimarratu zuten bertakoek.